Beharrak eta eskariak identifikatzeko lantalde bat abian du diputazioak

M. Alustiza

Baserritarrek egindako eskariaren harira, Gipuzkoako Diputazioarekin harremanetan jarri da Hitza. Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak eman ditu azalpenak. Argi utzi du hasieratik: “Garbi esan nahi dut ez gaudela eraldaketa zentroen aurka. Badakit produktua eraldatzea eta balioa eranstea onuragarria dela baserritarrarentzat, baina gauzak ondo eginda”. Azaldu duenez, aldundira iritsi zirenean ikusi zuten hiru eraldatze gune zeudela aurreikusita, bakoitza 500.000 euroko inbertsioarekin, baina horien atzetik ez zuten topatu gutxiengo azterketa edo antolaketa planteamendu bat: “Kudeaketa plana faltan sumatu genuen lehen gauza izan zen”. Horregatik erabaki zuten itxarotea, lehenengo azterketa horiek egitea, eta egin beharreko inbertsioak gero egitea. “Guk geldiune bat egin nahi izan dugu, atzekoz aurrera gauzak ez egiteko. Kontua da ordurako Goizanekoa esleituta zegoela, eta martxan hasita zegoen. Errazena da inbertsioa egitea, baina gero sostengagarria izan behar du”. Gogorarazi du ekoizpena aldundiaren eskumena dela, baina eraldaketa eta merkaturatzea Eusko Jaurlaritzarenak direla. Horregatik, Jaurlaritzak ere parte izan behar duela uste du.

Beharrak edo eskariak identifikatu nahi dituzte orain, eta, horretarako, lantalde bat osatu dute. Hazi fundazioko, Eusko Jaurlaritzako, aldundiko eta kudeaketa zentroetako teknikari bana daude. “Inkesta moduko bat egin dute baserritarren artean, Gipuzkoan zein azpiegitura dauden identifikatuko dituzte, eta horrek lagunduko digu argazki argiago bat edukitzen”. Arrutik aurreikusi duenez, lantalde horren lana uztail erdialderako “aurreratuta” egongo da, eta horrek argituko die nola jokatu. “Eskaria baldin badago, ikusi behar dugu ea eskari potentzial hori inbertsiorik egin gabe nonbait koka daitekeen”. Fraisoroko nekazaritza eskola (Zizurkil) aipatu du adibide gisa: “Eraikin oso potenteak dauzka gaztagintzarako. Igual hobe da guk berdin egin beharrean, beraiekin hitzartu eta baldintza txukunetan baserritarrei uztea”.

Gainera, Arrutik uste du kontuan hartu behar direla aurretik euren baserrietan inbertsioak egin dituztenak ere: “Gauza horiek zaindu egin behar ditugu; berriei laguntzen saiatu bai, baina modu antolatuan egin, lehen inbertsioa beren kabuz egin behar izan dutenak haserretu ez daitezen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.