Julene Frantzesena
Gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak “geroz eta txikiagoak” badira ere, kirolean “oso handiak” dira oraindik. Hala dio Mariate Bizkarra EHUko irakasleak (Gasteiz, 1964): “Prentsan gutxiago agertzen dira emakumeak, denbora gutxiago eskaintzen zaie, eta erraztasun txikiagoa eta soldata apalagoak dituzte goi mailako kirolariek. Emakumeek hori onartua dute”. Emakume kirolaria eta ikusezintasun mediatikoa hitzaldia eskaini zuen asteartean, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Dozena inguru lagun bertaratu ziren, gizonak gehiago emakumeak baino; izan ere, herriko kirol taldeetako hainbat ordezkari han izan zen, gaiarekin sentsibilizatu nahi dutelako.
Emakumea ardatz hartuta eskaini zuen solasaldia, eta, azaldu zuenez, emakume kirolarien ikusezintasun mediatikoa “ez da momentu konkretu batean gertatzen den zerbait”, eta gizartea aldatu behar da egoera hori aldatzeko. Horretarako, genero kontzientzia hartu beharra dagoela azpimarratu zuen: “Pentsatzen dugu determinismo biologikoa dagoela emakumeen eta gizonen artean, eta ez dagoela ezer aldatzerik. Horrela balitz, baina, gure amonek bezala, botoa ere ez genukeen emango”. Horri lotuta, “gizonezko denak desberdinak eta emakume guztiak berdinak direla” esan ohi dela azaldu zuen: “Emakumeak denok igualak garela dirudi, eta, gizonen artean bezala, denetarik dago. Emakume ahulak eta indartsuak daude, gizon ahulak eta indartsuak dauden moduan”.
Bizkarrak azaldu zuen pertsonak direla desberdinak: “Izan emakume, gizon, zuri, beltz, euskaldun edo arabiar. Ez badugu ikusten pertsona multzoa garela, banaketa dikotomikoa gainditu gabe daukagu. Izan ere, ezberdintasun gehiago daude sexu berekoen artean, sexu desberdinen artean baino. Ezaugarri antropomorfikoak askoz garrantzitsuago dira, mutila edo neska izatea baino”. Hori azaltzeko, adibide bat jarri zuen: “Indarra eta abiadura dira kirolerako patroi nagusiak, baina nola neurtzen dira horiek? Behin hala esan zidan irakasle batek: ‘Ebaluazio justua egingo dut elefantearekin, txoriarekin eta arrainarekin, nor lehenago igo zuhaitzera’. Neurria justua da, baina animaliak ez dira berdinak”.
Horrez gain, emakumearen etxeko, eskolako eta lagunarteko sozializazioak eragin zuzena duela azaldu zuen. “Kiroletan, izan eskola kirolean edo kirol profesionalean, estereotipo asko ikus daitezke, eta horiek ez dira baliagarriak berdintasunean hezteko”.
Lehen ikerketa, 2009an
Bizkarrak eta haren lantaldeak eskola kirolaren inguruko ikerketa bat egin zuten Bizkaiko Ikastolen Elkarteko hiru ikastoletako ikasleekin, 2009an. Ikasleekin izandako elkarrizketetan, honelakoak entzun zituzten: “‘Edertasunarekin exijentzia handia dago’, ‘mutilak baino hobeak garela demostratu beharra dugu’, ‘hizkuntza sexista erabiltzen da’, ‘neska guztiak zaku berean sartzen gaituzte’, ‘ez gara trebeak sentitzen’, ‘taldeak egitean, azken aukeratuak izaten gara’, baloirik ez digute pasatzen’…”.
Gainera, hainbat estatistikaren emaitzak eta datuak plazaratu zituen Bizkarrak. Adibidez: 2012. urtean Londresen egin ziren Olinpiar Jokoetan emakumeen eta gizonen parte hartzea ia-ia parekoa izan zen (5.396 emakume eta 5.439 gizon). Dena den, kirola egiteko joeran aldeak badirela jakinarazi zuen: “Kirol federatuetan, 2007an, %16,2 ziren emakumeak, eta %83,8 gizonak. Zuzendaritza talde edo federazioko zuzendaritzen kudeaketan are gehiago nabari daiteke aldea: urte hartan, %7 ziren emakumeak eta %93 gizonak”.
Gizarteak ez ezik, hedabideek ere ez diote tratamendu bera ematen gizon eta emakume kirolariei eta haien lorpenei. “Aspic enpresak 2013an egindako ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako idatzizko prentsan albisteen %5,9 besterik ez zuten hartu emakumeek. Berri gutxiago ez ezik, toki gutxiago izan zuten. Gainera, emakumeen lorpenek baino ikusgarritasun handiagoa dute gizonen porrotek prentsan, eta ez da hizkuntza bera erabiltzen batzuen eta besteen albisteak idazterakoan”.
Horrez gain, neska gaztetxoek emakume kirolarien “eredu falta” dutela uste du: “Kezkatzen nauena da neskek ez dutela erreferenterik, ez dutela ispilurik beren buruak begiratzeko. Errealitatea da. Eredu horiek ez izatea penagarria da, eta batzuetan dituzten ereduak edukitzea baino batere ez izanda, hobe”.
Beren kezkatik abiatuta, kirola egiten duten emakumeek zer pentsatzen duten jakiteko eta eskola umeentzat material didaktikoa sortzeko beste ikerketa bat abiatu dute. Horretarako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, unibertsitateko eta goi mailako kirolariak elkarrizketatu dituzte. Bizkarraren ustez, estereotipoak hautsi eta emakumeek kirolean duten parte hartzea hobetu behar dira. Dena den, horretarako, gizonen inplikazioa behar-beharrezkoa dela adierazi zuen.
Leave a Reply