Metro gehiago handientzat

Metro gehiago handientzat

Eider Goenaga Lizaso

Garbera merkataritza guneak 46.000 metro koadro hartzen ditu, baina haren azalera nabarmen handituko da luze gabe. 25.000 metro koadro gehiago eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten otsailean Donostiako Udalak eta Unibail Rodamco enpresak —Garberaren jabea—. Hitzarmena sinatu zutenean udal arduradunek azaldu zutenez, hainbat urrats administratibo egin behar dira obrei ekin aurretik —tartean, Donostiako Plan Orokorra aldatzea—, baina lanak 2017ko irailean hasi nahi dituzte. 2019aren hasierarako ireki nahiko lituzkete Garbera berriaren ateak.

Merkataritza gune handiek eta horietan kokatzen diren saltoki zein marka ezagunek, ordea, ez dute soilik Garberan aurkituko kokalekua. Izan ere, Donostiako Udalaren egitasmoen artean hainbat proiektu daude, hirigunean zein hirigunetik kanpo, merkataritza guneak eraiki edo handitzeko.

Iazko urrian, Ernesto Gasco Merkataritza eta Ekonomia Sustapenerako zinegotziak (PSE-EE) merkatari txikien aldeko apustua egin zuen. “[Espainiako] Auzitegi Gorenaren sententziak esaten duena esanda ere, ez da merkataritza gune handietarako garaia. Merkataritza gune berriak irekitzea ez da gure eredua izango. Donostia aurrerantzean ere kalitatezko merkataritzaren erreferente izatea nahi dugu, saltoki txikien berezitasun eta erakargarritasunari eutsiz”.

Handik lau hilabetera, Unibail Rodamcorekin sinatutako hitzarmenaren aurkezpenean, diskurtsoa aldatu zuen Gascok. “Gure merkataritza guneen erakarmena oso inportantea da, eta ezin dugu gutxietsi, batez ere kontuan hartuta Baionan irekitako merkataritza gunean Ikea bezalako erreferentziazko markak daudela, eta bisitatzen gaituztenen %50ek hara joateko interesa agertu dutela”.

Hain zuzen ere, Gascok aipatutako Auzitegi Gorenaren epaiak ireki dio bidea Garbera handitzeko egitasmoari. 2009an egin zuen Unibail Rodamcok Garbera handitzeko eskaera, baina jarduera ekonomikoetarako eta merkataritza ekipamenduetarako lurzoru publikoaren sorrera arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren lurralde plan sektorialarekin egin zuen topo. Plan horrek 25.000 metro koadrora mugatzen zuen merkataritza guneen gehienezko azalera. Odon Elorza alkate sozialistak Garbera handitzeko ahaleginak egin zituen arren, EAEko Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen Jaurlaritzaren plana.

Unibail Rodamcok eraman zuen Jaurlaritzaren plana auzitara, eta iazko irailean Gorenak baliogabe utzi zuen. Epaiaren arabera, saltoki handien azalera mugatzeko arrazoiek ez zioten interes orokorrari erantzuten, merkataritza irizpideei baizik. Behin oztopoa ezabatuta, Donostiako Udalaren eta Garberaren arteko akordioa erdiestea denbora kontua baino ez zen izan.

Gorenaren epaiak Jaurlaritzaren plana baliogabetu arren, EH Bilduk uste du udalak bazuela aukera merkataritza guneen azalera mugatzeko. “Gorenak dio irizpide ekonomikoak erabili zirela merkataritza guneen azalera mugatzeko, eta horregatik baliogabetu zuen. Baina, borondatea balego, udalak aukera luke plan orokorra aldatu eta muga horri eusteko, bestelako argudioak erabilita; lurralde antolaketa, ingurumena, mugikortasuna… hamaika argudio daude muga jartzeko”, azaldu dio Hitza-ri Rikardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.

GARBERA

1997an ireki zuten Garbera. Halako saltokirik apenas zegoen inguruan, eta lehenengotakoa izan zen; baina bai Unibail Rodamcok eta bai Eroskik “zaharkitua” gelditu zela argudiatu zuten hura handitzeko eskaera egin zutenean. Eneko Goia alkateak ere garai berrietara egokitzeko beharra aipatu zuen, otsaileko agerraldian. “Inguruko lurraldeetan merkataritza guneen ezarpena eta bilakaera nolakoa izan den ikusita, eta Donostiako merkataritzarentzat lehia handia dela kontuan hartuta, uste dugu beharrezkoa dela moldaketa batzuk egitea Garberak lehiakor izaten jarrai dezan”.

