Danel Agirre
Joan den astean, Xabi Alonsoren txio bat bost bider partekatu zuten nire Facebookeko lagunek minutu gutxiren bueltan. Erraustegiak Zubietan aritzen diren futbolarien osasunarengan izango duen eraginagatik egonezina azaleratzen zuen ilegorri txit guapoak. Pozarren barreiatzeko moduko materiala zen hura nire Facebookeko lagunentzat, tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea ez delako batere ohikoa, are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita. Eta tamainako VIPak afera polarizatuetan bustitzea —are gutxiago erakunde ofizialena ez den kamiseta jantzita— batere ohikoa ez denez, materiala susmagarria zela usaindu, eta benetakoa ote zen egiaztatzea otu zitzaidan. Dagoeneko ez zaitu harrituko partekatutako txio hori Xabi Alonsoren izena erabili nahi izan zuen norbaiten muntaketa bat izan zela irakurtzeak; haren Twitterrean ez dago erraustegiaren inongo aipamenik. Ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak gehiago dira Real Madril eta Espainiako selekzioa, ilegorri txit guapoaren eguneroko kezkak Twitterreko kontu ofizialean azkenaldian idatzitakoak badira behintzat.
Konturatu ez diren nire Facebookeko lagunek ekologiaren eta ardura sozialaren ikonotzat izango dute dagoeneko Alonso. Badaude, ordea, protagonisten ospearentzat askoz kaltegarriagoak izandako asmakizunak. Elkarrizketa batean irakurri nion Mikel Goñiri harrituta zegoela hango eta hemengo festetan basapiztiren batekin zartakoka amaitu zuela dioten kondaira guztiekin. Berari buruz kontatzen ziren trakeskeria asko egia zirela aitortuta, bataila mitologiko horietatik beste mordo bat nonzeberri fantasiosoen fruitua omen ziren, sekula gertatu gabeak. Karlos Argiñanok bere saioan guardia zibilei eta ibai bati buruzko txiste oso aldrebesa lasai bota zuela ere asmatu zuen gisako arduragabe batek. Kiebra jota, Javi de Pedro Murtziako gasolindegi batean lanean ari zela besteak. Lukainken zerrenda nahi adina luza nezake.
Horrelako istorio batek sinetsia izan dadin egiantza behar zuela uste nuen lehen. Inguruko gure informazio iturriek esandako guztiak frogatu ezin ditugunez, ziriak egiantzekoak direlako filtratu ezin ditugun datu eta istorio faltsuak zirela. Ez da hala, ordea, gezurrak zuritu eta gure egiteko mekanismoak ere baditugulako. Ez den informazio bat zabaltzea komenigarri edo dibertigarri suertatzen bazaigu, gezurra denaz erabat ahazteko kapaz gara. Argiñanoren txistea telebistaz zuzenean entzun zutela dioten bi ezagun dauzkat, urrutira joan gabe. Berdin du bi horiei sukaldariak berak pasadizoa gezurtatu izan duela esateak, gertatu izan balitz Argiñanok 24 ordu baino lehen Manos Limpiasen kereila bat izango zuela arrazoitzeak, edo klipa ezinbestean Youtuben egongo litzatekeela errepikatzeak. Gezur hori bizi izan zutela sinetsita daude, modu zintzoan. Oroitzapenak moldatu dituzte, faltsua eta eraikitakoa bere biografia ofizialaren pasarte bihurtzeraino.
Entzundakoez, ikusitakoez eta bizi izandakoez modu zintzoan idazteagatik ordaintzen didatenez, nik lortu dut mekanismo arriskutsu hori aztertu, identifikatu eta desaktibatzea. Fida zaitez nitaz, beraz.
Leave a Reply