Maite Alustiza
Ekainean 110 urte beteko dira Union Cerrajera fabrika sortu zutenetik. Arrasaterentzat motor ekonomiko garrantzitsua izan zen, baita bailara osoarentzat eta Gipuzkoarentzat ere. Herriaren erdigunean, fabrikaren atezaintza zenari eusten diote oraindik, Erlojuaren eraikina izenez da ezaguna —bereziki babestutako kalifikazioa du—. Ondoan, bere garaian Aprendices eskola izan zena dago. Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez, eskola hori Union Cerrajerak ireki zuen, beraien langileen ondorengoentzat. “Hortik hasi zen gaur egun hemen daukagun mugimend u guztia: hor hasi ziren ikasten, gero Jose Maria Arizmendiarrieta etorri zen, ikasle batzuk hartu eta Ulgor kooperatiba sortu zuen, gero Fagor izango zena”. Urrian hiru urte beteko dira Fagor Etxetresnen porrotetik, baina Ubarretxenak ez du uste denbora nahikoa denik zauria ixteko: “Ez da zenbat langileri eragin zien bakarrik, baita enpresa horrek zer suposatzen zuen ere. Tristezia izan da herrian, denentzako oso notizia txar eta gogorra”.
Erlojuaren eraikina eta Aprendices berritzea da udal gobernuaren proiektu nagusienetako bat. Guztiz berritzea eta erabilera ematea: “Inguru horretan gune kultural bat sortu nahi dugu”. Ubarretxenak dioenez, Erlojuaren eraikinean herriko hamazazpi kultur talde daude egun, baina “oso modu prekarioan” dabiltza: ez daukate berogailurik, leihoak ez daude isolatuta… Sorkuntzarako gune egoki bat sortu nahi dute, “batez ere belaunaldi berriak animatzeko”. Asmoa da askotariko diziplinak han biltzea: dantza, trikitia, bertso eskola, txalaparta, batukada… Dagoeneko eraikinean dauden kultur taldeez gain, herrian egoera txarrean dauden beste batzuk han kokatzea da udalaren asmoa. “Otxoteari, adibidez, eskaini egingo diogu”.
Euskaltegia ere hara eramango dute, “urteetan” leku berri bat eskatzen ibili eta gero. “Iruditzen zaigu euskara ikastera joaten den pertsona horrek euskal kulturarekin hartu-emana edukitzea ona dela guk bilatzen badugu pertsona hori hemen integratzea eta kultura bereganatzea”. Kalkulatu dute 1.500 lagun inguru egongo direla Erlojuaren eraikinean.
Aprendices eraikina, berriz, urte askoan Arrasate Musikal herriko musika eskolaren egoitza izan zen —500 bat ikasle ditu—. Eraikina egoera txarrean zegoenez, beste batera lekualdatu zituzten, behin-behinean. “Behin-behineko egoera horrek darama zortzi urte edo gehiago, eta gaizki daude”. Aprendices eraikina berriro musika eskola bihurtu nahi dute. Hor egongo dira Arrasate Musikal, Goikobalu abesbatza, euren balleta eta auditorium txiki bat.
Espaloiak zabaltzea
Mugikortasunari lotuta ere, hainbat egitasmo ditu udalak: bidegorria egitea, bizikletaren erabilera sustatzea… Espaloi batzuetan obrak egiten dabiltza, horiek zabaltzeko. “Korriente hori dator: oinezkoari ematea lehentasuna eta bizikletentzako ere egokitzea. Ea kultur aldaketa hori eragiten joaten garen”.
Proiektu konkretuen artean, Arbolapeta-Muzibar zatia aipatu du. Inguru hori berrantolatu nahi du udal gobernuak: “Espaloia oso estua da, jende asko pasatzen da. Ikusten da espaloia handitu behar dela, baina hori egitearekin batera eta bidegorria ezarri nahi badiogu, horrek eragingo du aparkalekuak kentzea…”. Nola egin erabakitzen hasteko, 21 alternatiba planteatu zituzten, eta erakusketa batean azaldu zituzten, jendeak iradokizunak egin zitzan.
