Maite Alustiza
Musikarik gabeko minutu bat ere ez egotea. Hori lortu nahi dute bihar Donostian, eta, horretarako, goiz eta arratsalderako kontzertuak prestatu dituzte. Asteartean izango da Europako Musikaren Eguna, baina Donostian aurreratu egin dira. Hiru gunetan egongo da musika: bederatzi talde FNAC inguruan —denda barruan eta Loiola kalean—; Musikeneko ikasleen kontzertua, Nautikoan; eta DJak Alderdi Ederren, Donostia 2016ren informazio puntuan.
11:00etan: Iruñeko Baobabs Will Destroy Your Planet hirukoteak euskara hutsean abesten du. 2014ko urrian osatu zuten taldea, eta handik hilabetera estudioan sartu ziren, lau kantu grabatzera. Euren lehen diskoa, berriz, aurten grabatu dute, eta ez edonon: Londresko Abbey Road estudioetan egin dute, Iñaki Llanera ekoizlearekin. Hala, estudio horietan euskaraz grabatu duen lehen banda da. Eymard Uberetagoenak (ahotsa eta gitarra), Daryna Sadtxikovak (sintetizadoreak) eta Eneko Reketibatek (bateria) osatzen dute taldea.
14:00etan: Pablo Blix bakarka ariko da, ahotsa eta gitarra. Haren bakarkako proiektuetako bat Petrol Guillermo da, eta, horrez gain, Acido C boskoteko kide da.
15:30ean: Iñigo Serrulla Donostiako 20 urteko bakarlaria da. 17 urterekin hasi zen gitarra jotzen; geroztik, musika munduan ibili da. Indie-folk musika jorratzen du, eta, iaz, Gure Bazterrak saria irabazi zuen. Horri esker, Gure Bazterrak jaialdian jotzeko aukera izango du aurten. Bakarka aritzeaz gain, Burun Danga taldeko kide ere bada —Malus Domestika diskoa kaleratu berri dute—.
16:30ean: Nothing Box Donostiako taldea Marcos Ubiriak (gitarra, baxua eta ahotsa), Koldo Bellosok (gitarra eta baxua) eta Aitor Mansillak (bateria) osatzen dute. 2014ko martxoan sortu ziren, Burnout izenarekin. Aurten grabatu dute euren lehen EPa, Yon Vidaurrekin. Pop rock alternatiboan mugitzen dira, eta hainbat talde dituzte erreferentziatzat; besteak beste, Oasis, Arctic Monkeys, Green Day, Berri Txarrak eta Weezer.
12:00etan: Indie-pop eta folk estiloetan oinarritzen da Autumn. Nuria Culla 21 urteko bakarlari donostiarra dago izen horren atzean. Abesti propioak sortzen ditu, eta bertsioak ere egiten ditu; horien artean daude Amy Whinehouseren, Russian Reden eta Frank Sinatraren kantuak.
13:15ean: Gus Gonzalez, Manu Gestido eta Sergio Villarren ekimenez gauzatu zen Sky Beats, 2012an. Jazz, soul eta blues kantuen bertsio talde bat egiteko asmoz, Lidia Insausti abeslariarekin bat egin zuten, eta orduan sortu zuten Sky Beats. Martxoan euren lehen lan luzea aurkeztu zuten, Ad Libitum, eta hori da Donostian aurkeztuko dutena. Ingelesez ondutako hamabi kantak osatzen dute diskoa; eurek sortuak dira horietatik 11, eta bestea Billy Prestonen Will It Go Round it Circles abestiaren bertsioa da.
17:30ean: Asier Beramendiren proiektua da Eraul. Indie-folk estiloa dauka taldeak, eta euskaraz zein ingelesez abesten dute; ahotsak garrantzi berezia du, melodiaren gainetik. 2014ko maiatzean demo txiki bat grabatu zuen Beramendik Goteborgeko (Suedia) estudio batean, eta iaz hiru kantako lan bat plazaratu zuen Eraulek. Egun, Beramendik taldekide ditu Julen Idigoras, Borja Anton, Garazi Esnaola, Maria Bustos eta Julen Barandiaran.
18:45ean: Howdy 2012an Donostian sortutako taldea da. Euren musika country estiloan oinarritzen da, eta abesti klasiko nahiz garaikideak jotzen dituzte. Howdy osatzen dute Jon Arzelusek, Julio Gallok, Julen Maestrok, Jon Antonek, Landon Cothamek eta Gorka Arranzek.
20:00etan: Ramones talde mitikoaren bateria-jotzailea da Marc Steven Bell, Marky Ramone izenez ezaguna. Marky Ramone’s Blitzkrieg proposamenarekin 1970eko urteetako punk rocka dakar. Aurten 40 urte dira Ramones taldeak lehen diskoa plazaratu zuela, eta Ramone bandaren klasiko guztiak jotzen dabil bira batean.
11:30ean: Crespo’s Brass. Taldekideak: Raquel Ruiz (tronpeta), Andres Brau (tronpeta), Monica Garcia (tronpa), Cristian Buades (tronboia) eta Miguel Jimenez (tronboia).
12:30ean: Kantua. Kontzertua Elisa Diaz sopranoarekin eta Albet Mena teklatu-jotzailearekin.
13:30ean: Jazz taldea.
17:30ean: Crespo’s Brass.
18:30ean: Kantua.
20:00etan: Jazz taldea.
11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:00etara: DJ Makala.
20:00etatik 22:00etara: DJ Javi P3z.
Leave a Reply