Herritarrak hitza hartzera doaz

Herritarrak hitza hartzera doaz

Eider Goenaga Lizaso / Maite Alustiza

Iritsi zaie momentua. Igandean, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute Gipuzkoako 32 herritan. 09:00etatik 20:00etara, boto kutxak jarriko dituzte Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzitan eta Azpeitian. Bi galdera izango dira. Goierrin, honako hau: “Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Eta Azpeitian eta Debagoienean: “Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?”. 16 urtetik gorakoek izango dute bozkatzeko aukera; Goierrin 58.066 hautesle egongo dira, Debagoienean 54.533 —Aramaio barne—, eta Azpeitian 12.142. Emaitzak 22:00 baino lehen izatea aurreikusi dute.

Galdeketa aurreko egunetan, Ordizian, Azpeitian eta Arrasaten izan da HITZA, giroa ikusi eta herritarrekin hitz egiteko. Denetariko iritziak bildu ditu; baiezkoak eta ezezkoak: galdeketaren berri dutenak eta parte hartuko dutenak, dakitenak baina joango ez direnak; ezer ez dakitenak…

MIKEL ETXABE
Bergara, 1979
“Kexa asko izaten dugu askotan, baina egin? Ezer ere ez”
“Kuadrillan-eta hasieran ez genuen giro handirik, baina bi lagun hasi ginen pixka bat sartzen, animatu ginen hitzaldi batera eta ikusi genuen interesa zeukala. Hortik gehiago animatu ziren. Askotan kexa asko izaten dugu, baina egin? Ezer ere ez. Ez antolatu, ezta antolatzen dituzten gauzetan parte hartu ere. Ikusten duzu jendea esfortzu bat egiten ari dela, denontzako ona izango den zerbait, eta pena da hori ez aprobetxatzea. Behintzat parte hartzea; gero emaitza beste gauza bat da. Herri dinamiketan badabiltza gazteak, gaztetxean, kontzertuak antolatzen…Eta hau ere aukera izan daiteke gazte jendea inplikatzeko”.
OLATZ AGIRRE
Azpeitia, 1991
“Herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du honek”

“Jende gehiena bezala, pixkanaka joan naiz sartzen kontu honetan. Iruditzen zait herriarentzako gauza oso ona izan dela. Ez bakarrik herri galdeketaren kontuagatik, baizik eta sortu den giroagatik; herria mugitzeko eta dinamizatzeko balio izan du. Gero eta jende gehiago joan da parte hartzen. Jendea animatuta ikusten dut. Galdeketa egiteak berak, erabakitzeko aukera emateak, ilusioa pizten du. Emaitza ez da hain inportantea, galdera egitea eta erabakitzeko aukera ematea, bai. Gustatuko litzaidake hau zabaltzen joatea, baina ez dakit… Logikoa denez, orain galdeketa egitera doazen herriak aukeratutakoak dira, eta Azpeitia ez da Euskal Herriko beste herriak bezala”.

MARIA LUISA IRULEGI
Errezil, 1951
“Espainiatik gauza gutxi iritsiko zaigu, eta hauxe da guk geuk egitea”

“Barrutik jarraitu dut prozesu guztia, Hitzartu-n ibili naizelako lanean, eta aitortu behar dizut igandekoak beldur pixka bat ematen didala. Gazte jendea mugituko dela uste dut; baina nire adineko jendea ez dut animatuta ikusten. Azpeitian gauza pila bat egin dira jendea mugitzeko, baina hoztasuna sumatzen dut,batez ere nire adinekoen artean. Niri beldurtzeko moduko ilusioa egiten dit. Espainiatik ezer gutxi iritsiko zaigu, guk geuk egin behar dugu; eta hauxe da guk egitea, euskaldunok euskaldunontzat lan egitea. Azpeitikoak eredu izan beharko luke, beste herriei begira, eta mundu guztiak parte hartu beharko luke. Askotan eskatu dugu erabakitzeko eskubidea, eta orain daukagu aukera. Baina, jende ezberdina elkartzea lortu dugun arren, beldur naiz ez ote den betiko jendea bakarrik mugituko. Nahiago nuke bestela balitz. Uste dut jendea zain dagoela hemen zer gertatzen den, gero beste herrietara zabaltzeko”.

