Julene Frantzesena
Piztu energia burujabetza lantaldeko kidea da Enok Sudupe (Azpeitia, 1983). Ingurumena Herritik azoka egingo dute bihar Azpeitian, “herritarrak kontzientziatzeko”. Piztu aritu da antolaketa lanetan.
Zer da Piztu lantaldea?
Piztu lantaldearen helburua da eskualdean energia burujabetza bultzatzea, ulertuta justu bestaldean gaudela, hau da, %99 menpekoak garela. Energia burujabetza izango dugu kontsumoa murrizten dugunean eta ekoizpen berriztagarriekin asetzen garenean. Kontzeptu teknikoak, herritarrei urrun geratzen zaizkienak, tailerren bitartez-eta gerturatzea da gure xedea. Jendea sentsibilizatu nahi dugu, kontsumo arduratsutik abiatuta. Eta, pixkanaka, tokiko sorkuntza bultzatu.
Zeren sorkuntza?
Energia eredu berrien tokiko ekoizpena bultzatu nahi dugu, etxeetan plaka fotovoltaikoak jartzen hasita. Gaur egun gas naturala (berogailuak eta ur beroa) eta argindarra kontsumitzen ditugu, batez ere: gasa Siriatik-eta ekartzen dute, eta argia Iberdrolak eta halako enpresek eskaintzen dute. Elektrizitate hori berriztagarria denik ez dute bermatzen; energia nuklearra eta fosiletatik eratorria izaten da. Goiener kooperatibak, adibidez, %100 berriztagarria den energia eskaintzen du. Baina badira alternatibak: Goienerrek merkatuan energia berdea erosi, eta, gero, saldu egiten du. Oraingoz, komertzializazioan aritzen da, baina sorkuntzan ere nahi du sartu. Egia da, gaur egun, legeak-eta ez dutela sorkuntza errazten.
Energia dependentzia aipatu duzu. Zer esan nahi du horrek?
Urola Erdiak erabateko menpekotasuna du energiarekin; Azpeitiak ere bai, noski. Kontsumitzen den energia guztia, argindar edo gas moduan, kanpokoa izateaz gain, jatorri fosilekoa edo nukearrekoa da. Ezinbestekoa da energia berriekiko apustua egitea. Kontsumitzen eta ekoizten duguna berdea izatea lortu behar dugu. Elektrizitatea eguzki plakekin edo aerosorgailuekin sor daiteke, eta beroa sortzeko biomasa eta geotermia ditugu.
Aldaketa hori eragin al daiteke?
Badira eredu errealak. Kanariar Uharteetako El Hierro irla eta Islandia, esaterako, burujabeak dira energiari dagokionez. Baina Espainiako legedi gogorrak dena zailtzen du. Izan ere, burujabetza autokontsumotik hasten da, eta legeak trabak jartzen ditu horretarako. Guk eta Goienerrek eskatzen duguna da energiaren demokratizazioa. Erraztu egin behar dute energia ekoiztea, baina Espainian izugarrizko azpiegiturak egin dituzte elektrizitatea garraiatzeko, eta gobernuari ez zaio interesatzen autoekoizpena. Hala ere, kontzientzia da gakoa.
Zapatuan Azpeitian egingo den Ingurumena Herritik azokaren sustatzaileetakoa da Piztu.
Ingurumena pertsonen eta naturaren arteko elkar eragite moduan ulertzen dugu. Hori kontuan izanik, heziketa, sentsibilizazioa eta dibulgazioa sustatu nahi ditugu azokaren bidez.
Azoka antolatzean hiru adar hartu ditugu kontuan: energia eredu berriak, zero zabor filosofia eta mugikortasun iraunkorra. Kontuan hartu dugu ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zela. Datuak oso esanguratsuak dira. Energia menpekotasun ikaragarria dugu. Hondakinen gaikako bilketaren tasa %40 izan zen 2015ean Azpeitian, eta herritar bakoitzak 250 kilo errefus sortu zituen. 1988an zabaldutako Lapatx zabortegia, Gipuzkoan zabalik den bakarra, herrian daukagu. Orain, erraustegia egin nahi dute Zubietan. 2014an, bi herritarretik batek autoa zuen Azpeitian, eta industriaren ostean, hori da CO2 isurien iturri nagusia.
Datuak datu, ingurumen kontzientziarik ba al dago herrian?
Bai eta ez. Birziklatze tasak horren isla dira. Batzuek %90 birziklatzen dute, eta ingurumenarekin arduratsu jokatzen dute; beste batzuek, berriz, apenas birziklatzen dute. Inork ez du %40 birziklatzen; batzuek asko eta besteek batere ez. Xedea da kontzientziarik ez duenari pixka bat piztea zera hori, irakastea.
Leave a Reply