Danel Agirre
Frontoietan alkohola debekatzearen erabakia hartu duenak, nire mespretxua baino gehiago, errukia bereganatu du, benetan behar duelako norbait miserablea. Izan ere, igandean Astelenara doanari —beti egin dit grazia igandean Astelenara joatearen tradizio horrek— patxaran parea hartzea galarazten dionak motibazio bakarra izan dezake: misantropia. Hurkoarekiko ezinikusi goibel eta sendaezin bat.
Menpekotasunen aurkako neurriaren mozorroa ipini nahi izan diote aldrebeskeriari: “Gizartean alkoholaren kontsumoa gehiegizkoa dela ulertzen dugu”, Jon Darpon sailburuari irakurritako arrazoiketa. Doble ikusten ez duen orok aspaldi antzemana du, ordea, gero eta gutxiago edaten dela gurean. Zapatu arratsaldeko tragoxka soziala ez den beste guztiak erretiran dirudi. Txikiteoa, otordu bakoitza baxoerdiarekin laguntzea, besaulkiko pattarra, guztiak ari dira galtzen pixkanaka. Eustatek berretsiko nau, behingoagatik: 2000. eta 2012. urteen artean, alkoholaren kontsumoa %10 apaldu zen EAEn, bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean. Euskal herritar batek errusiar batek baino bost aldiz alkohol gutxiago edaten du urtero, batez beste, edo irlandar baten erdia, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen estatistikak uztartuz jakin dudanez.
Zurrut epidemiarik ez badago, zaila da garbizalekeria olatua zerk eragin duen asmatzea. Politikariek herritarren osasuna obsesiotzat dutenik ez du ematen. Badaude etxe bloke bakoitzean Orfidal edo Lexatin gabe lo egiteko gai ez diren bizpahiru koitadu, baina legeak idazten dituztenei ez die deskantsurik eragozten horrek. Milaka lagun gaixotzen eta deprimitzen dituzten lan baldintza toxikoen aurka ez dabiltza tinkoegi, bistakoa da hori ere. Kontrakantxako gin-tonica gure ongizatearentzat mehatxu larria omen, eta industrialdeetako eta eraikitzeko irrikan dauden errauste plantako tximiniek bihotz formadun piruletak isurtzen dituzte, antza. Beotibarren lege lehorra ezarri duen Jaurlaritza berberak xanpainarekin ospatu nahi du transgenikoei alfonbra gorria ipiniko dion TTIPa onartzea. Lehentasun politikoak ezartzeko modu hau bitxiegia egiten zait, konspirazioaren teoria txukunen bat eraikitzeko ere.
Debekuez ari naizela, baditut Anoetako abonua marmarka ordaintzen duten lagunak, beraiei aspalditik alkoholik saldu ez eta palkokoak oraindik ere fin jartzen direlako. Agintarien paternalismoaren beste adibide bat da: guk badakigu paperak galdu gabe edaten, zuek ez bezala —esan beharrik ez dago Realaren emanaldi astun samarrak bultzatzeko zenbat laguntzen duen ttak pare hori hartu ahal izateak—. Halere, kasu honetan, palkokoek inbidia gutxi eragiten didate. Kirol emanaldi bat bertatik bertara ardotxo batekin ikusi ahal izateko ordaindu behar den bidesaria bi orduz zinegotzi baten alboan eserita egotea bada, nahiago Kas Naranjekin segi diabetes batek jo arte.
Leave a Reply