ALBERTO GARMENDIA
Ordizia, 1963
“Kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut”

“Gaia jarraitu dudan arren, ez dut orain arteko ekintzetan parte hartu. Dena den, kontsulta egitea eta herritarrei galdetzea den guztia ondo ikusten dut. Giro aldetik, Goierriko inguru honetan gauzak mugitu direla iruditzen zait, eta pentsatzen dut jendeak parte hartuko duela. Galdetzearen ariketa den aldetik oso ona iruditzen zait, beharrezkoa da jendeak zer nahi duen jakitea, eta honek horretarako bidea ematen du”.

PATXI BASTIDA
Azpeitia, 1955
“Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian”

“Ilusioz jarraitu dut urte honetako prozesua, eta ilusio handiarekin nago. Ilusioa beti. Nik sumatu dudanagatik, eta lagunei-eta entzundakoagatik, jendea esperantza handiarekin dagoela iruditzen zait. Nigandik hasita. Nik esperantza eta ilusioz begiratzen diot igandeko galdeketari. Giroa badagoela uste dut, eta ea honen atzetik zer etortzen den. Dudarik ez dut egiten parte hartze handia izango dela Azpeitian”.

TXISKU MASID
Lazkao, 1964
“Galdeketa egitea bera lorpen bat da; jada irabazi dugu”

“Hasieratik parte hartu dut antolaketan: giza katea, gero estadioetakoa eta orain galdeketa. Prozesua oso polita eta aberatsa izan da; Ordizian jende ezberdin asko bildu gara. Aldi berean, azken urteak uste baino lan gehiago eman digu; burokratikoagoa da lana, eta gauzak ondo lotu behar dira. Bestetik, egin den lanari esker, sentsibilitate ezberdinak elkartzea lortu dela iruditzen zait, lehen sumatzen zen zatiketa haustea lortu dela nolabait, eta iritsi gara orain arte mugitu ez den jende batengana. Ez dakit nola aterako den, baina herrian egin den lan hori jada irabazi dugu. Asko kostatu da muga haustea eta elkarrekin lanean hastea, baina lortu dugu, eta eutsi egin behar zaio, baita ekainaren 5aren ondoren ere. Eta denak ez gaude ados, baina niretzat galdeketa egitea bera ere lorpen bat da; jada irabazi dugu. Galdera planteatu dugu, herritarrei galdetuko zaie, eta hor egongo da. Teoria hutsetik harago, praktikan jarri dugu, eta horrekin jada irabazi dugu. Gero, parte hartzea, ikusiko dugu…”.

ANAJE RUIZ
Arrasate, 1953
“Eguneroko gauzen inguruan galdetzea gustatuko litzaidake”

“Badakit galdeketa egongo dela, baina ez dut gaia askorik jarraitu. Ez naiz bozkatzera joango; hala ere, herritarrei galdetzea den guztia oso ondo iruditzen zait. Gustatuko litzaidake eguneroko gauzen inguruan galdetuko baligute; politikari asko hauteskunde programan jartzen dutenarekin doaz aurrera, horretan babesten dira gero nahi duten guztia egiteko, eta ez naiz alderdi konkretu batez ari. Hondakinekin hemen daukagun kontuarekin, Epelekoarekin-eta, adibidez, gustatuko litzaidake galdetzea. Benetan galdetzea egunerokoan denei eragiten diguten gauzez, gauza erabilgarriez. Baina zaila ikusten dut; askok kontrakoa esaten duten arren, agintzen dutenen interesak herritarrenen gainetik daude askotan”.

FILO PEREZ
Extremadura (Espainia)
“Galdetzea ona da; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik”

“Nik hau normal-normal bizi izan dut. Galdetzea normala iruditzen zait. Galdetzea ona da, eta gero norberak erabakiko du zer boto eman, hori norberarena da. Baina uste dut herritarrei galdetu behar zaiela, herriak bere iritzia eman behar duela. Azpeitian piztu da giroa, eta jendea ari da gaiari buruz hizketan. Agian nahastuta egongo naiz, ikusiko dugu, baina jende askok parte hartuko duela iruditzen zait. Bestetik, Katalunian pareta batekin egin dute topo, eta agian guk ere pareta joko dugu, baina segi egin behar da aurrera. Galdeketarekin zer lortuko dugun, hori beste gauza bat da, baina jendeari galdetzea beti da ona. Iganderako ilusioa badut; askotan eman dugu botoa alfer-alferrik, eta honek behintzat balioko du jendeak zer nahi duen neurtzeko, honi buruz ez baitzaigu sekula galdetu”.

