Betaurreko moreak janzten

Betaurreko moreak janzten

Eider Goenaga Lizaso

Udal kudeaketan genero ikuspegia txertatzeari aspalditxo ekin zioten Gipuzkoako udalek; aurreko hamarkadakoak dira zenbait udalen lehenengo berdintasun planak. Baina udal txiki ugari daude lurraldean, eta horiek zail dute euren kabuz berdintasun plangintza bat landu eta garatzea. Horri erreparatuta, 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdinbidean programa jarri zuen abian; 10.000 biztanletik beherako herrientzako laguntza programa bat, herri horietan berdintasun politikak abian jartzeko. “Programan sartu ginen, eta betaurreko moreak janzten hasi ginen udaleko denak”, azaldu dio Hitza-ri Urnietako EAJko zinegotzi Miren Martiarenak (Urnieta, 1981).

Berdinbidean martxan jarri zenetik dago Urnietako Udala programaren barruan, eta baita Elgeta, Leintz-Gatzaga eta Antzuola biltzen dituen Bideberri mankomunitatea ere. Karmele Korta (Arrasate, 1969) da Bideberriko gizarte langileetako bat. “Gu geure kabuz hasi ginen berdintasun gaia mugitzen, nola egin oso ondo jakin gabe. Diagnostiko bat egin eta plana lantzen ari ginen Berdinbidean sortu zenean, eta guretzat sekulako aukera izan zen”. Berdinbidean-eko teknikariengandik ezagutza, esperientzia, aholkularitza, dinamizazioa eta orientazioa jaso dituztela dio.

Berdintasun teknikari bat izatea ezinezkoa zaie 10.000 biztanletik beherako herriei, eta are zailagoa da hori 1.000 biztanletik beherako herrientzat. Hutsune hori borondate hutsarekin eta gogoarekin betetzea ezinezko jotzen dute. “Teknikariek dute halako gaietan ezinbestekoa den ezagutza hori, eta guk gogoa bai, eta borondatea nahi adina daukagu, baina borondateak ez du teknikarien ezagutza eta esperientzia ordezkatzen”, dio Amaia Azkuek (Villabona, 1983), Berdinbidean programan sartu berri den Berastegiko Udaleko alkateak (EH Bildu). Aurten izena eman duten 11 udal berrietako bat da Berastegi. “Aurkezpen bileran izan ginen, otsailean, eta guretzat oso interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun”, dio Azkuek. Ondoren, herri guztien partaidetzarekin egin diren bi mintegietan izan dira, eta maiatzean teknikariak Berastegira joan eta haiekin batera lanerako plangintza bat egiteko desiratzen dago alkatea.

Berdinbidean-en izena eman duten udal berrien zerrendan dago Villabona ere. Eneko Urdangarin (Zarautz, 1965) zinegotzi jeltzaleak dioenez, hasi dira berdintasun arloko bide orria zehaztuko duen lan mahaia osatzen. “Otsaileko bileran izan ginen, ondo iruditu zitzaigun han aurkeztutakoa, eta buru-belarri sartu gara honetan. Aldundiak bi teknikari bidali dizkigu, dinamizatzaile eta aholkularitza ematen digutenak, eta haiekin ari gara”.

Teknikariek eta arduradun politikoek osatutako mahai bat izendatzea da udalak egin behar duen lehen egitekoa, eta Villabonan, gobernuko kideez gain, oposizioko alderdietako ordezkariak (EH Bildu eta PSE-EE), gazteria eta gizarte arloetako teknikariak, gaztelekuko dinamizatzaileak eta gazteekin aritzen diren begiraleen ordezkariak daude mahaian.

Kezka handiena, izan ere, gazteekin dutela azaldu du Urdangarinek. “Mikro-indarkeria jarrerekiko joera eta onarpena sumatzen dugu gazteen artean, bai hizkuntza aldetik, bai irudi aldetik, eta horrek kezka eragiten digu; horregatik sartu ditugu gazteria arlokoak mahaian”. Aurrerantzean egingo duten lanaren bizkarrezurra izango da lan mahaia, eta, ondorioz, bertan daudenek lanerako konpromiso erabatekoa dutela azpimarratu du zinegotziak. “Ibilbide luzeko lan bat da, eta lantaldeak hori bermatu behar du. Berdintasunaren gaia lehen mailara ekarri behar dugu; ezin dugu utzi sei hilabetean porrot egin dezan, udalgintzan hainbat proiekturekin gertatzen den bezala”.

