Danel Agirre
Demokrazia zuzena da dagoen demokraziarik okerrena. Ez da nik esandakoa, demokrazia kontuetan puntako bi adituri irakurria baizik. Rajoyk eta Sanchezek azterketa horixe plazaratu baitzuten brexit-a jazo zenean: arazoa ez omen zen galdeketaren emaitza, galdetu izana bera baizik. Hain afera delikatu eta inportanteetan, arriskutsuegitzat zuten herriari iritzia eskatzea, herriak arinkeria osoz behar ez dena erantzun dezakeelako, ondoriorik neurtu gabe. Itzulpen librea: hautesle arrunta tontoegia da erabaki garrantzitsuak hartzeko, horrelakoetan askoz hobe ordezkaritza politikoa profesional txit trebeen esku geratzen bada.
Hautesle arruntak tontoegiak garela brexit-a eman eta 48 ordu eskasera baieztatu ahal izan zela gaineratu lezake begirale maltzurren batek, hautesle arruntek Rajoy eta Sanchez profesional txit trebeak garaile bilakatu genituelako Espainiako bozetan. Ederrak geundeke erreferendum konplexu bati aurre egiteko, biribilduko luke bere gogoeta. Zintzoa banaiz, nire kasuan behintzat bidezkoa litzateke mesfidantza hori. Horrelakoetan arrazoizko botorik emateko ez nago trebatuta. Ezta hurrik eman ere.
Adibide modakora jo dezadan. Demokrazia zuzenagatik apustu egin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegi ditxosozkoaren inguruan herri galdeketara deituko balu, aurreiritziz betetako boz ideologizatua eman beharko nuke. Neure burua aurrerakoi eta ekologistatzat dudanez (benetan ba ote naizen beste kontu bat da), ezezkoa litzateke hori. Zinez, ordea, zaborren kudeaketaz deus ez dakit nik. Ez nuke jakingo esaten zenbat alternatiba dauden, gurean aplikagarriak ote diren, zer-nolako abantailak, eragozpen eta arriskuak dituzten, edo afera behin betiko konpontzen ote duten. Eta nire susmoa da, kanpaina bat emango balitz ere, informazio fidagarri samarrik ezingo nukeela hain erraz eskuratu. Antzeko egoeran nengoke beste mila gaietan, taxuz bozkatzeko beharrezko prestakuntzarik gabe. Brexit-aren kasuan, alde bateko eta besteko liderrek lotsa handirik gabe asmatu omen dituzte datuak, nork bere soroa ureztatzeko. Erabiltzen den tokietan, demokrazia zuzenak ez dirudi zeharkako demokrazia parlamentarioa baino askoz itxurosoagoa.
Ez dakit boto-emaile arruntak tontoegiak garen kultura politiko egokirik ez dugulako, edo boto-emaile arruntak tontoak izan gaitezen kultura politiko egokia eraikitzea eragozten diguten. Hautesleen mailak neurtzen du ordea demokraziaren kalitatea, ez politikarienak. Gurean Rajoyk eta Sanchezek emaitza kaskarragoak lortu izana kontsolamendua batzuentzat; zentzu gehixeagorekin bozkatzen dugula erakusten omen du. Nire kultura politiko eskasarekin, zortea izan nuen beraz ni baino hobekiago prestatutako hiritarrez betetako barrutian, Euskal Autonomia Erkidegoan, jaio nintzelako. Horregatik, zure alboan nabarmen ez geratzeko, hautesle jantzi bilakatu nahi nuke ahalik eta lasterren. Denbora eta gogoa ez zaizkit falta. Kontatuko didazu zuk nola egin zenuen.
Leave a Reply