Maialen Igartua
Kirola da, ala festetako ekitaldi zoro bat? Goitibeherei buruz hitz egitean, galdera soil horrek behin baino gehiagotan amaitzen du eztabaidarako gai izaten. Kirola dela defendatuko dute batzuek, prestaketa eskatzen duena, eta lehia bultzatzen duena. Beste batzuek, berriz, ikuskizuna eskaintzen duen ekitaldi baten modura ikusiko dute; eta gazteen ustezko erokeriarekin eta burugabekeriarekin lotzen duenik ere izango da. Legazpiko Maldan Behera elkarteak garbi du: kirola da. Gizarteak ere beraiek bezain garbi izan dezan dute helburu, eta, horretarako, hainbat ekintza antolatzen dituzte, haurrekin hasita.
2013an sortutako elkarte bat da Maldan Behera, inertzia kirolak indartzeko asmoz. Gipuzkoan sortutako lehenengo inertzia kirolen elkartea izan zen. Hainbat legazpiarren eta oñatiarren artean sortu zuten: Iker Aztiri, Aitor Aztiri, Iker Mugertza, Joseba Astondoa, Xabi Mugertza eta Julen Agirreburualde. Denak goitibehera pilotuak ziren, eta, hasieran, funtzio hori betetzen zuen Maldan Beherak: pilotuen elkarte izatea. Gero, ordea, taldekide asko rallyen mundura pasatu ziren, eta, gaur egun, Agirreburualdek baino ez du jarraitzen. Kide berri batzuekin batera osatzen du elkartea, baina, gaur egun, oso bestelako norabideari jarraitzen diote. “Elkarteko pilotu bakarra ni naiz; orain elkartearen xedea ekitaldiak antolatzea da, goitibeheren inguruko afizio bat sortzeko”, azaldu du Agirreburualdek.
Besteak beste, Challenge Gipuzkoa txapelketa antolatzen dute. Herriz herri egiten diren hainbat lasterketatan lortzen dira puntuak txapelketa horretarako. “Challenge-arekin hasi ginenetik nabari da gorakada”, esan du legazpiarrak. “Jendea ilusionaturik ikusten da; lehen beren herriko lasterketan baino parte hartzen ez zuten batzuk inguruko herrietara mugitzen hasi dira, puntuak lortzeko”.
Dena den, Maldan Behera elkartearen asmo nagusia harrobi indartsu bat sortzea da; hau da, txikitatik afizio bat sortzea. Horretarako, herriz herri erakustaldiak egiten dituzte Sputnik izeneko goitibeherekin. Goitibehera sinple-sinpleak dira Sputnik-ak, edozeinek erabiltzeko modukoak. “Betiko goitibehera cuatropaloak dira, baina modernizatuta”.
Kalixto Garciak, Bizkaian bizi den madrildar batek, patentatutako modeloa da Sputnik. Dena den, Agirreburualdek ere parte hartu zuen produktuaren sortze prozesuan, ideiak emanez eta ekarpenak eginez. “Gaur egun, haurrek ez dute ohiturarik garajean sartu eta goitibehera bat sortzeko; hortaz, beharrezkoa ikusi genuen sortutako zerbait jartzea haien eskura”, azaldu du legazpiarrak. Frenoak jartzea ere ezinbestekoa iruditu zitzaien.
Hasieran, Sputnik goitibeherak alokairuan uzten hasi zen Maldan Behera elkartea. Zortzi ibilgailu zituzten, eta erakustaldiak egiten zituzten herriz herri, haurrek proba zitzaten. Orain, pauso handi bat eman dute, ordea: Sputnik-ak ekoizteko eta saltzeko lizentzia lortu dute zazpi urte eta erdirako. Espainiako Estatuan lizentzia hori duen elkarte bakarra da. Irailean hasiko dira ekoizten, eta lehenengo labekada 80 goitibeherakoa izango da.
Agirreburualderen hitzetan, orain arteko erakustaldietan “arrakasta handia” izan dute Sputnik-ek. “Azken finean, gurasoei beren gaztetako goitibeherak gogorarazten dizkiete, eta lotura bat sortzen da haurren eta gurasoen artean”. Hainbat abantaila ditu, legazpiarraren esanetan: esaterako, txikia dela eta edozein lekutan erabil daitekeela. “Ekitaldiro galdetzen ziguten ea non eros zitezkeen, eta orain badugu saltzeko modua”.
Europako txapelketara doa
Agirreburualdek ongi daki zenbaterainokoa den harrobi sendo baten garrantzia. Izan ere, bera ere umetan hasi zen goitibeherak egin eta haien gainean maldan behera. Hamabi urterekin egin zuen lehen goitibehera, lagun artean, eta hamaseirekin lehiatu zen lehenengoz, Urretxuko jaietan. Umetan afizio soil zuen hura, ordea, ia-ia ofizio bihurtu zaio. “Ez da ofizioa, ez dudalako ezer irabazten, baina egunero-egunero dedikatzen diot denbora”, adierazi du.
Eta eguneroko dedikazio horrek fruitua eman du. Agirreburualdek Inertzia Kirolen Europako Txapelketan parte hartuko du, gaur hasi eta igandera arte, Belgikan. Ez du lehenengo aldia: iaz, Italian izan zen, Europako Txapelketa jokatzen orduan ere. Espainiako federazioak aukeratuta doa, zortzi bat laguneko taldetxo batekin. Gipuzkoar bakarra izango da, baina ez euskaldun bakarra: bizkaitar batek ere parte hartuko du, baina Suitzako selekzioarekin.
Nola ez, Maldan Behera elkarteko kide batek lagunduko dio bere abenturan. Izan ere, pilotuak bezainbesteko garrantzia izaten du ibilgailuak inertzia lasterketetan. Kideak lagunduko dio beharrezko moldaketak egiten. Hain zuzen ere, horretan pasatzen dute urte osoa: ibilgailua probatu eta aldaketa txikien bidez xehetasunak hobetzen.
Agirreburualdek bitan irabazi du Euskal Liga, eta Espainiako Kopan bigarren eta hirugarren postuak ditu lortuak. Europako txapelketan, C8 kategorian lehiatuko da. Motorrik gabeko car-ak lehiatzen dira kategoria horretan. Agirreburualdek iaz erosi zuen C8 kategoriako ibilgailua, eta, aurten, hainbat lasterketatan parte hartu du harekin.
Legazpiarrentzat zein gipuzkoar guztientzat erreferentzia izan daitezke Agirreburualde eta Maldan Behera elkartea. Egun, Eskoriatzan baino ez dago beste goitibehera elkarte bat, baina haiek herriko jaietako lasterketa baino ez dute antolatzen. Legazpiarren helburua harago doa. Goitibeherekiko eta inertzia kirolekiko sentitzen duten maitasuna helarazi nahi diete gainontzekoei. Gogor ari dira lanean, behera irrist eginez gora eta gora egiteko.
Leave a Reply