Maite Alustiza
Globalizazioaz hitz egin du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak aste honetan Aretxabaletan. Haren arabera, gizarte globalari aurre egiteko modu bakarra erantzun lokala ematea da, herri bakoitzaren identitatea lantzea, kulturari garrantzia ematea.
Herriaren izaera herritarrengandik gertu landu nahi du Aretxabaletako Udalak. “Muin” moduan gertutasun hori jarri du Unai Elkoro alkateak: “Gure helburu nagusienetako bat da udala herritarrei hurbiltzea, orain arte baino hurbilago izatea”. Dioenez, parte hartzeaz asko hitz egiten da gaur egun, baina berebiziko garrantzia du: “Gurearen tamainako herrietan hurbiltasuna lortzen baduzu, jendea etorri egiten da zugana. Horrela errazagoa da lan egitea, ideiak suertatzea, kexak azaltzea…”. Gainera, malgua izan behar dela dio, ez baita berdin norberak pentsa dezakeena eta errealitatea: “Hurbiltasun hori gakoa da beharrak detektatzeko”.
Udal gobernuak argi izan du agintaldi hasieratik helburua ez zela inbertsio handiak egitea: “Ikusten genuen mugatuta geundela”. Kirol etxean “obra handi bat” egin zutenetik ekonomikoki “estu samar” dabil udala: “Hurrengo legealdi erdirako espero dut hori bukatu eta arnas gehiago hartzeko aukera izatea”. Eraikinaz aparte, gorabeherak izan dituzte haren kudeaketan; hasieran, kudeaketa integral bat jarri zuten, aurreko agintaldi bukaeran udalak hartu zuen… “Orain, hori aztertzen gabiltza”. Erabiltzaile kopuruaren aldetik, baina, gustura daude: “2.700 lagunen bueltan gabiltza. 7.000 biztanleko herri batentzat dezente da”.
Egunerokoan “azken urteetan utzita egon diren gauzekin” ari da lanean udala, mantentze lanei dagozkienak, gehienbat. “Udalak eraikin ugari ditu, hiru eraikin eta udaletxearekin lau. Beharrak ere, dezente. Horiei itxura eman nahi diegu behintzat”. Legealdia hasi eta berehala, esaterako, agustindarren komentua erosi zuen udalak. Elkorok dioenez, ordea, ez dute dirurik eraikinok berritzeko, baina behintzat “gutxieneko adostasun bat” lortu nahi dute, eta bide bat markatu, eraikin horiekin norantz joan nahi duten zehazteko. “Proiektu horiek legealdi bat baino gehiago hartzen dute; legealdia motza da, azkar pasatzen da, eta dirurik ez baduzu, are gehiago”. Aukera ugari eman diezaiekete eraikin horiek herriko eragileei: “Udaletxeak berak ere premiak badauzka; garai bateko eraikina da, eta baditu trabak ere. Osasun zentroan ere eskatzen dira aldaketak; hainbat kultur talde ditugu herrian sakabanatuta eta igual aukera izan daiteke batzea…”.
Eskola ere poltsa horretan sar liteke. Haur eskolaz aparte, bi eskola dituzte herrian: Kurtzebarri publikoa eta Arizmendi ikastola. “Kurtzebarrirena eraikin nahiko zaharra da; beharrak badauzka, eta azpiegitura aldetik ez da aproposena. Guk mugimenduak egin ditzakegu, baina ez daukagu gaitasunik horrelako inbertsioak egiteko. Agian, beste baten laguntzarekin…”.
Tanatorioarekin lotutako gorabeherak ere buruan ditu alkateak. “Bere garaian tanatorio bat muntatzeko lokal bat erosi zuten Nafarroa kalean, baimena eman zieten, baina udalari lizentzia eskatu ziotenean ez zitzaien eman”. Udalaren kontra jo zuen enpresak, eta irabazi. “Nahi badute, bihar bertan irekitzeko lizentzia dute”. Bi aldeak negoziaziotan dabiltza tokiaren inguruan; udalak industrialdean dagoen lokal bat du proposamenen artean. “Aukerak badaude, baina zentzuzko zerbait izan behar da, astakeria bat ez kostatzea udalari”.
Eguneko kontuek denbora dezente hartzen diote Elkorori; obra txikiak direla, mugikortasunari lotutakoak… Aste honetan, hain justu, martxan jarri dute mugikortasun batzordea, herrian dauden aukerak aztertzeko. Herri arteko loturei dagokienez, autobus linea ugari dagoela dio Elkorok, eta maiztasun aldetik “lehen baino hobeto” dabiltzala. Dena den, hainbat aldaketa egin nahi dituzte: “Gasteizera joateko, adibidez, ordu batzuetan toki batzuetan hartzen da, eta besteetan beste batean. Hori lehenbailehen ordenatu nahi dugu”.
Hondakinen arloan atez ateko zintzilikarioak kendu eta edukiontziak jartzeko azterketa egiten dabiltza. “Irailerako espero ditugu jartzea”. Kultur eskaintza ere hausnartu beharreko kontua dela uste du: “Gertatzen zaigu antzerki bat ekartzea, x kostatzea eta gero hamar lagun joatea ikustera. Hori seinale da ez dugula asmatu, ez dugula jendeak nahi duena ekarri”.
Leave a Reply