Leire Narbaiza
Gaztetxoa nintzenean ez zegoen lanik. Gaztea nintzenean ere ez. Orain bezala. Orduan ere, krisi latza bizi izan genuen. Laurogeiko hamarkadaren amaiera, laurogeita hamarrekoaren hasiera zen. Euskal rock erradikala (RRV) bizi-bizirik zegoen. Sex Pistolsen No future gogoz oihukatzen genuen. Artean, Espainia ez zen Europar Batasuneko kide; artean, Europa ez zen “batasun” ere, komunitate ekonomikoa baino ez. Izen hark hobeto adierazten zuen zer zen, behintzat.
Sasoi hartan, eta Europaren promesarekin bat egiteko, Espainiako Gobernuak hainbat enpresa handi ixtea erabaki zuen Bruselaren aginduz edo negoziazioengatik. Birmoldaketa industriala deitu zioten. Desindustrializazio hutsa izan zen. Gure haragitan sufritu genuen, Euskal Herrian; batez ere, leku industrializatuenetan: Ezkerraldea, Debabarrena, Pasaia aldea…
“No disfrutamos en el paro ni disfrutamos trabajando” (Ez dugu langabezian disfrutatzen, ezta lanean ere) abesten zuen La Pollak. Baina zerbait egin behar, eta gu baino zahartxoago ziren hainbatek Londresko bidea hartu zuten, bertan lana zegoelako, eta, bide batez, ingelesa ikastera.
Neskak umeak zaintzera joan ziren, “oper” esaten genien —au pair idatzi behar zela deskubritu genuen geroago—. Eta halaxe ibili zen makina bat emakume euskaldun Ingalaterran. Edo hoteletan oheak egiten, edo pizzerietan… Dena zegoen ondo, lana zelako, denbora betetzen laguntzen zuelako. Miseriak kontatzen zituzten askok, eta etxe okupatuen kontuak ere bai. Arestian esan bezala, 1992ra arte Espainia ez zen izan Europako kide, eta Erresuma Batura joateko pasaportea ere behar zen.
Hara joandako asko beltzean ari ziren, ilegal, paperik gabe, alegia. Deportatutakoren bat ere ezagutu genuen. Batzuek diru laguntza britainiarrak jasotzen zituzten, besteek bertako segurantza sozialeko odontologia zerbitzuak erabilita aho osoa konpondu zuten ia doan. Dena britainiarren lepotik.
Hau guztiau orain 30 urte inguru gertatu zen. Ez da historiaurrea, historia garaikidea baizik. Ni ere Irlandara joateko puntuan izan nintzen karrera amaitutakoan. Billetea erostera joan behar nuen egunean bertan, lan eskaintza bat egin zidaten, eta horregatik ez nintzen abiatu. Auskalo nolakoa izango zatekeen nire bizitza orain, dei hori jaso izan ez banu.
Aurreko artikulu baten aitatu nuen errefuxiatuen begietan gure familia ikusten nuela. Orain laurogei urteko kontuak. Baina orain hogeita hamar urte gure bizilagun asko ibili ziren ilegal Europan, paper gabe, laguntza sozialak kobratzen. Eta ahaztu egin zaigu.
Ahaztu egin zaie oraingo foru aldundiko kideei AGI kendu dutenean. Aberats berri krudelen moduan portatu dira, zorri hil berpiztuak legez. Marine Le Penen moduan, Hedoi Etxartek ederki adierazi zuen eran.
Erakartze efektua aitzakia hartuta, baina xenofobia arrazoi ezkutua izanda, gizarteko ahul eta zaurgarrienak ahulago eta zaurgarriago bihurtuko dituzte. Lotsa eta higuina ematen dit neurriak. Gezurrak esanda eraiki dutelako arau berria, erabaki neoliberal janzki merkez jantzita. Eta jarraituko dugu katiuskak jasotzen, elikagaiak batzen Lesbosko errefuxiatuendako. Bitartean, baina, ahaztu zaizkigu gure artean ditugunak, miseriatik ihesi etorritakoak, inoiz gure tapakiak jasoko ez dituztenak. Izugarria!
Leave a Reply