Euskarak ere badauka magia

Euskarak ere badauka magia

Maite Alustiza

Ez da lehenengoa izango, baina Elgetako Magia Mostrak osagai bat gehiago izango du: euskara. Hala, gaurtik igandera arte, soilik euskaraz sortutako emanaldiak eskainiko dituzte hainbat sortzailek Espaloia kafe antzokian. Euskal Herri mailan lehen aldiz antolatuko dute horrelako erakustaldi bat, eta, horrela, euskaraz egindako lanen kalitatea goraipatu nahi dute, Janire Lazkano Kultura zinegotziak joan den asteko aurkezpenean azaldu zuenez: “Sinesten dugu Espaloia kafe antzokiaren moduko espazio batek euskal sortzaileen lana indartzeko urratsak egiten jarraitu behar duela”.

Hiru emanaldi izango dira gaur eta bihar; iganderako, berriz, umeentzako tailerrak prestatu dituzte, 12:00etatik aurrera. Saioetarako sarrerak salgai daude Elgetako El Rincon de la Lola eta Haizea tabernetan, Bergarako Pikupen eta Kutxabanken sarreren webgunean —aldez aurretik erosita, sei euro balio du gaurko emanaldiak, eta hamar euro biharkoak—.

ASIER KIDAM

Asier Kidamek (Gasteiz, 1984) emango dio hasiera jaialdiari, gaur, 20:30ean. 7 urterekin murgildu zen magiaren munduan, 10 urterekin egin zuen debuta, eta 19rekin bizibide bihurtu zuen magia. Harrezkeroztik, 2.000 emanaldi baino gehiago egin ditu.

Haurrentzako 1805 ikuskizuna eskainiko du. Horretan, magiaren historiari begiratua egingo dio, iraganeko eta orainaldiko mago batzuen lanen bitartez. Lanak 1805. urtea dauka abiapuntu. Artistak dioenez, magiaren norabidea “aldatzeko zorian” zegoen garai hartan, eta, sormen loraldi baten eskutik, “magiaren urrezko aroa” hasi zen. Berrehun urte geroago, ordubeteko “bidaia gogoangarri bat” proposatzen du Kidamek: “Denok oroimenean gordetzen ditugun ilusioak, gaur egunera ekarriak eta sekula ikusi gabeko moduan aurkeztuak”.

Kidamena berarena da lanaren jatorrizko ideia; zuzendari artistikoa Julia Marin da, eta ilusio diseinuaz Luis Martioda eta Victor Ruiz de Gordoa arduratu dira. Jantziak, berriz, Garbiñe Goenagak eta Maria Jesus Ladron de Guevarak egin dituzte.

TOR ETA TXOBORRO

Elkarrekin ariko dira bihar Tor (Algorta, Getxo, 1982) eta Txoborro (Bilbo, 1983), 22:00etatik aurrera. Tor magoari aitonaren magia truko bat ikusita piztu zitzaion magiarako grina, eta hortik aurrera “atzerabiderik gabeko bidea” hartu zuen. Txoborrok 14 urterekin ekin zion bide horri, autodidakta gisa. Biek ala biek telebistako hainbat saiotan parte hartu dute —ETB1eko Magoak saioan, adibidez—, eta 2012an Akelar konpainia sortu zuten, bakarka egitea “ezinezkoak” liratekeen proiektuak gauzatzeko.

Aztikeriak saioa prestatu dute bi magoek. “Erabat berritzailea” den ikuskizun bat dakarte, galdera bat abiapuntu hartuta: “Zer gertatuko litzateke mago batek, loak hartuta, bere ikuskizunera joatea ahaztuko balu?”. Eskapismoa, ilusio handiak, antzerkia eta komedia uztartzen dituzte haien “unibertso magikoan”; publikoaren parte hartzea ere garrantzitsua da ikuskizunak funtziona dezan.

IMANOL ITUIÑO

Imanol Ituiñok ere (Bilbo, 1989) bihar eskainiko du bere ikuskizuna, Tor eta Txoborroren saio berean. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Leioako unibertsitatean, eta orduan egin zen “duple eta 31 keinuen profesionala”. Gaur egun, “magia parrastan egiten” ematen du denbora; jaialdietan, festetan, ezkontzetan eta irratian aritzen da, besteak beste.

Magia parrastan izena du biharko emanaldiak, eta horretan, kartak, bolatxoak, sokak, agerpenak eta desagerpenak topatuko ditu ikusleak. Saio “parte hartzaile, dinamiko eta magikoa” izango dela iragarri du Ituiñok, aproposa heldu nahiz haurrentzat. Ordubete inguruko iraupena dauka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.