Alex Arribe
Hilero 650.000 litro errekin saltzen duen gasolindegi batean handik igarotzen diren bidaiari partikularrei inkesta bat egiten aritu dira. Ibilgailuen erregai tanga betetzen duten bitartean erantzuten diren lauzpabost galdera dira. Adifek eskatutako estudio batean sartuta dago, zertarako eta abiadura azkarreko trenak duen errentagarritasun potentziala aztertzeko.
Hamar mila inkesta egin bide dituzte Madrildik Irunerako errepide bazterretan. Galdeketan ez zaio jaramonik egiten bidaiarien iritziari. Abiadura azkarreko trenari buruz leukaketen aurreiritzi edota konpromisoa ikertu ere ez da egiten. Estudioaren helburu soila errepideetako erabiltzaileen bidaia ohiturak neurtzea da, nondik nora ibiltzen diren, zenbat kilometro egiten dituzten, zergatik edo zertarako joan-datozen, zenbateko sarritasunarekin, bidaiak duen kostua, eta zergatik ez duten garraiobide publikoa aukeratu; hau da, zeri eman dioten lehentasuna.
Vacas Blancas gasolindegia Olaberrian dago, Goierrin, N-1 errepidearen ertzean, baina ezusteko etorkin oso gutxi harrapatzen ditu. Errepidean gasolindegi seinale egokia jartzeko baimena ukatu zieten. Bertara iristeko, Etzegarate-Beasain norabidean, gasolina hornitegia oraindik ikusgai ez dagoenean, Idiazabal, Mutiloa, Zegama eta Zerainera doan irteera hartu behar da. Aldi berean, Errumania, Hungaria eta Ukrainako kamioilari talde finko baten gotorlekua da, kamioientzako parking zabala eta zerbitzu asko eskaintzen zaizkielarik. Izan ere, gasolindegian egunero saltzen diren 25.000 erregai litroen %85, hornitegiko enkargatuaren arabera, kamioilariek erosten dute. Baina horiek inkestatik at daude: galdetegia betetzeko ibilgailu partikularretan datozenei bakarrik eskatzen diete.
Inkestatzaileak guztira 348 inkesta egin ahal izan ditu sei egunen buruan, bezero berak berriro ikusten hasi aurretik. Beste 69 lagunek erantzuteari uko egin diote, “astirik ez” edo bestelako “ez, eskerrik asko” batekin. Erantzun dutenen %81 Goierriko bizilagunak dira. Ez omen da nahita aukeratu hurbileko hainbeste bezero duen tokia. Gipuzkoan barrena N-1aren ertz-ertzean dauden hamaika gasolindegi nagusietan inkesta egiteko baimena ukatu diete ikerlariei, multinazionalen jabeen egoitzetara zuzentzeko gomendioarekin eta “batzuetan baita kanon bat eskatuz ere”, ikertzaileetako batek esandakoaren arabera. Olaberrian bakarrik eman diete baimena, eta horrela suertatu da aukera hau, kasualitatez, Goierriko bizilagunek bete dutela galdetegia.
Garraioa hobetzeko aukera
Bidaiarien ia erdiak (255etik 124), astelehenetik ostiralera behintzat, etxetik lanera joan-etorrian ibiltzen dira, eta horietako gehienek, Goierrin barrena, egunero 10, 13 edo 16 kilometro bi bider egiten dituzte. Langile batek esan bezala, nahitaez egin beharreko bidaia denez, kostuari ez diote begiratzen, baina, astero, gasolinan 20-25 euro joaten zaizkie gutxienez, eta baita doblea ere, Goierritik kanpo, bidaiaren helmuga Errenteria, Irun edo, adibidez, Alegria-Dulantzi izan ohi denean. Deigarriena da galdekatuen %88 autoan bakarrik doazela. Izan ere, Gasteizera edo urrunago doazen gazteek eta langile bakan batzuek bakarrik antolatzen dituzte biko edo hiruko taldeak.
Autoa aukeratu izana arrazoitzeko atalean, azkartasunari baino askoz ere gehiago denbora alferrik ez galtzeari ematen zaio lehentasuna. Lan ordutegiak batzuetan malguak direla eta, baserritar batek dioen bezala, “auskaloka ez ibiltzearren”, autoa daukatenez gero autoa erabiltzen dute, gaur egungo baldintzetan aukera erosoagorik ez baitago.
