A. Perez-Karkamo
Maxuxa Larrarteren aitona-amonen etxe azpian zauritu zuten Josu Zabala. Ez zen oso urruti Larrarte, eta den-dena ikusi zuen. Hartaz mintzatzen denean ahotsa aldatzen zaio; ez da lan arina harentzat, baina egin behar dela uste du, “gazteek herrian gertatutakoa ezagut dezaten”.
Ia berrogei urte pasatu dira Zabala hil zutenetik. Zabala Gogoan lantaldea sortzea erabaki duzue aurten. Zertarako?
Batetik, gertatutakoaren testigantzak jaso nahi ditugu, hitzez, argazkiz eta bideoz. Berrogei urte pasa dira, baina hura bizi izan genuenok oraindik presente dugu, eta egungo gazteek, belaunaldi berriek gertatu zena jakin dezatela nahi dugu. Eta, bestetik, omenaldia antolatu nahi dugu. Urtero egin izan zaio, irailaren 8ro, baina alardearen festan galduta geratzen zen, eta behar bezalako ekitaldi bat prestatzea ezinbestekoa dela uste dugu.
Zuk zergatik erabaki duzu lantaldean sartzea?
Ekintza ikusi nuelako, lekuko izan nintzelako, eta urtero egin zaion omenaldian parte hartu izan dudalako. Oso hunkigarria izaten da niretzat, oso gogorra. Bai, urte asko pasa dira, baina ezin da ahaztu herri honetan bizi izan genuen gertakari hura.
Testigantzak biltzen ari zarete. Zer esan nahi du horrek, oraindik badagoela zer ikertu?
Ikertzeko baino gehiago, kontatzeko. Argi dago zer gertatu zen, baina ez da kontatu, eta belaunaldi berriek ez dakite zer gertatu zen, ez dakite Guardia Zibilak herriko jaietan gazte bat hil zuela tiroz. Urtero omenaldi xume bat egiten da, familiak ikus dezan ez garela ahazten. Baina zabaltzea falta da, eta gazteek horren berri izatea.
Orain arte, alarde egunean egin izan da omenaldia, egun horretan hil zutelako. Aurten bezperan egitea erabaki duzue. Zergatik?
Bai, alarde egunarekin galduta geratzen da ekitaldia, festarekin. Horregatik, bezperan egingo dugu, leku berean, Zabalaren txokoan, baina irailaren 7an. Jende gehiagok parte hartzeko aukera izango du, eta festa girotik aldenduko da ekitaldia. Erakusketa bat ere prestatuko dugu, astean zehar Itsas Etxean bisitatzeko aukera izango dena.
Aurreko urtean esfortzu handia egin zen omenaldian sentsibilitate desberdineko jendea egon zedin. Aurten bide horri eutsi diozue, ezta?
Bai, bai, eta horretarako jendearekin hitz egiten hasi gara. Adibidez, Lesakako Laminaciones lantegiko batzorde osoa etorriko da —han egiten zuen lana Zabalak—; udalari eskaera egin diogu, udalbatza osoa etortzea nahiko genuke… Ari gara horretan lanean, batzuekin eta besteekin elkartzen.
Nolakoa da familiarekin duzuen harremana?
Beti izan dugu harremana beraiekin. Beren asmoa beti izan da omenaldia herriak egitea, beraiek hor egon bai, eta lagundu, baina pisua herriak hartzea. Oso jende xumea dira, eta orain arte horrela egin dugu. Baina beti egon gara haien ondoan.
Eta, zure ustez, zein da Josu Zabalaren familiak 40. urteurrenetik atera nahiko lukeen ondorioa?
Herritarren artean transmisioa bermatzen dela ikustea, eta, horrez gain, adineko jendeak gertatutakoaz lasai hitz egitea. Bi gauza horiek lortuz gero, pozik geratuko lirateke.
Leave a Reply