Atlantikora, hiru oinen gainean

Atlantikora, hiru oinen gainean

Maite Alustiza

Errenteriako Atlantikaldia jaialdiak ardatz bat eta hiru oin dakartza: ardatza aniztasuna izango da, eta egitarauaren funtsa musikak, kultur jarduerek eta Tosta Herrixkak osatuko dute. Datorren ostegunetik hilaren 25era arte, ehun jarduera inguru prestatu dituzte herri osoan. Zerrenda luzea da: kontzertuak, erakusketak, dantza, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, irteerak, azokak, ikastaroak, bideo forumak, kongresu bat…

Musika saioak Agirre lehendakariaren plazako karpa erraldoian egingo dituzte; bost dira, guztira. Laura Landa jaialdiko zuzendariak azaldu duenez, “jaialdiaren izpirituari jarraiki”, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdinetako artistak elkarlanean ariko dira, bai nazioartekoak eta baita Euskal Herrikoak ere. Elkarrekin ariko dira, adibidez, Portugalgo Terrakota eta Euskal Herriko Bad Sound System. Reggae doinuak uztartuko dituzte hilaren 24an, larunbatarekin. Egun berean emango du kontzertua Chambao espainiarrak, Noemi Viana dantzari donostiarrarekin.

Atlantikaldiaren aurtengo bisitari berezia Tosta izango da. Donostia 2016ren enbaxada ibiltaria da, eta haren helburua tokian tokiko hizkuntzei balioa ematea da. Apiriletik, Atlantikoko hizkuntza komunitate gutxituetan barrena aritu da. Tosta Herrixkan askotariko jarduerak egingo dituzte; lau egunez, “Errenteriako auzo” bilakatuko da.

Honako hauek dira Atlantikaldiaren egitarauaren barruan aurki daitezkeen proposamenetako batzuk:

KEPA JUNKERA-CHET NUNETA
Irailaren 22an, ostegunean, 20:00etan

Jaialdiaren elkarlanetako bat da Kepa Junkerak eta Sorginek Chet Nuneta taldearekin aurkeztuko dutena. “Euskal Herriko trikitiak eta Frantziako ahots polifonikoak uztartuko dituzte”. Propio Atlantikaldirako sortu dute ikuskizuna, eta saio bakarra egingo dute. Horretarako, astebetez batera jardun dute entseguetan.

Junkerak eta Sorginek 2014. urte bukaeran kaleratu zuten elkarrekin egindako lehen diskoa: Trikitixaren historia txiki bat. Lan horrek Junkeraren 35 urteko ibilbidea laburbiltzen du. Geroztik, kontzertu ugari eman ditu trikitilariak zazpiko neska kuadrillarekin. Aurten bigarren lana plazaratu dute: Maletak.

Chet Nuneta taldea, berriz, 2006an eratu zen, Frantzian, Les EnchantEtues hirukoteak Michael Fernandezekin eta Lilia Ruoccorekin bat egin zuenean. Kanta tradizionalak abesten dituzte, polifonia eta musika nahastuz. “Hiltzear dauden hizkuntza berriak asmatzen dituzte”.

TOSTA BANDA
Irailaren 23an, ostiralean, 20:00etan

Hizkuntza gutxituak dituzten zazpi herrialdetako musikariek osatzen dute Tosta Banda: Galizia, Gales, Irlanda, Eskozia, Frisia, Kornualles eta Euskal Herria. Egitasmoa Atlantikaldiaren filosofiaren “adierazle garbia” da: herrialde guztiek dute Atlantikoa ezaugarri komun, eta elkarlanean jardun dute. Horren erakusle da Tosta Kanta. Mixel Ducauren gidaritzapean, zazpi herrialde horietako hizkuntzak bildu dituen abestia ondu dute.

Ostiraleko kontzertuan, bidelagun izango dute Sophie Stephenson dantzari eskoziarra. Orain dela hainbat hilabete egonaldi bat egin zuen Errenterian.

Egun berean, eta Tosta egitasmoaren barruan, Europako hizkuntza gutxituak elkarrizketan mahai ingurua antolatu dute, 17:00etan, Xenpelar Etxean. Tosta osatzen duten zazpi hizkuntza komunitateetako kideen arteko topaketa irekia izango da. Saioa euskarara itzuliko dute.

GORAN BREGOVIC
Irailaren 23an, ostiralean, 22:30ean

Balkanetako musikaren ordezkari nagusietako bat da Goran Bregovic. Sarajevon jaioa da, eta ospe handiko soinu bandak egiteagatik da ezaguna. Gehienbat, Emir Kusturica herrikidearen hiru pelikularen musika ontzeak eman zion nazioarteko oihartzuna: Dom za vesanje (1988), Arizona Dream (1993) eta Underground (1995).

Bregovicen konposizioek folklore tradizionala, rocka, Bulgariako musika eta beste zenbait estilo biltzen dituzte. Apirilean izan zen azkenekoz Euskal Herrian jotzen, Iruñean.

USAIN ETA ZAPOREEN BIDAIA
Irailaren 24an, larunbatean, 11:00etan

Euskal Herriko, Galiziako, Marokoko, Nigeriako, Kolonbiako, Pakistango eta Txinako elikagaiak eta bestelako produktuak egongo dira Atlantikaldiko azokan. Larunbatean irekiko dute, Foru plazan, 11:00etatik 14:30era eta 15:30etik 20:00etara. Tarte horretan, jarduera berezi bat egiteko aukera egongo da: bisita gidatua keinu hizkuntzan. Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak eta Asocide Euskadi elkarteak antolatu dute, 11:00etatik 13:00era. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, jaialdiaren webgunean: www.atlantikaldia.errenteria.eus.

Azokaren bueltan, beste ekintza bat ere prestatu dute larunbaterako, 16:30etik 18:00etara: Azoka Gynkhana. Horretan, azokan dauden herrialdeekin lotutako probak egingo dituzte parte hartzaileek. Zazpi talde ariko dira jokatzen, eta taldea osatzeko gutxienez hiru lagun behar dira. Jarduera honetarako ere izena eman behar da.

ITSAS ONDAREA AZTERGAI
Irailaren 22tik 24ra

Itsas ondareari buruzko nazioarteko kongresu bat hartuko du Atlantikaldiak, hiru egunez: European Maritime Heritage. Europako Itsasontzi Tradizionalen Elkarteko ehundik gora kide elkartuko dira Niessen aretoan —Albaola elkarte horretako kide da—. Hitzaldiak, mahai inguruak, proiekzioak eta beste egongo dira. Besteak beste, Jon Maiak zuzendutako Apaizac obeto dokumentala emango dute. Kongresua profesionalentzat izango da, eta eztabaidagaien artean izango dituzte itsas ondarearen garapen iraunkorra, itsas ondare ez-materiala eta ondarearen erabilpena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.