Erik Gartzia Egaña
Beharra dagoen tokian beti egongo da norbait egoerari buelta ematen ahalegintzeko. Egungo gizartean, besteak beste, ugariak dira feminismotik eragiten duten taldeak. Indar handia izan du mugimendu feministak Euskal Herrian, eta azken urteetan are indar handiagoa hartzen ari da.
Errenterian dozena erdi bat talde feminista daude. Duela urtebete pasatxo, Memorandra jardunaldiak antolatu zituzten, udalerriko azken lau hamarkadetako memoria feminista berreskuratzeko asmoz, “isildutako historia” ezagutarazteko asmoz. Orainaldia eta etorkizuna lantzeko helburuarekin sortu zen, duela hiru bat urte, Kolpe Morea talde feminista.
Nerea Diaz, Eli Etxabeguren eta Nerea Rodriguez buru-belarri sartuta daude Kolpe Morea osatzen duen lantaldean. Gogorarazi dutenez, Ernai gazte erakundeko Errenteriako taldea feminismoa lantzen hasi zen orain dela hiru urte pasatxo, eta orduan hasi zen oraingo taldea dena mamitzen.
Ernaik izan zuen lehenengo Martxo Morea antolatzeko ardura. “Gazte erakundekoak ez ziren pertsona asko joan ziren hara”, gogorarazi du Etxabegurenek, “eta feminismoa lantzeko espazio propioa sortzeko erabakia hartu zuen Ernaik”. Horrela, pixkanaka, hasi ziren Kolpe Morea gorpuzten. Sorburu izan zuen antolakundetik autonomia hartzen joan zen taldea, bereizi arte. Gaur egun, hamar bat kidek osatzen dute Kolpe Morearen nukleoa. Horietako bakarra da, egun, Ernaiko militantea.
Kolpe Moreak duen ezaugarrietako bat da neskek zein mutilek osatzen dutela. Diazek jakinarazi duenez, “modu naturalean” sortu zen talde mistoa. “Ez genuen izaerari buruz eztabaidatu”, azaldu du. Izan ere, Kolpe Morean dabiltzanen mutil-lagunak feminismoaren ikuspuntutik “formatuak” daudela iritzi diote. Hala ere, izaera mistoari buruzko ñabardurarik badute: “Mutilak eta neskak, feminismoa lantzeko garaian, ez gara puntu beretik abiatzen. Emakumeok espazio batzuk behar ditugu, gure gaiak lantzeko eta guri dagozkigun gauzei buruz hitz egiteko”.
Estreinako urtea barrura begirako lana egiten pasatu zuten, “kohesioa bilatzeko eta formazioan sakontzeko”. Topo geltokiaren ondoko eraikinean egin zituzten —eta egiten dituzte— bilera horiek, Garaipen eta Bilgune Feministak erabiltzen duten lokalean. Lan bilera haiek “oso potenteak” izan zirela gogoratu dute. Hainbat gai lantzen zituzten, bakoitzaren zalantza eta kezken araberakoak.
Barneko lanketa hori bukatuta, kalera irten ziren. Horrela, Ernaik 2014an antolatutako Martxo Morearen bigarren ekitaldia egin zuten, landu zuten formazio hori guztia gazteen artean zabaltzeko. Kolpe Morea bezala antolatutako lehenengo ubel koloreko martxoan, abortuaren alde guztiak azaleratu zituzten: eskubidea bera, garaia iritsiko balitz zein urrats egin behar diren… Normalizazio kutsua eman nahi zioten.
Aurten, berriz, ez dute gai espezifikorik landu, baina berritasun gisa Bizentaren Lumak jolasarekin aritu dira. Genero ikuspegia kontuan hartzen duen jokoa da, eta dozenaka gaztek parte hartu zuten horretan. Horrez gain, beste hainbat jarduera ere egin zituzten martxoaren 8aren bueltan: gizonentzako tailerrak, emakumeentzako autodefentsa feminista, emakumeek euren gorputza hobeto ezagutzeko ikastaroa…
Duela hiru hilabeteko jardueren emaitzarekin gustura geratu baziren ere, ez dira martxoaren 8ra mugatuko. Espazio feminista gehiago sortu nahi dituzte, eta, horregatik, aste honetan zein datorrenean jardunaldiak egingo dituzte, Gure armez jabetu gaitezen lelopean. Espazio propioa eraikitzeaz gain, alor ezberdinak jorratu nahi dituzte: gazteen gaiak, “ez hain gazteentzako” ere badirenak eta emakumeek egindako musika. Izan ere, horrekin ikusgarritasuna eman nahi diote emakumeek jokatzen duten rolari; “agertokia gurea ere bada”. Eta bizitzaren arlo guztietan hala izan dadin, kolpez kolpe ariko dira.
Leave a Reply