Maite Alustiza
“Jazzaren Eurovision jaialdia” nolakoa izango litzatekeen imajinatu zuen Improvised Music ekoizleak duela hamar urte. Lehia aparte utzita, proba egitea erabaki zuen, eta Europako jazz musikari gazteen jaialdi bat sortu. Onenen artean onenak bildu nahi zituen, hamabi puntu mereziko lituzketen bakarlari edo taldeak —puntuazio hori da Eurovisionen jaso daitekeen handiena—. Uztailaren 20tik 23ra, Donostiak hartuko du 12 Points jaialdiaren hamargarren aldia. Jazzaldiaren programazioaren barruan prestatu dute, Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin elkarlanean.
Hamabi herrialdetako musikariak ariko dira: Frantzia, Alemania, Austria, Norvegia, Irlanda, Portugal, Suitza, Herrialde Katalanak, Belgika, Erresuma Batua, Danimarka eta Suedia. Jazzaren “talentu gazteak” deskubritu eta sustatu asmo ditu jaialdiak; hori hala, parte hartzaile guztiak 30 urtez azpikoak izango dira. Gazteak izan arren, “prestatuta” dauden musikariak aukeratu dituzte, eta “Europara begira aurrerapauso bat emateko prest daudenak”.
Hiru egunetan, lau kontzertu egingo dira. Arratsaldeetan eta iluntzeetan izango dira ekitaldi nagusiak; gauez, berriz, “inprobisazio puntu bat” emango diote festari. Artistak elkarren artean nahastuta aritu ahal izango dira, eta norberak bere gaitasuna erakutsi ahal izango du. Musikeneko ikasle eta irakasleez osaturiko taldeek emango diete hasiera saio horiei.
Baina musika ez ezik, parte hartzaileen arteko harremana ere bultzatu nahi du jaiak. Horretarako, goizetan, Jazz Futures mintegiak egingo dituzte. Horietan, musikari lotutako hainbat eragilek parte hartuko dute: musikariek, ikasleek, kritikoek, programatzaileek… Hausnartzeko eta eztabaidatzeko plaza izango da, beraz. Hain justu, helburu hori aintzat hartuta Elkarrizketak lerroan sartu du jaialdia Donostia 2016 kultur hiriburutzak; horren xedea, berriz, inguruko kultur eragileekin itunak egitea eta elkarlanean aritzea da.
500 musikaritik gora
12 Points jaialdiaren berezitasunetako bat da ez duela egoitza finkorik; txandakatu egiten dute: urte bakoitietan Dublinen izaten da, eta bikoitietan, Europako beste hiriburu batean. 2014an, esaterako, Suedian egin zuten, Umean; eta 2012an, Portugalen, Porton. 12 Points Gipuzkoara ekarrita, “Donostiako Jazzaldiak Europan duen difusioa zabaldu” egingo dela uste du Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak, egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuen bezala.
2007tik, 500 musikarik baino gehiagok eman dute izena 12 Points proiektuan parte hartzeko. Batzuentzat salto bat emateko plataforma izan da; horri esker, artista gazteetako bik Donostiako Jazzaldian jo ahal izan dute: Danimarkako Ibrahim Electric taldeak —2008ko 12 Points-en parte hartu zuen eta 2014ko Jazzaldian—; eta Norvegiako Mari Kvien Brunvoll abeslariak —2010ean jo zuen gazteen jaialdian, eta bi urte geroago Donostian—.
Leave a Reply