Oiartzualdeko lau udalek protokoloa adostu dute

O. M.

Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzungo udalek sentsibilizazio kanpaina bateratua abiatu dute, “jai parekideen alde eta eraso sexisten, homofoboen, xenofoboen eta transfoboen aurka”. Festetan eraso sexista bat gertatzekotan nola jardun adostu dute, eta elkarrekin landutako protokolo batean jaso. Protokolo horren gaineko informazioa zabaltzen dihardute orain herriz herri, jaien atarian.

Tabernetara, txosnetara eta elkarte gastronomikoetara jotzen ari dira bereziki, “festak toki horietan ospatzen direlako”. Protokoloa helarazi diete, eta azaldu nola jardun behar duten eraso bat ikusi, entzun edo jasanez gero. Horretaz gain, kartelak banatu dituzte, Festetan beldurrak gurekin jai leloarekin. Azkenik, emakumeen komunetan jartzeko itsasgarriak ere inprimatu eta banatu dituzte. Laguntzarako telefonoak irakur daitezke itsasgarrietan, baita protokoloaren funtsezko jarraibideak ere. 6.000 itsasgarri inguru banatuko dituzte eskualde osoan.

Guztion gozamenerako

Oiartzualdeko lau udaletako berdintasun arloek lanerako mahai bateratu bat dute. Berdintasun teknikariek eta gizarte langileek parte hartzen dute aipatu lan mahaian, eta indarkeriaren gaia da gehien jorratzen dutena. Lan marko horretan sortu dute protokoloa, herriko festen atarian. “Jaiak guztion gozamenerako izatea da kanpaina honen helburua”, azaldu dute, “eta horretarako errespetuzko jarrerak aldarrikatzea”.

Jaietan, askotan, emakume izateagatik jasan behar izaten diren egoera gogorrei aurre egitea da asmoa. “Enbarazu egin, indarrez hartu, inguratu, eraso egin…”; festetan hain zabalduta dauden jarrerak gelditzea da helburua, horien kontrako jarrerak sustatuz, eta, bide batez, “errespetua eta tratu ona bermatuz”.

Helburua lortze bidean asko dago oraindik egiteko, eta, horregatik, protokoloaren bultzatzaileek garrantzitsu iritzi diote indarrak batzeari, “lau udalak batera aritzeak politikoki ere indar handiagoa ematen diolako, eta, azken finean, jaietan jende guztia herri batetik bestera dabilelako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.