Aste honetan bertan bilera izan dute inguruko kale bateko bizilagunekin: “Alternatiba batzuek proposatzen dute beraien kaletik trafikoa desbideratzea. Orain trafiko gutxikoa da, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko lieke”. Erreka azpitik doa zati horretan, eta erreka bistaratzea ere proposatu dute: “Hori eginda leku gutxiago legoke, baina esaten dute erreka biziberritzeko ireki egin behar dela, eguzkia sartu behar dela nahi badugu bizitasuna sortzea…”.
Onena zer litzatekeen “garbi” ez dutenez, erabaki dute lehenengo aproposa litzatekeela mugikortasun plan bat edukitzea, Arrasate guztian trafikoa nola antolatuta dagoen eta nola egin beharko litzatekeen ikusteko. “Luzerako izango da. Lehenengo esleitu beharko da mugikortasun plana, gero egin… Nahiago dugu luze joatea baina jendea ahalik eta kontentuen uztea, azkar egin eta arazo bat konpondu ondoren beste bat sortzea baino”.
Garbiketa ordenantza
Herrian zeresan handia ematen ari da kale garbiketari dagokion ordenantza. Martxo bukaeran hasierako onarpena eman zioten, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta gainerako alderdien kontrakoarekin. Batik bat pintaketak, pankartak eta kartelak arautzen dituen artikuluak sortu du zalaparta gehien. Hainbat herritar eta eragileren arabera, adierazpen askatasuna mugatzen du. “Maiatzaren 17ra arte daukagu epea alegazioak aurkezteko, eta gu horretara animatzen ari gara, gainera. Denon gustura ez da irtengo, hori argi dago, baina nik beti esaten dut: ‘Irteten bagara zeozerekin denak gustura ez gaudena baina desadostasun handiegirik gabe… hori da kontua'”. Gaiak luze joko duela dio Ubarretxenak: “Alegazioen ondotik aztertu egin behar dira, jendearekin egon, egin beharreko aldaketak egin…”.
Dioenez, euren asmoa ez da polemika edo egonezina sortzea, baizik eta jendea kontzientziatzea: “Herria zaindu egin behar da, guk gure etxea zaintzen dugun moduan gure herria zaindu behar dugu. Helburua ez da debekatzea, kontzientziatzea eta herria zaintzea baizik”. Gaineratu duenez, antzinako kasko historikoa dute, eta Arrasateko harresiak zeuzkan bost ateetatik hiru mantentzen dituzte. “Horri balioa emateko gauza bat dela uste dugu”.
Udal mailan, martxan jartzekotan dira memoriaren eta bizikidetzaren mahaia. Lehen bilera maiatz hasieran egingo dute: “Hitz egin dugu, oinarri moduan dokumentu bat helarazi genien gainerako alderdiei, eta gutxi gorabehera denek ikusi dute ondo hitz egiten hasteko”. Ubarretxenaren arabera, benetako pausoak egin nahi badituzte, beharrezkoa izango da guztien adostasuna: “Nahiz eta mantso joan, behintzat erabaki dugu mahai horretan alderdi guztiak esertzea, eta hastea hausnarketa bat egiten eta ikusten zein pauso eman ahal ditugun”.
Bestetik, parte hartzearen inguruko lanketa egiten ari dira udal barruan. “Saiatzen ari gara denon artean erabakitzen parte hartzearen ordenantza bat sortzeko, zelan izan beharko litzatekeen parte hartzea udaletik landua: zein gauzatan bai, zeintzuetan ez, zeinekin…” Gutxieneko adostasun batera ailegatzea jarri dute helburu: “Adostasun hori gera dadila udaletxean propio bezala, eta datorrena datorrena denok erabiltzea hori gutxi gorabehera eredu bezala. Kostatuko da, baina lortu nahi badugu, denok izan beharko dugu gurean apur bat malguak”.
Leave a Reply