Baina, aldi berean, goierritarrek bereziki aho batez diote euren beharrei erantzuten dien garraiobide publikorik ez dagoela edo dagoena ez zaiela “batere eraginkorra”; horien artean daude goizeko seietan sartzen diren erreleboko langileak, autobus geltokietatik urrunegi bizi edo lan egiten dutenak, edota euren bidaia trenez edo autobusez egiteko bi edo hiru konexio behar lituzketenak—Antzuolatik Idiazabalera, 23 kilometro egiteko, adibidez—. Idiazabaldik Debara, 50 kilometro besterik ez dira, baina egunero bidaia hori autoz ordubetean egiten duen irakasleak proba egin zuen behin. Beasainen trena hartuta abiatzea erabaki zuen, eta hiru ordu behar izan zituen Debara ailegatzeko. “Bat eta azkena!”, erabaki zuen, autoan joateak gasolinan astean 60 euroko gastua eragin arren.
Berdin gertatzen da Seguratik Arrasatera edo Gasteizera abiatzen diren ikasleekin. Ordutegiek ez dute kointziditzen. Ez dute geltokietan itxaroten egon nahi. Edo 81 urterekin geltokia baserritik kilometro batera daukanaren kasua. Zegamatik Olaberrira joaten da, 10 kilometro, baina badira hogei urte autobusa hartzen ez duela.
Garraio publikoa “desastre hutsa” dela dio etxean lan egiten duen 50 urteko emakume batek. Adibidez, Ordiziatik Legazpira autoa hartu ordez autobusez joateko, ordubete gehiago behar da. Berdin Gasteizerako norabidean. Erabiltzaileek diotenez, konexio oso txarrak daude, urriak, eta, gainera, autoa bezain garestiak dira. Hilabeteko familia bisita baten ondoren Marokoko Nador eskualdean dagoen Oujdatik Ormaiztegira datorren lauko familiarentzat ere, prezioari begiratuz gero, erosoagoa da autoz etortzea trenez baino. Goierritik Donostiarantz aukera gehiago daude, baina langile bat autoz egunero Zegamatik Donostiara joan-etortzen dena goizean 07:30ean abiatzen da lanera, eta autobusa erabili nahiko balu, goizeko seietan geltokian egon behar luke. “Herri txikietan ez dago autoa besterik”.
Ekuazioaren aldagaiak
Garraio publikoa ez da garatu Goierrin eskariaren neurriak txikiak direlako, eta, aldi berean, eskaria ez da handitzen eskaintza egokirik ez dagoelako. Aldizkako estudioek herritarren beharrak zeintzuk diren adierazten dute, baina langileek galdetzen dute ez ote diren erabakiak hartzen ari irabazi pribatuak eskuratzeko, herritarren beharrei bizkarra emanez.
Garraio lehentasunen galderaren ildotik, Euskal Y-aren eztabaidan iritzi-interes kontrajarriak nabarmentzen dira gasolindegian. AHTaren aurka daudenek, hautetsontzi baten eskean, Euskal Y-ak ekarriko duen txikizioa aipatzen dute, beste lehentasun batzuk daudela, baserri lurren nahitaezko desjabetzea bidegabeki egiten ari direla, eta, besteak beste, parte hartzerik gabe exekutatutako Euskal Y horrek goierritarren beharrei behintzat ez diela erantzungo.
Ados daudenek, berriz, kalteak izango direla ukatu barik, abiadura azkarra garatzea derrigorrezkotzat hartzen dute. “Ez bada mundu mailan aldaketaren estrategia global bat, atzean ez geratzeko bertatik ihes egitea nahi izango ez badugu, aurrera jarraitu behar da”, dio gasolindegira etorritako enpresari batek. Baina CAFeko langile erretiratu bat ere agertu da gero, eta lehentasuna gaur egungo trenbideak egokitzea litzatekeela dio. Gabriel Insausti CAFeko zuzendari teknikoa zenaren iritzia ekarri du, esanez trenbidearen kurbak kendu beharko liratekeela eta orduko 300 kilometroko abiadura duen tren bat fabrikatu.
Azkartasuna atzerapenarekin datorrela; hori ikusten dute denek. “Baserriko katxarroentzat” gasolioa erostera etorri direnetako batek dio estres handia ikusten duela inguruan, jendea ezin bizi dabilela, dena korrika egiten dela, baina, gero, alde guztietara berandu iritsi.
Leave a Reply