Rebeka Calvo
Andra Mari jaiak pasatu berri dituzte Elduainen. Giro jatorra izan dute, urteroko moduan, eta normalean lasai-lasaia den herria trikiti doinuek eta gazte zein helduen hotsek hartu dute. Egunerokoan, lasaitasuna da nagusi. Hala diote bertakoek, hori omen da Elduainen berezitasuna. Besterik ere bada, halere. Hori dio barre txiki artean Jose Angel Urkizu alkateak, aldapan dagoela herria. “Aldapa da, bi aldeetara aldapa. Herria bilduta bezala gelditzen da, ez da sakabanatzen”. Aldapan beharbada, baina gustura, elduaindarrek bertako giroa maite baitute; landa giroa, paraje ederrak, mendiz inguratuta egonda mendi buelta emateko aproposa… Besteak beste, Urdelar, Ipuliño, Mugaga, Gaztelu Mendi eta Larte mendiek inguratzen dute. Azken urteetan herria ez dela askorik aldatu dio alkateak: “Beharbada lehengo baserri giroa apaldu da, baina bestelakoan ez dugu aldaketa handirik izan”.
25,2 kilometro koadroko azalera du Elduainek, eta 240 biztanle zituen 2014. urtean. Biztanleriak behera egin du azken urteetan, baina ez askorik —duela hogei urte 300 bat biztanle ziren—. Gazteek ez dute bertan geratzeko aukerarik izan urte batzuetan, eta eragina izan du horretan: “Belaunaldi hutsunea egon da, eta orain saiatzen ari gara betetzen”. Hori dela eta, etxebizitzak egiteko asmoa du udalak. Erronka garrantzitsua da elduaindarrentzat, hori baita gazteak bertan geratzeko dagoen aukera bakarra. “Dauden etxeak berritzeko aukera ere hor dago. Helburua bera da; gazteek herrian geratzeko aukera izan dezatela”.
Gazteen falta bezala, haurrena ere badago Elduainen. Hasi berri den ikasturtean haurtzaindegi zerbitzua mantentzea lortu dute, hiruzpalau ume baitaude haurtzaindegian. Zerbitzua abiarazteko gutxienez hiru haur behar dira, baina etorkizunean ez dakite zerbitzua mantentzerik izango duten.
Garai batean eskola ere bazegoen herrian. Alkatea bera bertan ikasitakoa da: “Orain berrogei bat urte bazegoen eskola herrian, baina adin guztietako haurrak elkarrekin aritzen ziren. Ni laugarren mailan jaitsi nintzen Tolosara. Gaur egun, Berrobi, Ibarra eta Tolosako eskoletan aritzen dira herriko haurrak”. Aldapan behera joanda, hortaz. Izan ere, alkatearen hitzetan, aldapan behera egiteko joera dute elduaindarrek, Tolosarako joera. “Goraka, Berastegi aldera baino gehiago, beheraka jotzen dugu gehienbat”.
Herri lasaia izan arren, ez dago geldirik. Udalean zerbitzuak eskaintzeko eta herritarren beharrak asetzeko aritzen dira lanean, eta, azken hilabeteetan, udaleko webgunea berritzeaz gain, artxiboa katalogatzen aritu dira. Etorkizunera begira, berriz, udaletxea bera berritu nahi dute; proiektua egiten ari dira, eta, horren arabera, diru laguntzak eskatuko dituzte. Udaletxe zaharra erre egin zen, eta berria zehazki zein urtetakoa den ez dakite. Horretarako egina duten artxiboa katalogatzea ezinbestekoa da; “artxiboa egin dute jada, baina dena katalogatu eta txukundu egin behar da”. 1700. urteko agiriren bat azaldu da. Aurkitutako dokumentuen artean, gerraostekoak ere badaude; orduan zerga asko zeuden antza, agirietan irakur daitekeenez: “Txakurrak edukitzeagatik, arrautzak ez dakit zenbat dozena edukitzeagatik, bizikleta edukitzeagatik…”. Hurrengo erronka, hortaz, udaletxea berritu, artxiboa kokatzeko lekua atondu eta dena digitalizatzea izango da.
Karobi eta errotak
Ondare historikoa berreskuratzeko hainbat lan ere egin dituzte, Burdina taldekoekin batera. Izan ere, zortzi urte dira jada Burdina taldea eta Elduaingo Udala elkarlanean hasi zirela, eta bost karobi eta errota bat berreskuratuak dituzte.
Orain, Errotazarren berreskuratze lanen azken fasean sartuko dira, eta, guztia garbitu eta hainbat elementu berregin ondoren, errota egonkortuko dute herritarren eskura uzteko. “Galduta daude elementu horietako asko, baino batzuk berreskuratuz balioa eman nahi diegu”.
Leave a Reply