Olaia Iraola
Duela 42 urte hasi ziren Lazkaon helduentzako euskara eskolak ematen. Hasierako ikastaro horiek uztailean izaten ziren. Ikasleek herritarren etxeetan pasatzen zuten gaua, eta jatorduak herriko eskolan ematen zituzten. Pixkanaka-pixkanaka, hedatuz joan zen egitasmoa, eta, 1988an, gaur egun martxan dagoen Maizpide barnetegi euskaltegia sortu zuten.
“Barnetegiaren helburua jendeak euskara ahalik eta azkarren eta ahalik eta ondoen ikastea da. Barnetegiak 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera ematen die”, azaldu du Jon Urdangarin Maizpideko zuzendariak (Lazkao, 1965). Egunean zortzi eskola ordu hartzeaz gain, barnetegiko ikasleek irakasleekin bazkaltzen eta afaltzen dute. Gainera, kultur ekintzak eta tailerrak ere egiten dituzte. Larunbatetan klaseak izaten dituzte, eta igandeetan txango bat egiten dute. Duela urtebete, 516 ikaslek jaso zituzten udako ikastaroak Maizpiden, eta aurten ere kopuru horretara heltzea espero dutela azaldu du Urdangarinek: “Ikasle kopurua aurreikustea ez da erraza; izan ere, jendeak azkeneko momentuan ematen du izena. Hala ere, aurreko urteko kopuruaren bueltan ibiliko garela uste dut”.
Urtean zehar profil ezberdinetako jendea animatzen da Maizpiden euskara ikastera, zuzendariaren esanetan: “Urtean zehar ikasle gehienek lanerako euskara behar dutelako ematen dute izena euskaltegian. Udan profila aldatzen da, eta kanpoko jendea etortzen hasten da. Gaztetxoak ere etortzen dira, eta baita oposizioak prestatzen ari direnak edota lanerako euskara behar dutenak ere”. Euskaltegiko ikasleen profila, berriz, honela definitzen du: euskalduna, bizkaitarra eta emakumea, 30-40 urtekoa.
Maila ezberdinetako jendeak ematen du izena Maizpideko ikastaroetan. Nerea Zabaleta (Iruñea, 1982) B1 mailako klasean dago. Betidanik gustatu izan zaio euskara, eta etorkizunerako positiboa izango dela uste du. “Hemen euskara ikastea erraza da, une oro ari baikara euskaraz hitz egiten. Gainera, azkar pasatzen da denbora”, azaldu du iruindarrak. Bost hilabete daramatza euskara ikasten, eta gogorra den arren merezi duela azpimarratu du.
Urdangarinen iritziz, C1 mailan erakustea edo hasiera mailan erakustea ez da berdin: “Euskaraz ez dakien norbaiti erakustea ez da erraza, gaizki-ulertuak sor baitaitezke. Jendearekin harreman estua eduki behar duzu, eta hizkuntzaz kanpoko estrategiak ere erabili behar dira euskaraz hutsetik erakusteko. Maila altua duten ikasleei erakustea eta egiten dituzten akatsak zuzentzea, nire ustez, errazagoa da”.
Jatorri euskalduna duen baina Euskal Herrian bizi ez den jendea ere animatu da Maizpideko ikastaroak jasotzera. Horietako bat urtean zehar on line jardun da euskara ikasten AEBetatik, eta udan praktikatzera etortzen da: “Aitona-amonak hemengoak zituen, eta badu lurraldearekiko eta euskararekiko lotura”, azaldu du zuzendariak. Hemen bizi direnek baina jatorriz hemengoak ez direnek ere badute euskara ikasteko interesa Urdangarinen arabera: “Vietnamen jaio baina hemen bizi direnak, marokoarrak eta hona bizitzera etorri direnak, bartzelonarrak nahiz madrildarrak ere pasa dira Maizpidetik”.
Lazkaoko herritarren laguntza ere badutela dio lazkaotarrak: “Maizpide Lazkao erdian dago, eta euskaldun berriak hartzeko goxotasuna daukate herritarrek. Leku ona da euskara ikasteko. Tabernariek txantxak ere egiten dizkiete ikasleei: ‘baso bat ur’ esan beharrean ‘ur baso bat’ eskatuta basoa hutsik ateratzen die. Asko laguntzen die”.
Atzerritarrak barnetegian
Aurtengo udan, besteak beste, AEBetako eta Alemaniako jendea iritsi da Lazkaora euskara ikasteko helburuarekin. Juliette Blevins (New Jersey, 1960) eta Rebecca Blevins (Ingalaterra, 1997) ama-alabak dira, eta Maizpideko barnetegian ari dira euskara ikasten. Ama hizkuntzalaritzako irakaslea da, eta alaba, hizkuntzalaritzako ikaslea. Laugarren egunerako jada hitz solteak ikasiak dituzte. “Alemana, frantsesa, gaztelania eta txinera dakizkit. Orain, euskaraz hitz egiten ikasi nahi dut. Orain arte entzun ere egin gabe nengoen, eta ama eta biok etorri gara barnetegira”, azaldu du Rebeccak. Julietteri bere ikasle batek sortu zion euskararekiko interesa: “Ikasle batek Euskal Herriaren inguruan egiten ari zen lan baterako laguntza eskatu zidan. Historiarekin lagundu nion, baina euskaraz ikasteko beharra sentitu nuen momentu batean. Uste nuen bestela ezingo nuela lanarekin jarraitu, eta hemen gaude”. Australian nahiz Indian egon da hizkuntza gutxituen inguruko ikerketak egiten, eta Maizpide oso ondo antolatuta dagoela azaldu du: “Munduko hainbat eskolatan egon naiz hizkuntzak aztertzen, eta onenetariko bat da Maizpide”. Alaba erraz ari da euskara ikasten; amak, aldiz, adinean aurrera joan ahala hizkuntza bat ikasten gehiago kostatzen dela esan du.
Simon Dold (Alemania, 1986) duela hamahiru urte etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira. Ordutik urtero etorri izan da hemengo lagunak bisitatzera. Konstantzako (Alemania) unibertsitate batean ikasten du, eta ikasgai bat euskaraz dauka. Doktoretza linguistikoa ari da ikasten, eta euskarak gaztelanian duen eragina ari da aztertzen. Abuztutik Baionan bizi da, eta urritik ekainera arte AEK-ko ikastaroekin euskara lantzen aritu ostean orain Maizpiden dago. “Pixkanaka-pixkanaka nire martxan ari naiz euskara ikasten. Ez da zaila, eta, gainera, oso logikoa da”.
Euskararen egungo egoera
Euskararen egoera hobeto ikustea gustatuko litzaioke Urdangarini: “Ahalegina egin da, eta eskolan euskara erakusten da, baina ez du fruiturik eman. Eskolatik irtetean jendeak ez du erabiltzen euskara, eta horregatik ez du maila altua”. Behar baino gutxiago baloratzen dela baina jendeak euskararekiko ikuspegi txarrik ez duela azaldu du zuzendariak: “Jendea euskarara gonbidatu behar da, baina batzuetan zaila da; izan ere, euskal mundua zaila da, eta asko dago egiteko”.
Hala ere, euskarari etorkizun positiboa ikusten dio Urdangarinek: “Jatorri ezberdinetako jendea ari da Maizpiden euskara ikasten, eta arrazoi desberdingatik daude denak. Horiek euskarak lotzen ditu, eta poza ematen du horrek. Euskarak duen berezitasunak eta txikitasunak badu lekua munduan, eta hala izango du gerora ere”.
Leave a Reply