Jon Miranda
Bilbo eta Zizurkil artean bizi da Maria Altuna Lizarraga (Zizurkil, 1988), eta, egunotan, tesia prestatzeko lanean dabil, buru-belarri, bere baitara bilduta. Jarrera aldatuko duelakoan dago, uste baitu elkar harremana beharrezkoa dela sorkuntzarako.
Zer da Aiztondoko liburutegi berrian erakutsi duzuna?
Urte hauetan guztietan egindako hainbat artista liburu ekarri ditut, eta, horrekin batera, pare bat koadro. Horietako bat Granadako [Espainia] paisaia bat da, eta, nahiz eta margo bat izan, liburu baten antza duela esan ohi dut, orrialdeetan antolatuta dagoela dirudielako. Beste bi eskultura edo instalazio ere ekarri ditut. Horietako bat, Txalo pin txalo izenekoa, jendeak ukitzeko prestatu dut, eskua sartuta orrien pisua senti dezan. Gustatzen zait jendeak zein erreakzio dituen eta arte lanarekin nola jokatzen duen ikustea.
Artista liburua nola definituko zenuke?
Ez da hain gauza arraroa. Guztiok izaten dugu ohitura paper mutur bat hartu eta han marrazkiak egitekoa. Telefonoz ari garela, edo bilera batean koadernoa hartu eta beti zirriborratzen dugu zerbait. Hori bera bada artista liburu bat. Abiapuntu horretatik hasita, gero sormena lantzeko mila aukera daude. Agenda bat izan liteke edo bidaia kaiera bat, norberaren esku dago zer esperimentatu nahi duen.
Zuk zenbat artista liburu edo koaderno dauzkazu eginda?
Zaila da esaten. Hogeita hamar bat inguru izango dira. Koaderno batzuek oso orri gutxi dituzte, eta, beraz, azkarrago betetzen dira. Baditut batzuk bukatu gabeak eta beste batzuk, berriz, objektu gisa gordetzen ditudanak. Asko erakartzen nau liburuak bere hartan, eskultura gisa, edukiontzi gisa. Konpartitu izan ditut lagunekin. Batek hasi, besteari pasatu, eta, urtebetera, koadernoa itzultzen dizu, zuk jarrai dezagun. Oso esperientzia interesgarria da.
Artista liburuak eskuetan hartu, eta erabiltzeko ematen duten aukeragatik interesa sortzen dizutela diozu.
Erakartzen nau objektuak berak, eta, aldi berean, gustatzen zait koaderno bat eraman erraza eta erabilgarria delako; interesatzen zaizkit erabilerrazak direlako. Koadro batek edo artelan batek baino gertutasun handiagoa duela iruditzen zait. 1960ko hamarkadatik aurrera, genero gisa izendatzen hasi ziren, eta, gaur egun, jende asko dabil artista liburuen inguruan. Argitaletxeak batzuek ere lantzen dute sorkuntza mota hau. Pasioz bizi duen jende asko dago.
Zuk zer-nola osatu dituzu zure artista liburuak?
Momentuaren arabera, modu batera edo bestera. Liburu bakoitzak bere historia eta momentua du. Nik asko esperimentatu dut, eta teknika diferenteak erabili ditut: kandelaren argizaria, hariak, zuloak, naturako elementuak… denetarik erabili izan dut, eta, gero, liburuetan praktikan jarritako teknikak koadroetara eraman izan ditut. Gauza diferenteak probatzearen eta material posible guztiak erabiltzearen aldekoa naiz, euskarriak eusten dion bitartean. Artista liburuek aukera handia ematen dute, eta sormenerako tresna baliagarriak dira.
Hezkuntza praktika gisa artista liburuek duten balioa ikertzen ari zara zure tesian.
Bai, hasi berria naiz, eta, orain, informazio guztia ordenatzeko lanean ari naiz. Hain zuzen, liburutegian erakusten dudan azken artista liburuan sumatzen da guztia antolatzeko obsesio hori. Konplikatua da. Artista liburuek, sormenaren bidez, izaera kritikoa edukitzeko eta hausnarketara bideratutako hezkuntza praktiketarako estrategiak aztertzea dute helburu. Baina erantzun baino galdera gehiago dauzkat, eta sei urte ditut horiek topatzeko.
Sortzeko orduan, zeintzuk dira zure intereseko gaiak?
Askotarikoak dira. Egia da memoriaren gaia beti bueltaka dabilkidala. Etxekoen txikitako argazkiekin lan egin izan dut. 2011n ikerkuntzaren inguruko master bat egin nuen, eta, ikasketa amaierako lanean, hemen, Zizurkilen egindako proiektua aurkeztu nuen. Memoria. Ekintza. Aztarna zuen izena, eta, jendeari herriko toki bat aipatu, eta zeramika pieza txiki batean bere aztarna uzteko gonbita egin nion. Gero labetik pasatu eta aztarna horiek, egosita, aipatutako tokietan utzi nituen. Oraindik ere hantxe daude zenbait lekutan. Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu nuen proiektua, eta euskaraz irakurri zen lan bakarra izan zen. Tesia ere, euskaraz hasi dut, nahiz eta ez den batere lan erraza.
Zizurkilgoaz gainera, erakusketa gehiago egin dituzu?
Bai, egin izan ditut batzuk. Duela gutxi, Madrilen egindako erakusketa kolektibo batean hartu nuen parte. Cervantesen heriotzaren 400. urteurrena gogoratzeko ekitaldien barruan, programazio ofizialean sartu zuten. Nik zazpi koadro aurkeztu nituen, paperean egindako collageak ziren, Kixote-paisaiak irudikatuz. Eramandako lanetatik hiru han geratu dira. Oihartzunaz gain, inportantea da arte lanak saltzea.
Beste zein lanetan zabiltza orain?
Duela gutxi, Maiatz aldizkariak kaleratu duen Amaiur B. Blascoren poesia liburuan kolaboratu dut, irudiak jarrita. Asko gustatu zait lan hori. Bestelakoan, herriko eragileekin ere aritu naiz elkarlanean logoak sortuz, eta, nahiz eta hain sortzailea ez izan, webguneak diseinatzen ere aritu naiz.
Leave a Reply