Olaia Iraola
Eskola Agenda 21 programaren barruan, Urnietako Egape ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek soinu maparen inguruko lana egin dute. Proiektuaren helburu nagusia eskola eta herria garapen iraunkorrerantz bideratzea izan da. Ikastolako musika irakasle Antton Jauregik atera du proiektua aurrera, ikastolako bi gelarekin. “Beti nuen pentsatua soinu mapa bat egitea, apuntatua ere banuen. Soinuaren eta zarataren inguruan lan egin behar genuela jakitean argi nuen ariketa hau egin nahi nuela”, azaldu du. 6-7 urte bitarteko ikasleekin lan egin du musikako irakasleak, eta, guztira, Urnietako 29 txokotako soinuak grabatu eta neurtu dituzte.
Herriko kaskoan zehar aritu dira txangoak egiten, eta sakelako aplikazio baten bidez neurtu dituzte zarataren dezibelak. Udaletxean mapa bat eskatu, eta hori zarata mailaren arabera margotu dute ikasleek, eta, ondoren, Agenda 21ekoei eta udalekoei oparitu.
Proiektu honetan hainbat ondorio atera dituzte Egape ikastolako ikasleek. Lehenengo eta behin, Urnieta herri lasaia dela diote, 65 dezibeletik beherako zarata maila baitu. Horixe da Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako tolerantzia muga. Errepide nagusian, Idiazabal kalean eta autobian zarata handia dagoela azaldu du Egapeko irakasleak. Trenbideko zarata ere handia den arren, herrian zaratarik handiena dagoen gunea herriko aizkora fabrika dela azaldu du. Hala ere, herriko leku askotan txoriak entzuten direla eta hori positiboa dela adierazi du Jauregik.
Behin herriko soinuaren azterketa eginda, hainbat proposamen eta ondorio bateratu, eta Mikel Pagola herriko alkateari zer ikasi duten azaldu diote. Herrian ikusi dituzten gabeziek eta proposamenek ere izan dute lekua udaletxean. Alkateak baloratu egin du egitasmoa. Ekarpenengatik eskerrak eman ostean, horien erantzuna jasoko dutela azaldu die ikasleei.
Atera dituzten ondorioak mapan islatzeaz gain, webgune batean ere azaldu dute aste hauetan egin dutena, bideo batekin batera. “Ikasleak gaztetxoegiak dira webgunea erabiltzeko, baina bideoa egitean parte hartu dute”, azaldu du musikako irakasleak.
Bi-hiru aste jardun dira proiektuarekin, eta ikasleek soinuaren eta zarataren inguruan asko ikasi dutela azaldu du Jauregik. “Orain arte ez zekiten zarata dezibeletan neurtzen dela”, gehitu du; “aldi berean, neuk ere asko ikasi dut”. Balioa eman dio proiektuari, eta herri gehiagotan egin beharko luketela adierazi du: “Jendeak ez daki zarataren dezibelak neurtzeko doako aplikazio bat dagoela. Jada sakelakotik edozer egin daiteke, eta ez dago soinua neurtzeko gailuen beharrik horrelako zerbait egiteko”.
Kutsadura akustikoa osasunarentzat kaltegarria dela eta, eskola komunitateek ingurumenarekiko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea nahi dute, herritar moduan parte hartzea bultzatuz.
Zarataz gain, garapen iraunkorrean eragiten duten faktoreak aztertu dituzte Agenda 21 programan: ura, energia, hondakinak, herriko egoera sozioekonomikoa, kutsadura…
Leave a Reply