ANDER GOÑI
Arrasate, 1997
“Inguruan ikusten dut askok ez dutela interesik jartzen”

“Inguruko gehienek badakite igandean galdeketa dagoela, baina ikusten dut askori ez zaiela inporta, ez dutela interesik jartzen horrelako gauzetan. Asko ez dira botoa ematera joango; hauteskundeetan ere, badaude lagunak bozkatzera joaten ez direnak. Niri garrantzitsua iruditzen zait; gero politikariez kexatzen gara… Aukera daukagun momentuetan iruditzen zaiguna esaten ez badugu, ez dugu nahi duguna lortuko. Egia esan ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, noraino helduko den hau, baina jendeak erabaki ahal izatea gauza oso positiboa da”.

MARTIN ARNAIZ
Arrasate, 1943
“Ez da disparate bat demokrazia batean herritarrek erabakitzea”

“Parte hartuko dut, hauengatik besterik ez bada —bilobari seinalatuz—. Guk ez dakit jada zerbait ikusiko dugun, baina inportantea da hau bizitzea, gogo hori edukitzea eta praktikan jartzea. Uste dut Goierrin lan oso inportantea egin dutela, Debagoienera ere iritsi da, eta aprobetxatu behar dugu. Etxean geratuta ez da ezer aldatuko; langileen borrokak ikusi ditugu, beraien eskubideak defendatzen, eta inportanteena dena, denok elkarrekin. Askotan ikusi da gauzak lor daitezkeela, baita parean dagoena handia izanda ere. Orain Espainiatik-eta traba asko jartzen dituzte, baina hemengoa hemen erabaki dezakegula uste dut. Ez dut uste disparate bat denik, demokrazia batean, herritarrek erabakitzea zer nahi duten. Hori edonork ulertzeko modukoa da”.

ROSARIO ZEBERIO
Ordizia, 1943
“Guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira”

“Egia esan kontu hau ez dut askorik jarraitu, baina entzun asko entzun da. Hala ere, ni ez naiz asko ibiltzen herrian. Ez daukat parte hartzeko asmorik. Ez, ez, ez, nik ez dut saltsa horretan sartu nahi. Nahiago dut beste lan batzutan aritu, politika kontuetan ez dut sartu nahi. Nazkatuta nago, entzutearekin bakarrik nazkatu egiten zara, beti jira eta buelta kontu bera dabilelako; eta soluziorik ez da bilatzen, eta hori da txarra. Esango bazenuke honek soluzio bat ekarriko duela, segituko nioke, baina ez diot soluziorik bilatzen. Eta guretzat, adineko pertsonentzat, kezkak beste batzuk dira”.

AITOR ELUSTONDO
Azpeitia, 1979
“Bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun”

“Aurretik hainbatetan eskatutakoa egingo dugu, eta ikusi da herriak baduela interesa. Eskubide bat aldarrikatuko dugu, bada garaia erabakitzeko eskubidea izan dezagun. Espero dezagun hau lehen pausoa izatea. Izan ere, nonbaitetik hasi behar da, zer edo zer egin beharra dago; guk sinistu eta egin behar dugu. Eta guk sinesteko, ondo dago erakustea herritarrek zer nahi duten. Nik uste dut jendeak baduela parte hartzeko gogoa. Nola esango diogu ezetz horrelako aukera bati? Lan handia egin da Azpeitian, jende asko mugitu da, mugimendu zabala izan da”.

LURDES ZUBIA
Arrasate, 1969
“Politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz”

“Erabakitzeko eskubidearen alde nago, eta inguruan ikusten dut ilusioa badagoela. Ni ez naiz askorik inplikatu, baina botoa ematera joango naiz. Hilabete honetan bi boto ematea tokatuko zaigu… gauza oso ezberdinetarako, baina bietara joango naiz. Aukera gutxi egoten dira, eta dagoenetan ez bagoaz… Hala ere, politikari askoren jarrera ikusita, nahiko ezkorra naiz. Baina egia da beraiek agintzen digutena egitera mugatzen bagara berdin jarraituko dugula”.

ANDER ITURBE
Azpeitia, 1959
“Ez nago hemen erroldatuta; beraz, ez dut interes handirik jarri”

“Ez dut gai hau askorik jarraitu, baina entzun dut zerbait, eta ikusi ditut ikurrinak-eta balkoian. Kontua da, hemengoa izan arren, ez nagoela Azpeitian erroldatuta, eta ezin dut botoa eman; horregatik, agian, ez dut askorik jarraitu gaia, ez dut interes handirik jarri. Bestalde, ni politika kontuekin hain nazkatuta nago, bai herri mailan eta bai estatu mailan… desilusionatuta nago erabat. Aukera edukiko banu, bai, emango nuke botoa. Baina, orain dagoen egoerarekin, azken momentura arte ez nuke jakingo ze boto eman”.

