Maier Ugartemendia
Berastegiko paisaiaren edertasuna azpimarratuko luke ziurrenik herrira lehen aldiz iristen den bisitari batek. Eta ez da gutxiagorako; izan ere, bailara batean kokatuta dago, muinoz eta zelai berdez inguratuta. Estetikoki margo batean irudikatzeko moduko herria. Azalerari dagokionez, Gipuzkoako herririk handienetakoa da, 45,9 kilometro koadrorekin. Hori ez da biztanlerian islatzen, ordea: mila biztanle inguru ditu egun. Bilakaera ez da handia izan, 1900 .urtean ere mila biztanle pasatxo baitzituen.
Zelaigune berdeen erabilerari lotuta, sorreratik artzain eta nekazari herria izan da Berastegi; bereziki, artzaintzarekin lot daiteke. Paulo Iztuetak Berastegiren historia biltzen duen Berastegi 1 liburuan esaten duenez, 5.000 ardi buru inguru daude herrian. Ondorioz, gaztagintzari oso lotuta dago, eta Idiazabal jatorriko gazta ekoizten dute han.
Bisitariei Berastegi ezagutzeko aukera bat gehiago eskaintzeko, ibilbideak osatuko dituzte herriaren inguruan. Plazan jarriko dute informazioa emateko panela, eta handik abiatuko dira ibilbideak: luzera desberdina dutenak, desnibel desberdina… Koloreen bitartez identifikatuko dituzte bideak, eta markak ere kolore horiekin egingo dituzte. Herriaren bueltan egiten den ibilbidea —herritar askok egiteko ohitura dutena—, esaterako, bost kilometro ingurukoa da. Horretan, herriari buruzko informazioa jasotzen duten bost panel ezberdin jarriko dituzte.
Berastegin azken urteetan esku artean izan duten proiektu nagusia udaletxea berritzea izan da, eta, horrekin batera, oraindik ere esku artean duten beste bat: plaza ibilgailuentzat ixtea.
2012ko ekaineko udalbatzan onartu zuten “Berastegiko udaletxea eraberritzeko obra lana”. Udaletxea handia da, eta historia handikoa; 1699an hasi ziren eraikitzen, eta lanak 1734an amaitu zituzten. Eraikinaren pertsonalitatea mantendu nahi izan dute lanetan, eta, azken finean, horrelako eraikin bat berritzeak gastu asko ditu, Amaia Azkue alkateak azaldu bezala: “Obra hauek 1,7 milioi euroko kostua zuten; Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 euro jarri zituen, eta Berastegiko Udalak 1.000.000 euroko kreditu bat eskatu zuen. 2026an amaituko zaigu”.
2013an izan zen eraberritze lanen inaugurazioa; udaletxeko bi solairu zabaldu zituzten: administrazio solairua, sarrera nagusia eta erabilera anitzeko gela. Aurten, martxoan, eraikineko beheko solairuan mediku kontsulta berria inauguratu zuten, eta maiatzean kultura solairua.
Horrez gain, plaza “gune sozialago bat” bilakatzea nahi dute, eta autoentzat itxi eta oinezkoentzat egokituko dute. Aldaketa hori zerbitzu guztiak udaletxean zentralizatzearekin “oso lotuta” dago: “Gunearen erabilera handitzeak ziurtasuna bermatzea eskatzen digu”. Nolako plaza nahi duten erabakitzeko, parte-hartze prozesu bat egin dute herritarrekin; udan itxiko dute.
Ategi eremua
Berastegin aldaketa handiak izango dituen beste inguru bat Ategi eremua da. 39 etxebizitza egiteko aukera ematen du, eta, Azkueren esanetan, aurten hasiko dira lanak. Urte eta erdi inguruko iraupena izango dutela aurreikusi dute, eta “bederatzi etxebizitzako eraikina gehi urbanizazio lanak” egingo dituzte bertan. Urbanizazio lanen ondorioz, eta plazako sarrera itxita egongo denez, “sarbide zuzena egingo da Tolosa eta Leitza elkartzen dituen errepidetik”.
Gune horretan dago udalaren jabetzako Ategi etxea. Orain arte Gaztainondo erretirodunen elkartea eta tutoretzapeko etxebizitzak zeuden bertan. Ekainaz geroztik, herriko ostatua ere bertan dago —taberna eta jatetxea—. Azpiegiturak jatetxe bat kokatzeko “egokituta” zeudela dio Azkuek, eta, udalak adjudikazioa egin ondoren, herritar batek hartu du ardura. Gauzak horrela, erretirodunak lehen solairura igaro dira. 2007an, solairu horretan zabaldu zuten eguneko zentroa, baina 2011n “erabiltzaile faltagatik” itxi egin behar izan zuten; ordutik, “ez zuen erabilerarik” solairu horrek. Eta, bigarren solairuan, tutoretzapeko etxebizitzak daude kokatuta; hiru erabiltzaile daude, eta bost egoteko aukera dago.
Aldaketa horiek egiteko beharra ikusi zuen udalak, ikusten zutelako etxebizitza horrek ez zuela “behar zuen erabilera”. Izan ere, eraikina “txukuna eta dotorea” da, eta aurrerapausoa ematea erabaki zuten herrian “taberna-jatetxe baten gabezia” sumatu zutenean. Egoki ikusi zuten lanpostu bat sortzea, herritarrei zerbitzu bat eskaintzea eta eraikinari beste erabilera bat ematea.
Herriko gune hori “igarobide bat” izan dela uste du Azkuek, eta, egin dituzten lanen ondorioz, hemendik aurrera “erabilera dezente” izango dituen gunea izango dela.
Gaztainondo elkartean mota guztietako jarduerak egiten dituzte urte guztian. Hain zuzen ere, eragileek herrian bertan duten parte hartze zuzena da Berastegi bereizten duen beste gauzetako bat. Tartean dira Urepele elkartea, Basurde elkartea, Beasti guraso elkartea, odol emaileen taldea, Kristau Elkartea… Urepele elkartea, adibidez, 14 urtetik gorako 126 gaztek osatzen dute, eta barnean kultur eta kirol taldeak ere baditu. Azkueren esanetan, gainera, antolatzen ari den ekintzak “herritar guztiengana” zabaltzen ari dira; “ateak ireki” dituzte, eta urte osoan ekintza ugari antolatzen dituzte.
Kultur arloan lanean aritzen den beste eragile bat Aldin kultur elkartea da. 2003an sortu zen, eta, besteak beste, Aidanen aldizkaria urtero argitaratzeaz arduratzen da, abuztuaren 10aren bueltan ospatzen dituzten San Lorentzo jaien aurretik. Horretan, herriarekin lotutako hainbat gai jorratzen dituzte.
Leave a Reply