Iñaki Gurrutxaga
Erronkazaleak dira Ordiziako Emaneurre taldeko kideak. Erronkazaleak, beren buruari berriketa gutxiko lantegia jartzen diotelako, eta erronkazaleak, Euskal Herriko puntako kirolari asko —120 bat inguru— lehian jarri behar dituztelako hilaren 16an Ordizian, Goierriko 7 Orduak kirol ikuskizunaren bigarren aldiaren harira. Kirol diziplina ugarirekin gozatzeko aukera izango da Beti-Alai pilotalekuan, baita haren ingurumarian ere.
Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren 54. aldia Ordiziatik abiatu behar zela eta, ekintza sorta bat antolatu zuten udalak eta herriko hainbat eragilek, Udaberrian Martxan goiburupean. Emaneurrek Goierriko 7 Orduak antolatzea erabaki zuen, garai batean Donostiako belodromoan egiten zen Euskadiko Sei Orduak ekitaldia gogoan. “Orain bi urte, udala etorri zen guregana ekintzaren bat antolatzeko eskatuz; aurten, alderantziz izan da. Aurreneko ekitaldiaren balorazio oso ona egin genuen, eta, udala laguntzeko prest azaldu denez, aurrera egitea erabaki dugu”, azaldu du Egoitz Iztueta Emaneurreko kideak.
Emaneurre orain dela zazpi urte Ordizian sortu zen Realaren lagunarte bat da, eta, horri lotutako ekintzak antolatzeaz gain, hasiera-hasieratik garbi izan dute kirola eta euskal kultura uztartzeko ekitaldiak antolatzea daudela haien helburuen artean. “Honako hau arrakasta izan duen formatu bat da, eta ea aurrerantzean ere hala izaten duen, baina horrek ez du esan nahi bi urtez behin jarraian antolatuko dugunik. Beharbada konturatuko gara gure helburuak betetzeko beste era bateko proba bat antolatu behar dugula”, zehaztu du Gorka Argaiz taldeko kideak.
Eskarmentutik ikasten
Aurtengo kirol ikuskizuna orain bi urtekoa oinarri hartuta antolatu dute. Iztuetak nabarmendu du “aurrekoa hobetzen” saiatu direla. “Orain bi urte, arraunlarien probarako, lauko bi talde ekarri genituen nesketan zein mutiletan, eta aurten, esaterako, lauko lau talde izango dira, Kontxako ohorezko txandan parte hartu zutenak”.
Usurbe mendirako desafioa ere prestatu zuten 2014an, baina ez ziren gustura gelditu, eta ahalegin berezia egin dute aurten, Iztuetak aurreratu duenez: “Murumendira izango da aurtengo igoera, eta Goierriko bederatzi herrik parte hartuko dute lauko taldetan [horietako batek gutxienez neska edo mutila izan beharra dauka], ekintza hori eskualdera zabaltzea baitzen gure nahia. Erantzuna bikaina izan da”.
Bi marka ontzeko saiakera
Atletismoko eta txirrinduko kanporaketa probak, kros-fit saioak, kickboxing borrokaldiak —Euskal Herria Valentziaren aurka—, Amets Bide dantza taldearen saioa, Zesura Euskal Rap taldearen emanaldia Gemma Urteaga beasaindar bertsolariaren kolaborazioarekin, eskalada, motor ikuskizuna… Asko eta asko dira zazpi orduz etenik gabe Ordizian ikusi ahalko diren lehiak. “Zazpi orduan eserita egotea aspergarria suerta liteke, horregatik jartzen ditugu kirol diziplina ezberdinak eta ordutegi zehatzak, jendeak sartu-irtenean ibiltzeko aukera izan dezan. Kirol ikuskizuna oso dinamikoa da, eta ikusleak gertu ikusi eta sentitzen ditu kirolariak”, argitu du Argaizek.
Herri kirolei tarte berezia emango diete aurten. Batetik, Ibarrako sokatira taldearen eta Ordiziako errugbi taldearen arteko desafioa dago, eta, bestetik, herri kiroletan aritzen diren bi emakumezkoren marka ahaleginak. Irati Astondoa zeanuriarrak 45 ontzako sei enbor ebakitzeko erronka du, eta Aitzol Atutxa txapeldunarekin ari da entrenatzen azken asteetan. “Saio ofiziala izango da; dopinaren proba pasa beharko du”, esan du Iztuetak. Idoia Etxeberria oriotarra, berriz, 105 kiloko harria esku bakarrarekin jasotzen ahaleginduko da.
Sarrera doan da, eta frontoi atarian otorduak ere emango dituzte. Eguna borobiltzeko, motor ikuskizun bat izango da gauerdia pasatuta, eta, segidan, dantzaldia Laket taldearekin.
Leave a Reply