Zeharkakotasuna

Bost urte daramatzate Urnietako Udalean Berdinbidean-eko teknikariek zedarritutako ibilbidea egiten. Aurreko berdintasun planaren ebaluazioa lantzen ari dira orain, eta bestea abian jarri nahi dute, urtea amaitzerako. Martiarenaren esanetan, genero ikuspegia udalean txertatzea izan da bost urteotako lan esanguratsuena. “Guk badugu genero arloko prestakuntza duen teknikariren bat, baina hasieratik argi geneukan ez genuela berdintasun gaia soilik gizarte zerbitzuekin lotu nahi, udaletxe guztiaren lana zela. Ildo horretan, oso ondo etorri zaigu programa hau, zeharkakotasun hori lantzen lagundu digutelako, udaletxeko sail eta teknikari guztiak barne hartuta”.

Udaleko langileen artean kontzientziazio lan handia egin dutela nabarmendu du zinegotziak, sentsibilizazioari pisu handia eman diotela. “Gizarte zerbitzuetan nahiko argi zuten beraiei bazegokiela, baina beste alor asko ere ukitzen ditu berdintasunaren gaiak. Hirigintzan, esaterako, ez zekiten nola landu genero ikuspegia; eta hor, adibidez, puntu beltzen gaia landu da. Hasieran, arkitektoak ere —emakumea da bera— esaten zigun baietz, ikusten zuela berdintasunaren gaia inportantea zela, zerbait egin behar zela, baina iruditzen zitzaiola bere arloarekin ez zuela zerikusirik. Kosta egiten zitzaion betaurreko moreak janztea, baina jantzi ditu”. Martiarenak dioenez, dagoeneko udaleko arlo guzti-guztietan dago txertatuta genero ikuspegia: “Sail guztietan hartzen da kontuan genero ikuspegia; udaletxeko idazkariarengandik hasi, eta kontratu guztietan, diru laguntza lerro guztietan, berdintasun klausulak dauzkagu ezarrita; herriko elkarteei laguntza ematen diegu, ikastetxe eta gurasoekin ere ari gara…”.

Bideberri mankomunitateak bestelako bidea egin duela azaldu du Kortak. “Gu gizarte zerbitzuetarako mankomunitate bat gara, Debagoieneko hiru herri txikik bat eginda sorturikoa. Eta guk egin dugu lan hau orain arte; baina berdintasunaren gaiak gizarte zerbitzuak gainditu egin behar ditu, zabaldu egin behar da, bai herrietara eta bai udaletara”. Orain artean, herritarrengana iristea izan da Bideberri mankomunitateak egindako lanaren ardatza. “Gauza asko egin ditugu herritarrei begira —autodefentsa ikastaroak, maskulinitate tailerrak, gaztetxeekin elkarlanean egindako ekintzak—, aktibazio bat lortu da, eta iruditzen zait lan hori nahiko ondo egin dugula”, dio Kortak. Beste pauso bat eman nahi dute, ordea. Mankomunitatetik atera, eta gaia udaletan txertatu behar da, herri bakoitzeko erakundeetan. “Gure erronka, orain, zeharkakotasun hori lantzea da, udalak eta udaletako organo guztiak gai honetan inplikatzea. Hori da Berdinbidean-ek orain ipini digun lan ildoa, genero ikuspegia udaleko arlo guztietan txertatzea”.

Elgeta, Antzuola eta Leintz-Gatzaga herri txikiak izan arren mankomunitatean antolatuta egotea egin beharreko lana garatzeko lagungarria izan dela aitortu du Kortak: “Herri txikientzat oso zaila da gizarte arloko edozein programa abian jartzea”. Berastegik, ordea, bakarka hasiko du bidea, eta lan mahaia, hasiera batean, alkateak eta gizarte langileak osatuko dute. “Gu herri txikia gara, 1.000 biztanle ingurukoa, eta gure gizarte langilea ere astean bitan bakarrik etortzen da, egunean sei ordu. Herri handiagoetan gizarte langile bat baino gehiago izaten dute, guk osoa ere ez. Beretzat gain karga bat izango da, baina gogoz dago, eta ni ere bai. Lan mahaia teknikariak eta nik osatuko dugu, baina prest gaude gaia serio hartzeko, eta astean denbora tarte bat horri eskaintzeko. Berdinbidean-ek kronograma bat aurkeztu digu, eta hori bete beharra dago”, dio Azkuek. Partaide berriak bidea egin ahala gehituko direlakoan dago. “Nik harrera ona espero dut; herriko eragile guztiengana joango gara, eta denen inplikazioa bilatuko dugu”.

