Aizpea Amas
Biriatuko ordainlekuaren erabiltzaileentzat, auto ilarak eguneroko traba bihurtu dira. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, ilarekin egiten dute topo. Azken zazpi hilabeteetan, 170 egunetan behintzat bai: hamar egunetik zortzitan. Luzeagoak edo motzagoak, gehiago edo gutxiago irauten dutenak, baina ohiko bihurtu dira, eta dagoeneko jendea nazkatzen hasia dago. Eguneroko erabiltzaile horien artean daude kamioilariak. “Etsita daude. Egoera hau pixka bat jasangaitza bihurtzen ari da. Egunero igarotzen dute muga, eta normala da haserre egotea”, esan du Jaione Ugalde Hiru garraiolarien sindikatuko komunikazio arduradunak.
Eurokoparen harira eta muturreko talde islamisten mehatxuak direla medio, Frantziak kontrolak zorroztu ditu, hala nola bidesarietan. Biriatun sortzen diren ilarak horregatik dira, hein handi batean, baina ilarak ez dira sortu futbol ekitaldiarekin batera; areagotu bai, ordea. “Parisko atentatuen ondorenetik hasi ziren sortzen, kontrol gehiago jartzearekin batera. Hilabete batzuk daramatzagu horrela”.
Egun guztietan ez dira izaten ilara berdinak, eta badira arazo gehiago sortzen dituzten egunak; normalean asteartea eta ostirala izaten direla azaldu du Ugaldek: “Egun horietan iristen dira mugara penintsulan kargatu eta Europa iparraldera joaten direnak. Lau ordu ere galdu izan dituzte”. Horrek, batetik, ondorio ekonomikoak ekartzen ditu. “Gidatzea araututa dago, eta takografo bidez kontrolatzen da: ordu finko batzuetan gidatu behar dute, eta beste hainbat orduz atseden hartu. Gidatzeko lau ordu badauzkate atseden hartu aurretik, eta geldituta bi badaude, kilometro horiek egiten ez dituzten orduak dira”. Horrek karga berandu iristea eta galera ekonomikoak ekar litzake, baina, Ugaldek nabarmendu duenez, lan egoera ere okertzen da. “Azkenean, estres edo deserosotasun bat sortzen du itxaroten egon beharrak, badakizulako ez duzula beteko zure bezeroarekin, geldirik zaudela eta ez zarela lanean ari”.
Joan den astean, horixe gertatu zitzaion Raul Gaspar kamioilariari; haren kasuan, ordea, ostegunean izan zen: “Hiru ordu egin nituen gasolina zerbitzugunean geldirik, eta, gero, beste bat errepidean. Denbora tartea badugu entregak egiteko, baina ez nuen iristerik izan”. Valentzia-Paris ibilbidea egiten du astero Jose Ramon Ibañezek, eta ilarek denbora estutzen dietela dio hark ere: “Normalean aurkitzen ditugun oztopoei —obrei, adibidez—, beste bat gaineratu behar zaie orain”. Azaldu du, gainera, kontrola tokatuz gero beste 30 minutu gehitu behar zaizkiola. Horietan, takografoa, gasolioa eta karga begiratzen dituzte, garraiolariaren esanetan. Horrenbestez, helmugaren arabera, lauzpabost ordu edo egun bat beranduago iristea eragin dezake horrek guztiak, Ugalderen arabera, “eta horrek eragina izan dezake garraiatze osoaren prezioan”.
Mugetako kontrolak ez daude Biriatun bakarrik. Baina kamioilariek adierazi dute beste toki batzuetan ez dela horrelako ilararik izaten. Gasparrek bezala, Ibañezek ere Junquerako (Herrialde Katalanak) muga igarotzen du, eta, dioenez, han ere tarteka badira ilarak, baina ez hain luzeak; “Gehienez, 25 minutukoak”. Ugaldek dio Frantzia eta Belgika areko mugetan ere ez direla horrelako ilarak sortzen: “Ez dugu ondo ulertzen zein den arrazoia”.
Kabina gehiagoren beharra
Ilarak kudeatzeko modua egon daitekeela iritzi dio Ugaldek: “Kontrolak egitea ulertzen dugu, baina agian gauzak beste modu batera bideratu behar dituzte. Adibidez, kabina gehiago irekiz edota polizia gehiago jarriz”.
Kabinak dira, kontrolekin batera, inbutua sorrarazten dutenak, kamioilarien esanetan. Horiek irekitzearen alde agertu da Joao Ervideira, Lisboa-Paris ibilbidea egiten duen kamioilaria. Izan ere, Biriatun bi kabina baino ez dituzte bideratzen kamioientzat, eta horri egotzi dio ilarak sortzea Salvador Ponce kamioilariak, haserre. “Kontrolak? Ze kontrol? Ez dute ezer begiratzen eta! Ez niri, ez inori. Hogei kamioitik bat begiratzen dute. Kabina bat edo bi ireki beharrean, guztiak edo lauzpabost irekiko balituzte, ez lirateke ilarak sortuko. Joan den astean, ordu eta erdi galdu nuen. Beti berdin!”.
Kabina gehiago irekitzearekin batera, pasabide gehiagorekin zirkulazioa azkartuko litzatekeela uste du Ugaldek. Lan egiten ari denari lan egin ahal izateko moduak jarri beharko litzaizkiokeela gaineratu du Hiruko kideak, eta zehaztapen bat egin du: “Azkenaldian entzuten ari gara kamioiek sortutako ilarak direla. Eta kamioiek ez dituztela ilarak sortzen, pairatu baizik”.
Ez dago argi honek guztiak noiz arte iraungo duen, eta luze joko duelakoan dago Ugalde: “Eurokoparen ondoren, Tourra dator. Gainera, udan sartzen ari gara, eta zirkulazioaren gorabeherak handiagoak izaten dira, turismoa dela eta. Uda partean errepideetan komeriak edukitzen baditugu, pentsa honekin zer gerta daitekeen”. Horregatik, uste du egoerak lehenean segituko duela edo okerrera egingo duela: “Printzipioz, ez dugu ikusten hobetuko denik”.
Oraingoz, beraz, itxarotea tokatzen zaie kamioilariei. Ibañezek filosofiaz hartu du egoera, eta honako hau du ilaran egotea tokatzen zaionetarako erremedioa: “Pazientzia edukitzea”.
Leave a Reply