Eider Bereziartua
Haurren heziketa eta aisialdia “beste modu batera” egitea du helburu Herri Hezitzaileak egitasmoak. “Gaur egun dauden ereduetatik kanpo badaude beste praktika batzuk hori gauzatzeko”, azpimarratu du Amaia Etxabek (Arrasate, 1988), Txatxilipurdi elkarteko kideak. Proiektua Azpeitian aurkeztu zuten hainbat eragilek, herenegun. Azoka Herritik programaren barruan eman zuten horren berri, eta duela lau urte inguru hasitako proiektua “Azpeitira hurbiltzea” izan zen hizlarien helburua.
Egitasmoak haurren benetako parte hartzea bultzatu nahi du: “Haurrentzako bainoago, haurrekin egin beharko genuke heziketa. Parte hartzea da jendarte hau eraikitzeko tresna garrantzitsuena”, dio Etxabek. Bat dator Irrien Lagunak klubeko Joxe Mari Agirretxe Porrotx ere (Lasarte-Oria, 1964): “Haurrez hitz egiten dugunean, herriko eta gizarteko sektore zabalez ere ari gara; denon inplikazioa eskatzen du honek”. Ziur daude prozesu horretan herriko sektore guztiek parte hartzen badute emaitzak “askoz ere aberatsagoak” izango direla maila guztietan. “Herrigintza da honen muina, herri eragileek izan behar dute honen motorra”, dio Etxabek. Agirretxek uste du hori dela gakoa: “Modu horretan, jendeak bere sentitzen du proiektua. Gurea dena gehiago zaintzen dugu, gurea sentitzen dugu eta”.
Herrigintzaz gain, prozesuak aurrera egiteko herrietako udalek eta ikastetxeek ere bidelagun izan behar dute. “Udalek beraiek daukate konpetentzia arauak egin eta planteamenduak onartzeko. Ikastetxeetan, berriz, haurrek gaitasunak garatzen dituzte, eta balioak jaso. Horiek guztiek herriari bizitza ematen diote, eta denek bat eginik ekin behar diote bide honi”. Etxaberentzat, oso garrantzitsua da udalean dauden alderdi politiko guztiek hasieratik parte hartzea proiektu horretan: “Gerora, berme bat behar da honek aurrera egin dezan. Hau ez da kanpaina bat: hau bizitzeko modu bat da”.
Azpeitiak “baldintza guztiak” betetzen dituela dio Agirretxek: “Herri mugimendu oso indartsua du, eta bertako Kultur Mahaia dagoeneko ezaguna da Euskal Herri osoan. Gainera, iruditzen zaigu udalean badagoela sentsibilitatea eta borondatea halako egitasmo bat martxan jartzeko”. Ziur daude Azpeitia proiektura batzea garrantzitsua izango litzatekeela mugimenduarentzat.
Proiektua Euskal Herriko zortzi herrirekin abiatu zen, eta horietatik hiru ziren Gipuzkoakoak: Arrasaten, Soraluzen eta Donostiako Egia auzoan, duela bi urte inguru hasi ziren proiektua praktikan jartzen. Horiez gain, aurkezpenak egin dituzte hainbat herritan, eta, joan den urte amaieran, Zestoan lanean hasi ziren. “Garatzeko bidean den proiektua da”, adierazi du Etxabek. “Guk sustapen lana egiten dugu, eta, gero, tokian tokiko eragileek izan behar dute egitasmoa martxan jartzen dutenak. Gu prest gaude laguntzera joateko, baina argi edukita motorra beti herri horretan egongo dela”.
Mugimenduaren sustatzaileak itxaropentsu daudela azaldu du Agirretxek. “Orain arteko esperientziak baikorrak izan dira beti, eta gure itxaropena da poliki-poliki aurrera egitea. Horrelako egitasmoek denbora eskatzen dute”. Agirretxek dioenez, ordea, ez daukate diru laguntzarik: “Ez daukagu instituzio handien babesik”. Ondorioz, ez dute taldean inor liberatua: “Gutako bakoitzak honez gain bere lana dauka”. Horregatik, poliki doa egitasmoa. Horrek, ordea, ez ditu sustatzaileak arduratzen, Etxaberen hitzetan: “Azkar edo poliki joango gara, baina aurrera egingo dugu. Gu ez gara geldituko”.
Herri Hezitzaileak proiektuak hiru hanka ditu. Alde batetik, jardunaldi “indartsuak” egiten dituzte bi urtetik behin. “Horietan, gainontzeko herrialdeetako ereduak Euskal Herrira ekartzen ditugu”, dio Etxabek. Esate baterako, Finlandiako ereduaz aritu ziren iaz, eta Francesco Tonucci pentsalari eta psikopedagogo italiarra ekarri zuten 2013an. Horrez gain, bertako esperientziak ere azaltzen dituzte. Beste aldetik, trebakuntza lantzen dute. Iaz, bost liburuxka kaleratu zituzten. “Gure pentsamendua eta praktikak Euskal Herri osora zabaltzea da liburuen helburua”, dio Etxabek. Amaitzeko, herri hezitzaileen sarea osatu dute, “herrien arteko harremanak osatu eta elkarlana egiteko asmoz”.
Leave a Reply