Besteengandik ikasi

Berdinbidean-ek beste herri txikien esperientziak ezagutzeko eta trukatzeko ematen duen aukera oso baliagarritzat jo du Berastegiko alkateak. “Gure tamainako herriekin egotea, haien esperientziak entzutea, beti da aberasgarri. Adibidez, Asteasuk aurreko legealdian ere parte hartu zuen programan, eta atera zituzten ondorio batzuk; guk ere hortik ikas dezakegu”.

Biztanleriari erreparatuta, Asteasu, Irura, Altzo, Lizartza, Ikaztegieta edo Legorreta izan litezke Berastegirentzat ispilu. Villabonarentzat, berriz, Zestoa, Urnieta, Astigarraga, Lazkao edo Oiartzun. Programak Villabonari ispilu egokia bilatzen lagun diezaiokeela uste du Urdangarinek. “Zuk ikus dezakezu Zarautzen proiektu batek oso ondo funtzionatu duela, eta saia zaitezke martxan jartzen. Baina Zarautzek 20.000 biztanle baino gehiago ditu, berdintasun teknikari bat du, herriaren soziologia ere ezberdina da. Ezin da guretzat eredu izan. Beste herri batzuetan bilatu behar dugu ispilua”.

Oraingoz parte hartu duten bi mintegietan besteen esperientziak entzute hutsa lagungarri izan zaiola dio Urdangarinek. “Adibidez, Zestoako alkateak komentatu zuen nola bere alaba etxera joan zitzaion futboleko praka batzuekin, eta nola galdetu zion zertarako zen praketako sare hori. Tontakeria dirudi, baina horrelakoak etengabeak dira. Harro-harro, ahoa betetzen zaigu nesken futbol taldea aterako dugula esaten, baina neskek mutilen arropa erabili behar dute, eta mutilentzat arropa berria erosteko, berriz, diru pila xahutzen da. Eta horrelakoak pixkanaka gainditzen joan behar dugu”.

Ezagutzaren garrantzia

Herriak elkartzen diren mintegietako batean aipatu zuen udal ordezkari batek herrian izandako bortxaketa baten kasua ere. “Guk halakorik ez dugu izan, zorionez, baina mintegi batean atera zen gaia. Teknikariak eta politikariak prestatuta gaude horri aurre egiteko? Nik, zinegotzi gisa, noski, adierazpenak egingo ditut hurrengo egunean, gertatutakoa salatzeko. Eta gero, zer? Norbaitek joan beharko du neskaren etxera, babesa eman beharko zaio, aurrera egiten lagundu, agian ikastetxean ere lanketa bat egin behar da…”. Urdangarinen arabera, gaiari buruzko ezagutza ezinbestekoa da halako egoera batean, eta hori abiatu berri duten bidean eskuratuko dutelakoan dago. “Gai hauetan ezin duzu hanka sartu. Pentsa, gertatzen da bortxaketa ostiral gauean, eta zuk larunbatean edo igandean erantzun bat eman behar duzu. Baina, noski, nola ez dakizun zer egin eta aldundian ez dagoen inor, neskari esaten diozu bueltatzeko asteartean… Bada, hori ez da modua”.

Martiarenak ere halako gaiek udaletxeko langile eta ordezkariengan kezka sortzen dutela dio. “Gertatzen dena da gauzak egin nahi dituzula, baina gai batzuk ez dakizula nondik hartu. Borondatearekin ez da nahikoa. Gai konplexuak dira, egoera oso bortitza. Gerta liteke neska zein mutila herrikoak izatea, biak adingabeak izatea; eta, adingabeak badira, babestu egin nahi duzu pertsona hori, baina nola babestu? Emango dugu izena edo ez? Salaketa publikoa eginez gero, emakumea biktimizatuko dugu edo ez? Hori ondo egin nahi duzu, eta ezinbestekoa da adituen aholkularitza”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.