Maier Ugartemendia
Tolosaldeko beste herri asko bezala, Belauntza ere mendi magal batean kokatuta dago, Iturregi gainaren hegalean, hain zuzen ere. Hortaz, bertara iritsitakoan herriak orokorrean eta bereziki erdiguneak dituen aldapak atentzioa ematen dute. Aldapa horiei esker, ordea, eskualdeko ikuspegi ederra du Belauntzak.
Hogeita zortzi herrik osatzen dute Tolosaldea, horietako gehienak 1.000 biztanletik beherakoak, eta haien artean dago Belauntza —254 biztanle ditu—. Biztanleriari dagokionez, goia jo zuen herriak 1970eko hamarkadan —405 biztanle izan zituen—, baina ordutik biztanleriak behera egin du, eta, gainera, gehienak “65 urtetik gorakoak” dira, Mariano Lazkano alkatearen esanetan.
Industrialdea badu Belauntzak, baina hain herri txikia izateak ezinbestean baldintzatzen dio inbertsioak egitea. Hala ere, ekonomikoki herria “nahiko ondo” dagoela zehaztu du Lazkanok.
Frontoia eta bolatokia
Udalak aurten esku artean duen proiektu nagusia frontoia berritzea da. Otsailean amaitu zuten lanen lehen fasea, frontoia ixtea. Udalak aspalditik zuen proiektu hori buruan, eta emaitzarekin “oso gustura” gelditu da Lazkano. Lanen helburua frontoiari probetxu handiagoa ateratzea zen; izan ere, bertan haizeak gogor jotzen du, eta eguraldiak askotan erabili ezinik uzten zuen frontoia. Hain zuzen ere, urte guztian erabilgarri egotea zen helburua; bereziki herritarrek kirola egiteko edo aisiarako urte osoan erabil dezaten. Lehen fasea amaituta, bigarrena du orain buruan Lazkanok. “Harmailak jarri nahi ditugu frontoian, eta lanak aurten amaitzea espero dugu”.
Proiektu nagusia pilotalekuarena bada ere, aurrera begira, epe labur eta ertainean egiteko proiektu gehiago dituzte esku artean. Esaterako, jada gauzatzen ari diren proiektu bat Martintxo elkartearen ondoan egiten ari diren aparkalekua da. Herria aldapatsua denez, elkartearen ondoan autoak “kristoren aldapan” utzi behar izaten zituzten, eta, hortaz, elkartearen ondoan zegoen herri sail batean 15-16 autorentzako aparkalekua egitea erabaki zuten.
Bestalde, bolatokia berreskuratu nahi dute. “Nahiko hondatuta” dagoela eta, ostatuaren atzean dagoen zelaian, plazatxo batean, berria egiteko asmoa dute. “Duela hamar urte ingurura arte udaletxe ondoko bolatokian jokatzeko ohitura handia zegoen”. Bolatoki zaharretik gertu dago egun haurrentzako parkea ere. Errepide ondoan dagoenez, “nahiko arriskutsua” da, eta aipatutako plazatxo horretan parke berri bat jartzea ere gustatuko litzaieke.
Azpiegiturei dagokienez, herrigunetik bananduta dagoen San Jose ermitaren ondoko errepidea zabaldu egingo dute, han dagoen industrialdeak zabalerarekin “arazorik ez izateko”. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango dute; izan ere, lan horiek egiteko “diru kopuru handia” beharko dute. Proiektu guztiak gauzatu ahal izatea espero du Lazkanok. Halaber, herrian zuntz optikoa ere pasatu berria dute.
Kultur eskaintza
Belauntza herri txikia izan arren, urte osoan kulturari lotutako hainbat ekintza izaten dituzte. Esaterako, herrian ospatzen dituzten San Joan jaiak amaitu berri dituzte; ekainaren 23tik 26ra bitarte egin zituzten, joan den astean. Ospakizunik potoloena San Joan egunean bertan izan zuten.
Oporrak hartu berriak dituzten herriko haur eta gaztetxoek, berriz, uztailaren 4tik 29ra udaleku irekiak izango dituzte; Gabonetako oporretan ere izaten dute. Aitzakia horrekin herriko haur eta gaztetxoen arteko harremana sustatzen dute. Izan ere, urteak dira Belauntzan eskolarik ez dutela, nahiz eta eskolaren eraikinak oraindik zutik jarraitzen duen —udaletxe ondoko plazan dago—. Kultur astea, berriz, abendu amaiera aldera antolatu ohi dute urtero, eta denetariko jarduerak izaten dituzte aste horretan.
Herrian bertan bizimodua egitea sustatu nahi dute. “Egitasmo ezberdinen helburua herria bizirik mantentzea eta herritarrei erosotasuna eskaintzea da”, Lazkanoren esanetan. Belauntzak oso gertu ditu Tolosa eta Ibarra, tamaina handiagoko herriak, eta askotan horietara joateko ohitura dagoela dio Lazkanok. Herritarren artean, batez ere gaztetxoenen artean, “laguntasuna” sortu eta elkarrekin “giro onean” egotea gustatuko litzaioke, eurak izango baitira hemendik urte gutxira herrian bizia egingo eta sortuko dutenak.
Leave a Reply