Moldaketa horiek Garberako aparkalekua dagoen gunean egingo dira batik bat. Merkataritza gunearen zabalpenak aparkalekua hartuko du, eta ibilgailuentzako tokia lurpeko aparkaleku bat eraikita atonduko dute. Hasiera batean, 3.600 ibilgailurentzako tokia izango da, 700 toki gehiago egiteko aukerarekin. “Pare bat marka handi” erakartzeko itxaropena agertu zuen Gascok prentsa aurrean, bestelako xehetasunik eman gabe.

Garbera handitzea Donostiarentzako “onura nabarmena” izango dela azaldu zuen Goiak. Udalak 7,3 milioi euro jasoko dituela kontraprestazio moduan, eta enplegua sustatuko duela: 500-600 lanpostu eraikuntza lanetan, eta 550 lanpostu saltokia martxan jartzean. Horrez gain, merkatari txikiei keinua egin zien Goiak. “Garbera zabaltzeko proiektuak inguruko merkatari kopuru esanguratsu bati begirako integrazio neurriak eta lankidetza politikak aurreikusten ditu, bezeroak erakarriz Donostia merkataritza alorreko jomuga erreferentziala izan dadin”.

Merkatari txikiak, 2009an, Garbera zabaltzeko lehen ahalegina egin zutenean, egitasmoaren aurka agertu ziren. SShops-Donostia elkarteak, esaterako, lanpostu berrien sorrerari buruzko datua jarri zuen zalantzan; lanpostuen sorrera hiriko saltoki txikietan lanpostuak galtzearen kontura izango zela adierazi zuen. Halaber, hiritik kanpo dauden saltoki handiek hirira jendea erakartzen duela ukatu zuen. “Zaila da arratsalde berean Garberara erosketak egitera joatea, eta ondoren zentrora jaistea. Edo batera edo bestera joango zara, ez bietara”, esan zuen SShops-eko ordezkari Lourdes Lazarok.

SAN BARTOLOME

Donostian irekiko den beste saltoki handi bat San Bartolomekoa izango da; Easo kalea eta Aldapetako aldapa gurutzatzen diren tokian. Aldapetako muinoa zulatuko dute hura egiteko, eta Donostiako metroaren irteera bat joango da bertan, baita hotel bat ere. 8.000 metro koadro izango ditu.

Merkataritza gune horren proiektua aurreko udalak —EH Bildu zegoen gobernuan— onartu zuen, alderdi guztiekin adostuta. Baina, Burutaranek dioenez, udal gobernuak bere filosofian aldaketak egin ditu. “Hasiera batean hirugarren sektoreari begirako egitasmoa zen, baina komertzioei muga jartzea zen asmoa. Baina orain hartu duten erabakia da inori mugarik ez jartzea. Alegia, norbait etortzen bada 8.000 metro koadroko denda handi bat jarri nahi duela esanez, ez dauka mugarik”. EH Bilduk proposamena egin zion udal gobernuari bertan jarriko diren saltokien azalera mugatzeko —marka handiak etortzea saihesteko— eta elikagai dendarik ez jartzeko —Eroski bat joango baita hortik oso gertu—. “Baina ez dute onartu, eta zabalik utzi dute edozein marka eta edozein tamainako saltokiak irekitzeko”.

ILLUNBE

Gaur egun, Illunben ez dago ez saltokirik, ez zinemarik, ez eta taberna edo jatetxerik ere; soilik Donostia Arena dago martxan, eta 30 urtez erabiltzeko akordioa du sinatua Gipuzkoa Basket taldeak udalarekin. Baina Gorenaren epaiak aukera berriak irekitzen ditu gune horri begira. Izan ere, gaur egun eraikitakoaz gain, 14.000 metro koadro gehiago eraiki daitezke Illunben, eta azalera osoa —ia 35.000 metro— merkataritzarako erabiltzeko aukera dago.

Baina Illunberen jabetza Donostiako Udalarena da, eta udalak saldu egin nahi du, jabe pribatu baten esku utzi. Udalak apirilean iragarri zuenez, ekainean aterako dute lehiaketara Illunbe, eta 18 milioi euroko irteera prezioa izango luke. Jabe berriak 3 milioi euroko kostua izango luketen sarbide berrien obrak hartu beharko lituzke bere gain.

Leave a Reply

Your email address will not be published.