E. Goenaga Lizaso / M. Alustiza
Lau urtean behin alderdi politikoek aurkeztutako zerrenda itxiei botoa eman eta ordezkariak aukeratzea baino gehiago da demokrazia. Ordezkari horiek herritarren bizimodua baldintzatuko duten hamaika erabaki hartzen dituzte, eta herritarrek, gero eta gehiago, erabaki horietan partaide izan nahi dute. Batez ere, udal mailako erabakiak direnean. Parte-hartze prozesuek gero eta pisu handiagoa dute udaletan; aurrekontuak osatzeko, kaleen antolaketarako, azpiegitura berriak eraikitzeko… Baina, askotan, parte-hartze prozesuak ere ez du bermatzen herritarren erabakia errespetatuko denik. Hala, bai herri plataformek bultzatuta, bai udalek antolatuta, gero eta gehiago galdetzen zaie zuzenean herritarrei. Gipuzkoan azken urteetan hainbat adibide izan dira.
Usurbil, aitzindari
Usurbil izan zen Gipuzkoan atez ateko sistema ezarri zuen lehen herria, eta baita bilketaz kontsulta egin zuen lehena ere, atez atekoa martxan jarri eta urtebetera. 2010eko martxoan, Usurbilgo herritarren %55,8k atez ateko sistemaren aldeko botoa eman zuten —usurbildarren %70,23k parte hartu zuten—. Ondorioz, 2009an ezarritako sistemari eustea erabaki zuen udalak.
Udalak sustatuta
Azken bizpahiru urteetan izan dira galdeketak sustatu dituzten hainbat udal. Mutrikun, esaterako, 2014. urte bukaeran galdetu zieten herritarrei bi sistemaren artean zein nahiago zuten: edukiontziena —organikoa eta errefusa txiparen bidez— edo mistoa —organikoa eta errefusa atez ate; gainerakoak, edukiontziekin—. Edukiontzien sistemaren alde egin dute parte hartzaileen %82k. Elgetan bost edukiontziko sistemaren alde egin zuten urte horretan. Azkoitiko Udalak iazko urtarrilean galdetu zuen martxan zegoen sistemaren gainean; abian zegoen sistema mistoa gogoko zuten adierazi behar zuten, eta ezezko erantzunak nagusitu ziren. Deban, iazko martxoaren 26tik 29ra antolatu zuten galdeketa —%86 txartel txipdun edukiontzi sistemaren alde—.
Plataformek sustatuta
Udalek ez ezik, atez atekoaren aurkako plataformek ere antolatu dituzte kontsultak. 2013ko apirilean, Legazpin, Atez Atekoaren Kontrako Herri Plataformak herri galdeketa egin zuen udalak ezartzeko asmoa zuen atez ateko zabor bilketaren aurka. 7.115 pertsona zeuden deituta botoa ematera, eta 3.683 joan ziren. Botoa eman zutenen %97,72 agertu ziren atez atekoaren kontra. Urte horretako ekainean Zizurkilen egin zuen Tolosaldea Txukun plataformak, eta garai bertsuan egin zituzten Anoetan, Iruran, Ordizian eta Villabonan ere. Bergara Garbia plataformak 2013ko azaroan galdetu zuen, eta berdin geroago Garbia plataformak Eskoriatzan.
Atez atekoaren ondoren
2015eko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, atez ateko sistema zuten hainbat herritan galdeketak egitea erabaki zuten udalek; horietako batzuek hauteskunde programan txertatua zuten galdeketa egitea. Azken kontsulta Astigarragako Udalak bultzatutakoa izan da, apirilean. Edukiontzien alde egin zuten %59,6k, eta atez atekoaren alde %40,3k —eredu hori zuten orain arte—. Urte hasieran galdetu zieten Legazpi eta Aretxabaletako herritarrei, eta edukiontzien aukera hobetsi zuten. Beste zenbait ere izan dira: Bergaran, Eskoriatzan, Ordizian… Lezon martxoan egitekoak ziren, baina atzeratu egin dute.
