“Jaialdia erreferente eztabaidaezina da motoen kulturarentzat”

O. M.

Sancho Rodriguez (Irun, 1974) Surfilmfestibal zinema jaialdiaren zuzendaria da, eta Art Ride III erakusketaren produkzio arduraduna. Ez du zalantzarik Wheels & Waves jaialdiko erakusketetan ikus daitezkeen bildumek merezi dutela, eta sinetsita dago Ziriza Etxea toki aparta dela horiek erakusteko.

Nondik sortu zen Wheels & Waves jaialdia abiatzeko ideia?

Jaialdia motorraren kulturaren, surfaren eta skatearen ospakizun bat da. Kolektibo oso txiki batek ekin zion antolakuntzari, orain dela sei urte inguru. Motoan ibiltzeko elkartzen zen jendea zen, beti moto zaharrekin, vintage-kin. Ez zuten inoiz lasterketarik egiten, soilik zeharkaldiak, paseoak leku politetan. Kolektiboa, berez, Tolosakoa da [Okzitania], eta Miarritzen hasi ziren topaketa egiten, surfaren munduarekin zuten harreman handiari eraginez.

Jaialdia asko handitu da urte gutxiren bueltan.

Bai. Bilakaera handia eta azkarra izan da. Mugimendu txiki bat zen, baina eztanda egin du, arlo guztietan. Prestaketa lanak, eskulangintza, diseinua… moda handi bat sortu da, estilo oso bat. Orain dela hiru urte hasi ziren Punk’s Peak lasterketa egiten, eta, aurten, erakusketa handi hau Ziriza Etxean.

Eta nolatan ari dira Gipuzkoarantz hedatzen?

Hasieratik dute harreman handia Hegoaldearekin, motoekin askotan ibiltzen zirelako hemengo itsasertzean.

Berritasun garrantzitsuak aurkeztu ditu aurten jaialdiak. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Gu Surfimfestibal gara, eta harreman handia dugu sustatzaileekin hasieratik. Urtero antolatzen da Art Ride erakusketa, motorrekiko pasioa irudikatzeko asmoz: irudietan, argazkietan, pinturan, objektuetan, vintage motoetan. Oso erakusketa garrantzitsua da, eta gu aspalditik genbiltzan erakusketa hau hemen antolatu ahal izateko leku baten bila. Leku handia eta arina izan behar zuen, eta gogoratzen ginen 2006. urtean Zirizan egin zen Manifestarekin. Oroitzapen horrekin, Pasaiako Udalarera jo genuen, proiektua aurkeztera. Begi onez ikusi zuten, eta, sustatzaileei tokia erakutsi genienean, bat egin zuten.

Asteburuan Pasaiako Art Ride III erakusketa bisitatzen duenak zer topatuko du?

1898. urteko triziklo bat, 1918. urteko Harley bilduma, eta, batez ere, moto vintage-n bilduma oso-oso bereziak. Horrez gain, Nuts artistaren pinturak, eta kartel amerikar zaharrak antzinako estetikak jasoz. La Kantera proiektua ere guretzat oso proiektu berezia da, Algortako skate parkea mundu guztian ezaguna baita, ikono bat. Jon Amiano, Jabi Mendizabal eta Fernando Elvira skaterrek liburu oso berezi bat egin dute historia hau guztia jasotzeko, eta espazio berezi horretan aurkeztuko da.

Tokiko hainbat eragilek ere parte hartuko dute erakusketan.

Bai, La Kantera egitasmoaz gain, Motoclub Gipuzkoak ere parte hartuko du Lasarteko zirkuituaren argazki mitikoekin, eta erakusketa oso berezi batekin. Horrez gain, tokiko bildumazaleek beren motoak erakutsiko dituzte. Ez badirudi ere, hemen inguruan jende askok ditu bilduma handiak, eta horietako asko Zirizan izango dira asteburuan, beren motoak erakutsi eta bildumak aurkezten. Wheels & Waves jaialdia munduko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da gaur egun, erreferente eztabaidaezina motoen kulturarentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.