Maialen Igartua
Raul Lacalle (Ordizia, 1969) Aizkorpe Elektrikariak enpresako kudeatzailea da iazko irailetik. Hamar bazkideko kooperatiba bat da Aizkorpe, 1999an Zeles Sodupe elektrikariak sortua, eta Idiazabalgo Goardi poligonoan kokatuta dago. Hamazazpi urteko ibilbidean, garapen handia izan du enpresak, eta gaur egun ez dira instalazio elektrikoetara soilik mugatzen.
2013an Gonerlan sortu zuten, efizientzia energetikoaren ikerketaz eta garapenaz arduratzen den enpresaren ingeniaritza atala. Bide horretan, Gonerlux produktua kaleratu dute: bizikleta elektriko bati lotzen zaion argia neurtzeko luxometroa da, herri bateko argiteriaren diagnosia egiteko. Goiekik, Goierriko garapen agentziak, saritu egin du Gonerlux, berritzailea izateagatik.
Hasiera batean ohiko elektrizitate enpresa bat zen Aizkorpe, baina azken urteetan asko dibertsifikatu duzue jarduera. Nolatan?
Gure merkatua oso zabala da, eta sektore asko ukitzen ditugu. Lehen, batez ere, eraikuntza enpresentzat lan egiten genuen, baina azken lau urteetan, krisiagatik, dibertsifikatu egin behar izan dugu gure jarduera. Dibertsifikatzeko asmo horrekin, Aizkorpe Elektrikariak enpresaren barruan ingeniaritza atal bat sortu genuen 2013an: Gonerlan.
Zein da horren helburua?
Gonerlanen enfokea eraginkortasun energetikora bideratuta dago. Hortaz, Aizkorpek gaur egun ez ditu instalazioak soilik egiten. Proiektuak diseinatzen ditugu, auditoria energetikoak egin eta abar. Jendeak merkatuan oraindik ez gaitu identifikatzen enpresa integral baten modura; marketina aldatu beharra daukagu, elektrikariak baino gehiago garela komunikatzeko. Eta Goiekik emandako sariak lagunduko digu marketin hori egiten.
Gonerlux produktuagatik eman dizue saria Goiekik. Zein berezitasun ditu?
Merkatuan ikusi genuen behar bati erantzuteko sortu dugun produktua da. 2008an lege bat atera zuen Espainiak, eta lege horrek hainbat neurri betearazten dizkie udalei, argiztapen publikoari dagokionez. Bestalde, udalek gero eta eskaera gehiago egiten zituzten argiztapen publikoa aldatzeko. Errealitate horren aurrean, arazo bat identifikatu genuen: udaletan eta zerbitzu publikoetan, argiztapenari dagokionez, ez dituzte datuak garbi. Eta, aldaketa bat egiteko, datuak izan behar dira lehenik. Enpresa industrialetan hala funtzionatzen du: datuak jasotzen dira, diagnosi bat egiten da, eta aldaketak egiten dira datuek erakusten duten arazoa konpontzeko. Baina administrazio publikoak ez du horrela jokatzen. Herri txiki askotan ez dakite zenbat farola dituzten, ezta zein motatako farolak dituzten ere. Argiterian aldaketak egiteko diru laguntzak etortzen direnean, argiteria osoa aldatzen dute, baina aurretik zuten egoera ezagutu gabe. Aldaketa ez da datuetan oinarritzen.
Zein irtenbide aurkitu duzue arazo horrentzat?
Hauxe pentsatu genuen: lagundu egin behar diegu udalei herriko argiteriaren diagnostikoa egiten. Argi gutxi dago, asko dago, nahikoa da, ongi banatuta dago edo potentziatu beharra dago?
Diagnosi hori egiteko, sistema berritzailea garatu duzue. Nola funtzionatzen du?
Orain arte bazegoen sistema bat. Auto baten gainean jartzen zituzten neurgailu batzuk, eta errepideko argia neurtzen zuten. Hori baliagarria izan daiteke autobide bateko argiteria neurtzeko, baina ez Gipuzkoako herri txiki bateko kaleetako argiteria neurtzeko. Batetik, kale guztietan ezin direlako autoak sartu. Bestetik, altuera horretan neurtutako datuak ez direlako guztiz errealak. Guk garatu dugun sistema karro txiki bat da, neurgailu batzuekin —zunda luxometrikoak—. Lurretik 20 zentimetrora jartzen dira. Legediak hori eskatzen du, argia neurri horretara neurtzea. Karroa bizikleta elektriko bati ezartzen diogu. Horrela, gai gara, herri bateko kale eta bidegorri guztietatik pasatuz, argia neurtu eta geolokalizatzeko. Eskailerak badaude, eskuan hartzen dugu karroa, eta kitto.
Zein abantaila ditu zuen sistemak?
Oso ekologikoa da. Horrez gain, puntu zehatz bakoitzean zein argi kantitate dagoen esaten digu. Datu guztiak ordenagailuan sartzen ditugu, eta ordenagailuak grafikoetara pasatzen ditu. Horrek diagnostiko zehatz bat egitea ahalbidetzen digu. Grafikoan oso garbi ikusten da herriko zein gunetan dagoen argi gehiegi edo gutxiegi. Oso modu bisualean ikusten da argiaren banaketa herrian zehar.
Udalei zer eskaintzen diezue Gonerlux erabilita?
Sistema honen bidez, udal bati esan nahi diogu: zure gaixotasuna hau da. Gero udalak ikusiko du aldaketak egin nahi dituen edo nolako aldaketak egin nahi dituen. Udalak nahi izanez gero, guk proposatzen diegu nola egin aldaketak. Aldaketak egin ondoren, berriro neurtzen da herri osoko argiteria, eta beste grafiko bat egin. Bi grafikoak alderatuta, oso ongi ikusten da herriak izan duen hobekuntza.
Zein da udalek datu faltagatik egiten duten akatsik ohikoena?
Argiteria ez da arrazionalki kudeatzen udaletan. Oso ohikoa da herri osoan LED argiak jartzea, baina jartzeagatik jartzen dira. Ez dute pentsatzen agian argi gehiegi jartzen ari direla, edo ez dagoela ongi banatuta. Lehen zeuden bonbillak kentzen dituzte, berriak jarri, eta kitto. Eta kontuan izan behar da udal baten faktura elektrikoaren ia erdia argiteriak eramaten duela. Hori asko da. LED argiztapenarekin beti aurreztuko duzu dirua, edozein LED mota jarrita ere. Baina dena ez da aurreztea izaten. Sistema on eta eraginkor bat izatea da helburua.
Zein herritan probatu duzue Gonerlux?
Gabirian, Seguran, Getarian, Eibarren… Zerbitzua erabilgarri dago, eta, udalen bat interesatuta egongo balitz, gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Beasaingo Udalak ere eskatu digu diagnosia.
Zein sari eman dizue Goiekik? Eta zer esan nahi du zuentzat sari horrek?
Enpresan buruturiko proiektu berritzailerik onena da Goiekik eman berri digun saria. Horrelako sariek erakusten dute enpresa txikiek ere badakitela gauzak egiten, eta geure buruarengan sinesteko balio digu. Bestetik, marketinerako oso garrantzitsua da. Gure enfokea momentu honetan Gipuzkoa da, eta sari bat jasotzeak gure produktua ezagutzera ematea ahalbidetzen digu.
Produktu honek balio erantsia ematen dio enpresari, eta hori saltzen jakin behar dugu orain. Guretzat garrantzitsua da jendeak ikustea ez garela instalazioak egitera bakarrik mugatzen. Horrelako sariek laguntzen dute horretarako.
Leave a Reply