Igeldo, desanexioa etenda
Estatuaren abokatuak galdeketa geldiarazteko ahalegina egin arren, igeldotarrek Donostiako auzo gisa jarraitzearen edo desanexioaren artean hautatzeko aukera izan zuten, 2013ko azaroaren 30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako herri galdeketan. Galdeketa egin aurretik, azaroaren 8an, EAEko Auzitegi Nagusiak bidea eman zion galdeketari, Estatuaren abokatuaren eskaera ontzat hartu gabe. Gipuzkoako Herritarren Partaidetzari buruzko 1/2010 foru arauean oinarrituta antolatu zuen galdeketa foru aldundiak. %72,1eko partaidetzarekin (637 boto), baiezkoak 391 izan ziren (%61,38), eta ezezkoak, 234 (%36,73). 1994an Itxas Aurre elkarteak antolatutako galdeketarekin alderatuta, lau puntu igo zen parte hartzea. Igeldo herri bihurtzeko foru dekretua, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak utzi zuen bertan behera 2014ko otsailean, Donostiako Udalak jarritako helegitea tramiterako onartu zuenean. Behin-behinean hartu zuen erabaki hori, eta oraindik ez dago gaiari buruzko ebazpen irmorik.
Itsaso, 89. herria
Ezkio eta Itsaso aurten banatuko dira, eta Itsaso Gipuzkoako 89. herria izango da, foru aldundiak Ezkio-Itsasok egindako eskaerari bide ematen dionean. Itsasoarren eskariz, desanexio prozesua 2011n abiatu zuten, eta dagoeneko foru aldundiaren oniritzia baino ez da falta. Itsasoarrei ez zitzaien galdera zuzenik egin gaiari buruz, baina sinadura bilketan beharrezko babesa lortu zuen desanexio eskaerak, eta Ezkio-Itsasok bide eman zion eskaera horri.
Legez, galdeketa ez
Zestoan zekorketekin jarraitu edo ez galdetu zien udalak herritarrei. 2012ko ekainaren 3an egin zuten kontsulta, nahiz eta, legez, ez zen galdeketa bat izan. Botoa emateko lekuak atondu zituzten, eta herritarrek egun osoa izan zuten botoa ematera joateko, baina galdeketari legezko orrazkera emateko, herritarrek udalari egindako eskari moduan aurkeztu ziren botoak. Zekorketak antolatzearen alde egin zuten 963 lagunek; aurka, berriz, 542k. Boto eskubidea 3.012 herritarrek zuten, eta %50,5ek bozkatu zuten. Botoen aldea hain handia izateak udalaren erabakia erraztu zuela esan zuen Leire Etxeberria alkateak.
Ezezko borobila
Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso arteko goi tentsioko lineari buruzko galdeketa egin zuten 2013ko ekainean Nafarroako 36 herritan eta Gipuzkoako hirutan: Gabirian, Mutiloan eta Zerainen. Guztira, 5.156 herritar zeuden galdeketara deituta, eta parte hartzea %63 izan zen. Horien artetik %99 agertu ziren proiektuaren kontra.
Herri antolaketaz galdetu
Udalek herritarrei galdetzea ez da ezohikoa. Gipuzkoan hainbat udalek egin dituzte galdeketak; batez ere, hirigintza gaiekin lotuta. Zizurkilgo Udala, esaterako, plaza berrian zuhaitza jarri ala ez ari zaie galdetzen egunotan herritarrei. Buzoi bat jarri dute, eta 12 urtetik gora herritarrek bertan eman behar dute botoa, maiatzaren 17ra bitartean. Halako gehiago ere izan dira; besteak beste, Tolosan, bi auzotan egin ziren galdeketak, auzoa zeharkatzen zuten errepideetan egin beharreko obrei buruz; Lazkaon, Lazkaomendira eta hilerrira joateko bidea eraikitzeko zortzi proiekturen artean aukeratu zuten herritarrek; Seguran, Errebote eraikina eraitsi edo ez herritarrei galdetu zien udalak; eta Hernanin bizilagunek erabaki zuten udal azpiegituren inguruko lehentasunak zeintzuk ziren.
Abiadura handiari ez
Abiadura handiko trenari buruzko galdeketak ere izan dira. Itsasondo izan zen lehenengotakoa; 2006. urteko abenduan galdetu zuten proiektuari buruz, udalak deituta. Parte hartzea %44 izan zen: %10,8 azaldu ziren proiektuaren alde, eta %88,8 kontra. 2007an, Alegian galdetu zuten, Bergarako Angiozarren, Anoetan; 2009an, Legorretan…
Leave a Reply