Danel Agirre
Goiz osoa eman dut Youtuberi begira eta kronikak irakurtzen, Jose Tomasek hain erromesaldi leialak nola eragiten ote dituen ulertu nahian. Zezenketak arrotzak zaizkit, eta, kontsultatu ditudan ABC-ko kazetariek lexiko oso bitxia darabiltenez, hasitakoan bezala jarraitzen dut. Nire susmoa da piztien adarrak hurbilago pasatzen direla haren besapeetatik beste torero batzuenetik baino, eta tipoak baduela begirada berezi bat, suizida samarra, plazara hurbildutakoak trantzean ipintzeko gai dena. Hau Jose Tomas fenomeno historikotzat dutela dakidalako idazten dut halere, ABC-ko berriemailearen larruan ipini nahian, segurtasunik gabe. El Juliren bideo batekin nago orain, eta animaliari muxu eman berri dio, erronkari. ABC-ko berriemaileena bai bista eta sentsibilitatea: nik ez nuke jakingo bereizten zergatik den Tomas fenomeno historikoa eta ez El Juli.
ABC-ko berriemailearen bista eta sentsibilitatea berbera duten milaka lagunentzat toreatuko du Tomasek pare bat aste barru Donostiako Aste Nagusian. Gizonezkoak kultuko uniformearekin igoko dira Illunbera: nautiko motako oinetakoak galtzetinik gabe, kaki koloreko galtzak, eta alkandora urdin argia edo Lacoste poloa, tenperaturaren arabera. Zezen zaleen artean kultuko uniformea horixe zergatik ote den ez nuke asmatuko azaltzen, baina egoki janzteaz ere tutik ez dakit nik. Egoki janzteaz zerbait jakingo banu, barrerako sarrera batengatik birsalmentako webguneetan eskatzen ari diren mila euroak ordaintzeko moduko kapitalaren jabe izango nintzateke, akaso.
Donostiak, oro har, ABC-ko berriemaileen bista eta sentsibilitatea ote duen egiaztatu ahal izango da, behingoz, alkateak datorren otsailean agindu kontsulta ospatzen bada. EAEko Auzitegi Nagusiak galdeketak egiteko prozedura baliogabetu zuenez, borondatea beharko da irudimena baliatu eta hitzordua betetzeko, udalak aurkeztu helegiteak porrot egiten badu behintzat. Esan gabe doa zezenketarik gabeko Illunbe bat fardel galanta litzatekeela hiriarentzat: Gipuzkoa Basketen ihesaldia gertatu berri dela kontuan izanda, maizterrik gabe geratuko litzateke hogei urte ez direla milioi mordoxka kostatu eta gero. Inguruko lokalak saltzeko asmoa dagoenez, zezen plaza ere enkantean ipintzea litzateke onena. Norbaitek amuari kosk egingo ote dion ikusteko dago, porrot egindako ingurua denaren sentsazioari buelta emateak ez baitirudi samurra.
ABC-ko berriemaileen bista eta sentsibilitaterik ez dut. Eta janzteaz ezer ez dakit. Gabezia horiek direla eta, kontsultak Donostia zezenketarik gabeko hiri bilaka dezan nahiago nuke, emaitza eztabaidaezinarekin ahal bada. Gipuzkoa Basket ACBra itzuliz gero, Illunberen jabe berriak klubari plaza ez alokatzearen arriskua nire gain hartzeko prest nago. Tamalez, Gipuzkoa Basket ACBra itzultzeko arrisku handiegirik ez dudalako ikusten, ziur asko. Baina ez kezkatu: ACBko berriemaileen bista eta sentsibilitaterik ere ez dut nik.
Leave a Reply