Maite Alustiza
Ilusioa eta diru pixka bat. Lagun handiak eta Youtubeko tutorialak. “Horiek edukita, gauza asko egin ditzakezu”. Horren erakusgarri da Biharrian: allen giltzak egiten zituen fabrika bat sorkuntza gune bilakatu dute Eibarren. Birmoldatutako espazio industrial bat da, eta sareko lana dauka oinarrian: “Nik behar bat badaukat, besteak lagundu nazake, eta alderantziz”. Lanorduetatik kanpo eskaintzen dioten denborak merezi diela argi du Ibone Arretxek, Biharrian elkarteko kideak: “Ez gara aberastuko, baina jakintza eta beste gauza asko irabazten ditugu”. Zineleku programaren barruan, euren esperientziaren berri eman du Arretxek, Zarautzen, Filmadrid zinema jaialdiko Fernando Vilchezekin batera.
Ez da urtebete Biharrian irekita dagoela. Azarotik dabiltza martxan, beharrean, Eibarko Ubitxa kaleko lokal batean. Baina duela lau urtetik dator ideia. Arkitekto eskolatik industria espazioen birmoldatzea ikertzen ari ziren, eta ondorio bat atera zuten: Eibarren 700 espazio huts zeudela. Hori hala, eta Berreibar proiektuaren bidez, hutsik zeuden tailerretan ekoizpenerako erabilera izango zuten espazioak sortzea pentsatu zuten. Lehen erronka: espazio bat hartu eta martxan jartzea. Horretarako, hiru arkitekto, diseinu grafikoko Anemona estudioko kideak eta aholkulari bat batu ziren. “Espazio industrial bat zuk nahi duzuna izan daiteke. Ofizina bat ireki nahi eta alokairua ordaindu ezin zutenei aukera bat eman nahi genien”.
Euren kabuz hasi ziren adreiluak jartzen. Elektrizitatea, lurra eta iturgintza kanpotik egin zieten; gainerakoa, beraien esku. “Entitate pribatu bat gara, eta negoziazioa egin genuen fabrikako jabeekin. Erreformaren truke, alokairu txikia negoziatu genuen, hamar urterako. Hamar urte barru, nahi badute, bota egingo gaituzte”. Aurretik Hergar kooperatiba zegoen eraikin horretan, eta, Arretxeren arabera, langile ohiak oso pozik daude birmoldaketarekin. “Ilusioa egin zien ikusi zutenean bere espazioak beste bizi bat duela. Beraiek bezala, gu ere enpresa txiki bat gara, eta hutsetik hasi gara”.
Programazioa, nahierara
Behin obrak eginda, programatzen hasi ziren, tailerrak antolatzen. “Programazioa gure beharren araberakoa da”. Eta arrakastatsu doa: serigrafia landu dute Madrilgo La Familia Plomez taldearekin, eta “goiz batean tokiak bete ziren”. Moda diseinuaz ere ikasi dute, Alfa lantegikoen laguntzarekin: “Alfara joan ginen, gurekin kolaboratu nahi zuten galdezka, eta makina batzuk utzi zizkiguten”. Eraikineko obran ere, maiatzetik azarora, jendea izan dute laguntzen. “Zerbait egin nahi duenak aukera du nahi duena egiteko. Biharrian erreminta bat da jendearen ametsak bete ahal izateko”.
Kontzertuak antolatu dituzte, joskintza saioak, haurrentzako papiroflexia… Sarean lan egiteak dituen abantailen jakitun dira: “Konturatu gara indibiduo gisa ezin duzula ezer egin, taldean handiagoa zarela”. Biharrian-eko kideentzat garrantzitsua da sinergiak sortzea, bai diziplina ezberdinen artean eta bai adin ezberdinen artean ere. Ia ehun urteren aldea dago gerturatu zaizkien lagunen artean: 98 urteko emakume bat izan da bertso saio batean, eta 0-1 urteko umeentzako saioak ere egin dituzte. “Haurrek funtsezko tokia dute. Haiengana iristen bagara, ikusten badute hiria eta jarduera egiteko beste modu bat dagoela, etorkizuna irudika daiteke”. Jakintza transmititzeko tartea ere bada: “Fundizioa, adibidez, galtzen ari da; dakitenek erakuts diezagukete”.
Eraikin barruari ez ezik, auzoari ere jarduera eman diote. Madrilgo arkitekto talde baten bidez, plazatxo bat sortu dute kanpoan. Bizilagun batek txokolatea eta pastelak eraman zizkien, auzoari bizia eman izana eskertzeko. “Zure amets bat egia bihurtu da oso komuna ez den programazio bat sortzen, eta satisfazioa da zure inguruko jendea ikustea, komunitatea handitzen doala”.
Batzarren bidez hartzen dituzte erabakiak; zazpi lagunek osatzen dute taldea. Bakoitzak aparte bere lana du, eta ostegunetan elkartzen dira. “Proposamenak eztabaidatu eta baloratzen ditugu, guk daukagun interesaren arabera”. Gastuak mahai gainean jartzen dituzte, aloka daitezkeen espazioak, ekintzak… Uneotan, barne eta kanpo protokoloak osatzen ari dira —Interneten jarri dituzte, jendearentzat zabalik—.
