Maite Alustiza
Gaua lagunekin pasatu ondoren etxera zihoala hil zuten Noxolo Nogwaza aktibista feminista eta lesbiana. “Basatiki”. Bortxatu, torturatu eta hil arte jo zuten; “antza denez”, haren sexu orientazioagatik. Hil ondoren estolda batean bota zuten gorpua. Ez dakite nork edo nortzuek. Hegoafrikan gertatu zen 2011. urtean, Kwatheman, Johannesburgotik gertu. Nogwazak 24 urte zituen.
Neskatilaren aurpegi lausotua da bisitariak aurkitzen duen lehen irudia Maitatzea ez da delitua. Gure borroka Afrikan erakusketan, Donostiako Udal Liburutegian, Alderdi Ederren. Amnesty International erakundeak antolatu du, eta Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan txertatu dute. Apirilaren 22ra arte egongo da irekita.
Nogwazarenak eta beste 26 argazkik homofobiaren eta transfobiaren aurkako borroka irudikatzen dute, Afrikako bost herrialdetako gizon-emakumeen bitartez: Kenya, Hegoafrika, Kamerun, Zambia eta Uganda. AIk Madrilgo artxiboan zituen hainbat argazkirekin eta Ugandatik jasotako beste zenbaitekin osatu dute erakusketa; irudietako asko Kenyan lanean dabilen Pete Muller argazkilariarenak dira.
“Homofobia globala da, toki guztietan dago, Euskal Herrian ere bai”. Aimar Rubio Amnesty Internationaleko kide eta erakusketako koordinatzailea da. Azaldu duenez, “errealitate gordinak” plazaratu nahi dituzte, baina modu positiboan: “Ideia da borroka hau kalearekin konektatzea, diskurtso homofobo eta transfoboa erakutsi eta gainditzea”. Bidez batez, herritarrak ahaldundu daitezen nahi dute.
Rubiok gogorarazi du oraindik ere hainbat herrialdek homosexualitatea kriminalizatzen dutela, eta legez kanpokoa dela zenbaitetan. Era berean, ordea, egunero eskubideen alde jarduten duten aktibista eta anonimo ugari dago: Nogwazari eskainitako erretratuen alboan daude Jean-Claude Roger Mbede kamerundarrarenak. Biei ala biei omenaldi berezia egin nahi izan die Amnesty Internationalek, “maitatzea delitua ez dela defendatzeagatik” bizia galdu zutelako.
Nogwaza bezala, Mbede ere “ikonoa” izan zen lesbiana, gay, transgenero, bisexual eta intersexualen (LGTBI) giza eskubideen aldeko borrokan. Hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2011n gizon bati, Maite zaitut zioen SMS bat bidaltzeagatik. Baldintzapeko askatasuna lortu zuen 2012ko uztailean, eta handik bost hilabetera 36 hileko zigorra berretsi zioten. Kartzelan sartzea saihesteko, ezkutatuta egon zen, 2014ko urtarrilean hil zen arte.
Gogortasunaren gainetik, irribarreak ikus daitezke argazki askotan. Irudietako batean, homosexualen aurkako legearen ezeztapena ospatzen ari dira, Ugandan, 2014ko abuztuan. Lege horrek, besteak beste, kriminalizatu egiten zuen homosexualitatearen “sustapena”, GIBaren probak nahitaezkotzat jotzen zituen baldintza batzuetan eta bizi guztiko kartzela zigorra aplikatzen zuen sexu bereko pertsona batekin ezkontzeagatik.
Han dabil Christopher Senyonjo gotzaina, LGTBI komunitatearen alde lanean. AIk erakusketan jaso duenez, oso garrantzitsua da “Elizaren erasoa” jasaten duten pertsonei ematen dien laguntza espirituala, Eliza ebanjelikoak herrialde horretan homofobia sustatzen baitu. Pepe Julian Onziema ugandar aktibistaren testigantzak erakusten du herrialdean zerbait aldatu dela: “Askotan jasan ditut erasoak eta jazarpenak Kampalan. Hiriko erdigunea da lekurik beldurgarriena […] Nolanahi ere, joan den hilean bertan paseatzen ibili nintzen, eta, lehen aldiz, ez zitzaidan ezer gertatu”. Argazkiaren izenburuak laburbiltzen du erakusketaren aldarria: “Etorkizuna hobea izango da”.
Euskal Herritik justizia eske
Amnesty Internationalen barruan ari da lanean Euskadiko Aniztasun Afektibo Sexualeko Taldea. Indarra bi kasutan jarria dute: Nogwazarenean eta Turkiako Ahmet Yildiz gaztearenean. Bietan justizia eskatzen dute.
Nogwazaren kasuan, hilero eskutitz bat bidaltzen diete Hegoafrikako agintariei. “Poliziak eta agintariek ez dituzte gorroto krimenak ikertzen. Hori eskatzen diegu, iker dezatela”. Aurki izango da Nogwazaren hilketaren bosgarren urteurrena —apirilaren 24an—, eta horren bueltan, kasuaren inguruan argitaratzen ari den materiala bildu eta Afrikara bidaliko dute, babesa adierazteko. “Hegoafrikan emakumeekin egiten dutena izugarria da; bortizkeria sekulakoa da”.
Yildizen alde ere ari dira. LGTBI komunitatearen aldeko aktibista zen, eta 2008an hil zuten, 26 urte zituela. Besteak beste, AIk salatu du hil aurretik gazteak jarri zuen salaketa ez zutela ikertu —hilketa baino hilabete batzuk lehenago salatu zuen familiako hainbat kidek mehatxu egin ziotela—. Susmagarri nagusia Yildizen aita da, baina ez dute kasua argitzeko neurririk hartu.
Leave a Reply