Imanol Garcia Landa
Azken bi larunbatetan haurrak protagonista izan diren ezohiko irudiak ikusi dira Tolosako zenbait parajetan: Oria ibaian piraguan, Zumardiaundian korrikan batera eta bestera mapa batekin orientazioan trebatzen, Armeria plazan oreka eta eskalada jokoak egiten… Bihar ere ingurune horietan ariko dira Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak. Zumardia elkarteak antolatu du egitasmoa, eta Tolosaldeko zortzi herritako 220 haur inguru ari dira parte hartzen.
Jarduera horietan Eskola Kirolean ari diren haurrak parte hartzen ari dira. Izan ere, Zumardia elkartea sortzeko prozesu eta elkarrizketetan atera zen gaietako bat haurren eta kirolaren arteko harremana izan zen. Hala azaldu du Zumardia elkarteko kide Andu Martinez de Rituertok: “Nahiz eta hemen kirol eskaintza handia izan, ikusi genuen gehiena kirol errendimendura bideratuta zegoela. Nahiz eta maila txiki batean izan, helburua irabaztea zela. Ikusten genuen haur askok ez dutela lekurik eredu horretan. Errendimenduak abilezia batzuk eskatzen ditu, eta irabaztea helburua denean, gaitasun gutxien daukaten haurrak baztertuta geratzen dira”.
Martinez de Rituertok gaineratu duenez, lehiaketara bideratutako kirola uztean ikusten da helburua ez dela lehiatzea, baizik ondo pasatzea, lagunekin egotea, gustura daudenekin denbora igarotzea. “Hutsune bat zegoela ikusten genuen, eta pentsatu genuen egitasmo bat egin behar genuela, herritar ororentzat, ez bakarrik haurrentzat. Hau da, bizitza aktiboa izateko aukera zabaldu nahi genuen, eta batez ere, ohiko kiroletatik at, naturarekin zerikusia duten kirolak praktikatzea. Elkartea sortzeko oinarria hori izan da”.
Hasieran elkartu zirenak inguruan ideia horiek zabaltzen hasi ziren. Kiti Urkola Zumardia elkarteko kideak esan duenez, ia denak gurasoak izanik edo hezkuntza arloan egonik, ideiarekin bat egin zuten.
Oraingoz martxan jarri duten lehen egitasmoa maiatzeko larunbateko jarduera horiek dira. “Haurrak oso gustura daudela nabari da”, esan du begirale moduan ari den Aitor Congilek. “Gurasoak ere gustura daude, eta eskertzekoak dira animo horiek”. Urkolak ere, ama bezala, ikusi du haurrek gozatu egin dutela: “Lehenengo larunbatean izan ginen. Euria ari zuen, baina behin piraguara sartuta, urarekin haurrak segituan identifikatzen direnez, segituan emozio handiak bizi izan ziren. Ezin zuten sinistu ibaian zeudela, inguruari begira, eta ze ondo pasatzen ari ziren izan zen komentario nagusia”. Urkolak gaineratu duenez, sekulako aukera da haur askorentzat egunerokoan probatu ezin dutena ezagutzeko. “Asko gozatu zuten”.
Eskola Kirolean begirale moduan aritzen da Congil, eta Zumardia elkartea antolatzen ari den jarduerekin aldea dagoela dio: “Eskola Kirolean egin ohi diren kirolak errendimendura daude bideratuta gehiago. Zumardiak antolatutakoaren helburua, berriz, balioetan heztea eta haurrak goxotasuna sentitzea da”.
Asmoa da datorren ikasturtean jarduera horiek Eskola Kirolaren barruan txertatzea, oraindik ez badago ere guztiz zehaztuta nola izango den. Proiektuaren helburuak nabarmendu ditu Martinez de Rituertok: “Eskola Kirolean haurra asko identifikatu ohi da bere eskolarekin, eta badirudi bestea etsaia dela. Guk hori gainditu nahi genuen, eta, horregatik, taldeak oso heterogeneoak egin ditugu. Eskola guztiak nahastu ditugu, eta neska-mutilak elkarrekin daude; hori ere balio bat dela uste dugu. Sinesten dugu proiektu honek bizikidetzan ere eragina izan dezakeela”.
Zumardia elkarteak nabarmendu du beraien jarduera ez dela Eskola Kirolera bakarrik bideratuko. Besteak beste, uda parterako eskaintza prestatzen ari dira gazteei begira. “Asmoa da oso proiektu zabala izatea”, esan du Martinez de Rituertok, “eta gizarteko sektore askotara iristea”. Datorren ikasturterako ere asmoa dute gazteei eta helduei begira natura eta kirola uztartuko dituzten saioak antolatzeko, eta, besteak beste, mendi bizikleta ere jorratzeko.
Beste egitasmoetako bat La Selva izenez ezagutzen den eremua erabiltzea da, piraguak bertan izan eta Oria ibaian erabiltzeko. Horretarako, Zumardia elkarteko bazkide egitea aurreikusten da, norbera edo familia bezala, eta bakoitzaren piraguak edo bertan daudenak erabiltzea.
Zumardia elkartearen bidez hainbat esparru jorratu nahi dituzte: natura zaintzea, bizitza aktiboa egitea eta jendearen arteko harreman ona sustatzea. Helburu nagusietako bat adin guztietako jendearentzat alde ludikoa berreskuratzea da.
Leave a Reply