ROS INSAUSTIONDA
Lazkao
“Sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako zerbait”

“Kanpotik baina interesarekin jarraitu dut prozesua, eta baita aurretik egin diren gauzak ere. Igandeari begira sentsazio onak ditut; iruditzen zait behar zela horrelako gauza bat. Nik uste dut herritarrok badugula gogoa gure esku dagoena egiteko, eta hau oso gauza positiboa da. Eta ikusi dena da sentsibilitate ezberdinak mugitu direla, eta iruditzen zait elkarrekin lan egiteko ordua iritsi dela. Azkenean, inor ez da etorriko guri galdetzera, eta guk egin beharko dugu pauso hori. Espero dut, bai Lazkaon eta bai Goierri osoan, parte hartze txukuna izatea, eta ea Goierri beste eskualde batzuen eredu bihurtzen den”.

JOKIN ETXEBESTE
Arrasate, 1987
“Galdeketa antolatzeak berak ekarri du aldaketa bat”

“Joango naiz botoa ematera, noski. Ikusten dut geldirik gaudela, edo bestela gauzak okerrera doazela. Aldaketa bat behar dugu, eta uste dut galdeketa antolatzeak berak ekarri duela aldaketa bat, jendea mugitzeko gogoz zegoela. Hemen, eskualde oso bat inplikatu da kristoren ekintza pila antolatuz. Espero dut jendeak parte hartzea, emaitza baino garrantzitsuagoa izango da igual. Gogoratzen dut giza katea izan zenean Kataluniarekin konparatzen genuela, eta ni behintzat ez nintzen oso baikorra, ez nuen uste erantzun hori izango zuenik. Orain, pauso gehiago eman ditugu, eta herri askotan eman ahal izango dugu botoa. Uste dut, gainera, gure ondoren gehiago animatuko direla”.

LEIRE VIANA
Ordizia, 1980
“Herrian egin diren ekitaldietan lortu da jendea mugitzea”

“Antolatu diren zenbait ekintzatan parte hartu dut, antolaketan ibili ez arren. Nik uste dut herrian egin diren ekitaldietan lortu dela jendea mugitzea. Eta galdera egitea bera oso ondo iruditzen zait, inportantea da herritarrei zer nahi duten galdetzea. Ez dakidana da nolako parte hartzea izango den; ez daukat pertzepzio argi bat. Niri agian ez zait iruditzen ezer berezia sumatzen denik, baina nire pertzepzioa da. Hala ere, espero dut parte hartze handia izango dela”.

JON GURRUTXAGA
Azpeitia, 1996
“Hainbeste eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu”

“Herria nahiko aktibo dagoela esango nuke. Lan handia egin dute Hitzartu-koek, eta uste dut asmatu dutela herrira iristen. Mugimendu honetan, bai Azpeitian eta bai Euskal Herrian, gazteak bezala jende heldua ere mugitu da, oso mugimendu zabala izan da, eta jende askorengana iristea lortu dute; beste mugimendu politiko batzuek lortu ez dutena.

Nik ilusioa badut, eta uste dut hori dela pertzepzio orokorra. Hainbeste urtetan eskatu ondoren, herritarroi galdetu egingo zaigu. Guk hitza emango dugu, eta ez dakit zeinek hartuko duen, nahi duenak hartuko du, eta nahi ez duenak ez, baina hemen egin beharko ditugu gauzak, garbi baitago ez Madrildik eta ez Paristik ez digutela galdetuko”.

MAITE MENDIOLA
Bergara, 1979
“Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko”

“Nik uste dut askok irudikatu dugula nolako etorkizuna nahiko genukeen. Askorentzat urrutiko gauza bat da edo zerbait ezinezkoa, baina pixkanaka bakarrik heldu gaitezke horretara. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko; ikusten ari gara Katalunian, han dagoen indarrarekin ere, ez dela bide erraza. Dinamika politak ateratzen ari dira herrian; galdeketaren inguruan egin diren ekintzez eta hitzaldiez gain, Kilometroen antolaketan-eta ere mugimendua dabil. Gazteena garrantzitsua iruditzen zait. Beraiek izan behar dute interesik handiena, beraien esku baitago datorkien guztia erabakitzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.