Orain arteko bidean, ezezkoetatik asko ikasi dutela dio Arretxek: “Diru laguntzak eskatu, eta ez dizkigute eman…Daukazunarekin estutzea besterik ez duzu. Idatzi diogu jendeari kontzertuak emateko, eta ezetz esan digute; orain, berriz, orduko batzuek jotzeko idatzi digute”. Dirua atera ez arren, eta urtarriletik maiatzera arteko asteburuak obretan pasatu arren, Arretxek garbi du zerbaitegatik jarraitzen dutela proiektuarekin. “Ezagutzen ez zaituen eta laguntzen zaituen jende asko dago”.
Filmadrid, zinema bilgune
“Esperientziarik eza, arriskua eta ilusioa” izan zituen oinarrian Filmadrid Nazioarteko Zinema Jaialdiak. Iaztik egiten dute Madrilen, ekain hasieran, hiriko hamar aretotan. Lagun talde baten ekimena izan zen; “pelikulak konpartitzeko nahitik sortu zen”. Javier Estrada eta Fernando Vilchez programatzaileak ziren Liman, eta 2012an bidaiatzeari ekin zioten, bateko eta besteko zinema jaialdiak ezagutzeko. “Eskala txikiko zerbait egin nahi genuen, eta ziurtatu Madrilera iristen ez ziren filmak iritsiko zirela”. Aldi hartan, Nuria Cubas madrildarra Pasajes de Cine programarekin zebilen, hilean behin zinema sesio bat egiten, eta bat egin zuen haien asmoarekin. Vilchezek dioenez, Madril zinemagile askoko hiria da, kritika askokoa; nahiak badaude, baina Filmadrid sortu arte ez zegoen “guztiarentzat” tokia zeukan festibalik: film luzeak, laburrak, fikzioa, ez fikzioa, esperimentazioa, westernak…
Kontrako iritzi mordoa jaso arren, Pedro Costaren Cavalo Dinheiro dokumentalarekin hasi zuten jaialdiaren lehen aldia. “Autore zinema da, eta jende guztiak esan zigun ez hasteko horrekin. Ba, hara: leihatilak 16:00etan ireki zituzten, eta 18:00etan dena bukatuta zegoen”. Vilchezek ustez, “gutxietsi” egiten da horrelako jaialdi batentzako publikoa egotea: “Zinema esperimentalean hezitako jende multzo bat badago Madrilen. Apustu bat izan zen, eta aretoak betetzen hasi zen. Erakutsi nahi dugu zinemagile gazte asko dagoela, baina betiere esperientziadunei errespetatuta”.
Jaialdiak berrikuntza bat ekarri du berekin, Vilchezen arabera: hiriarekin harremantzeko modu berri bat. “Zinemagileak gonbidatzen ditugu eta aire librean ideiaren bat probatzeko aukera dute; performance bat, ikus-entzunezko ekintza bat…”. Besteak beste, kaleak izenez aldatzeko ekintza bat egin dute, eta pelikulak grabatu dituzten hiriko izkinetatik ibili dira. “Jaialdia, azken finean, bilgune bat da. Kalean egotera gonbidatzen ditugu ikusleak, zinemaz hitz egitera, eztabaidatzera… Pelikula bat gustatzen zaizu edo ez, baina funtsean zinemaz hitz egiteko pasioa dago hor. Zinemagileak eta publikoa batzeko aitzakia bat da”.
Prezio “ahalik eta txikienak” jartzen saiatzen dira, filmak emango dituzten aretoekin adostuta —2,5 eta 5 euro artean balio dute—. “Hala ere, sarrerak aretoentzat dira… Guretzat, jaialdia ez da errentagarria”. Iaz Filmadrid antolatzea 15.000 euro kostatu zitzaien, eta 26.000 euro aurten.
“Normala” denez, babesle pribatuek ezezkoa eman zieten lehen urtean. “Inork ez zaitu ezagutzen”. Pixkanaka joan dira laguntza jasoz, ez dirutan bereziki: “Ikasleen egoitza batek, inauguratu berritan, tokia utzi zigun jaialdira etortzen ziren gonbidatuentzat”. Biharrian elkartekoek bezala, denborarekin eta ingurukoen laguntzarekin osatzen dute programazioa. “Ez dugu diru laguntzarik. Espainiako Gobernuaren laguntza bat badago jaialdietarako, baina bakarrik hirugarren urtetik aurrera ematen dute. Udalak ere horrela funtzionatzen du”. Vilchezek dioenez, proiektuan murgildu zirenetik bazekiten lehen bi urteetan ez zutela laguntzarik lortuko; gainera, horiek jasotzeko baldintzak ezbaian jarri ditu: “Irakurri ditugu diru laguntzetarako oinarriak, eta puntuak ematen dizkizute hainbat arlo kontuan hartuta. Pelikula espainolei alfonbra gorria egiteagatik, adibidez, puntu asko ematen dira, baina programazio onari ez…”.
Vilchezentzat, “frustragarria” da babes bila ibiltze hori, “astuna”. Askotan, ordea, ez dute dirua eskatzen: “Udalari, adibidez, webgunean zabalpena ematea galdegin diogu”. Urtebeteren aldearekin hasten dira programazioa prestatzen, zinemagileak lotzen… Ekiteak eman dien esperientziarekin, itxaropentsu da Vilchez: “Hurrengo urtean ziur nago ez dugula ezer gastatuko. Orain badaukagu zer erakutsia enpresei”.
Leave a Reply