Leire Narbaiza
Gizon-emakume bikote bat, biluzik natura basatiaren erdian, hogeita bat egunez bizi iraun nahian”. Horrela hasten da Aventura en pelotas (Abentura larrugorritan) saioa, zapatu gauetan TDTko Discovery Max kanalean ematen dutena. AEBetako produkzio bat da, eta jatorrizko izena Naked and Afraid (Biluzik eta beldurtuta) du. Ortozik daude, bakoitzak hara eramateko objektu bakarra baino ezin du hautatu eta bideo-kamera bana dute grabatzeko eta sentitzen dutena adierazteko.
Saioan sarri nabarmentzen dute biluzik egotearena, batez ere andre-gizonak direlako. Sexuan pentsatzen, alegia. Baina larrubizi egotearenak badu askoz garrantzi handiagoa, ezin baitute babesik eduki, ez eguzkitik, ez hotzetik, ez zomorroen hozkadetatik. Gogorra eta latza. Horrela hiru astean. Gainera, ia jan barik, ura ere bilatu ezinda, behegainean lo eginda eta aterperik gabe. Infernua lurrean!
Beste kate batzuetan ere badaude bizi-iraute saioak. Ez hain muturrekoak baina bai gogorrak. Oraintxe bertan Tele5-n badute bat sasi-famatuekin eta Etb2n El Conquistador del fin del mundo dontsua. Biek ala biek sekulako audientziak lortzen dituzte, nonbait; niri fenomeno ulertezina egiten bazait ere.
Egia da jende ugari dagoela saio horietan parte hartzeko prest. AEBetakoan ez dakit, baina bai Tele5koan eta El conquis-en casting itzelak egiten dituzte. Zer dela eta? Espainiako kate horretakoan badakit dirua dela motibo nagusia. Sasi-ezagunak izanda, batzuei sekulako dirutza ordaintzen diete bertan egoteagatik eta saria ere nahiko potoloa da, 300.000 euro inguru. Baina Etb2koan zein da motibazioa? Wikipedian begira, ikusi dut edizio batzuetako saria 18.000 eurokoa dela. Pentsatzen dut bertan egoteagatik ere emango dietela zerbait, baina ez da ekonomikoa bertara joateko grina. Entzun izan dut euren burua proban jartzeko dela, noraino irits litekeen norberaren indarra ezagutzeko. Begiak talo eginda lagatzen dizkidate horrelako erantzunek. Izan ere, sufritzea ez dut batere gustuko, eta jende horren helburua horixe berori da: ea zenbat agoantatzeko gai diren ezagutzea!
Horregatik, argi daukat ez nintzatekeela sekula santan halako programa batera aurkeztuko, pentsatzen dudalako gorriak ikusteko badagoela eguneroko bizitza.
Dena dela, ez naiz jausiko topiko eta demagogian, eta muturreko emozioak bizi nahi dituenari ez diot esango joan dadila errefuxiatu eremu batera, edo gure hirietako etxe gabeekin bizitzera. Ez, deigarria bazait ere, senperrenak ikusteko gogo hori ez dut erantzun erraza eman nahi.
Beraz, zein da lehiakideen motibazioa? Zerk bultzatzen ditu? Baliteke mendeetako katolikotasunaren eragin ezkutua izatea: sufrituta baino ez dugu lortuko zerua, mundua malko-haran hutsa delako. Edota aberaskumetxoak izanda, eguneroko oinarrizko premiak aseta ditugula jakinda, ezer jokoan ez dugula argi edukita abenturazale izateko premia dugula. Mendebaldarren gutiziak ditugula, berba batean. Seguru gaudelako aurreko bizimodu erosora itzuliko garela, egoerarik latzena jasanda ere.
Erraza da naufrago gosetiarena egitea, itzultzean ohe beroa eta hozkailu betea aurkituko dugula dakigunean. Eta hori gure mundutxo honetan baino ez da gertatzen. Gure Lurreko beste munduetan biziraupena da araua, gurean itxurakeria hutsa da.
Leave a Reply