Maite Alustiza
Berdintasuna eta feminismoa bultzatzeko “erreferentziazko guneak” dira Emakumeen Etxeak. Hala uste du Garazi Etxarri Hernaniko Berdintasun zinegotziak: “Mugimendu feministaren eskakizun historikoetako bat da, baita Hernanin ere”. 2013tik Plaza Feminista daukate herrian. Eraikin publiko bat da; Berdintasun Saila han dago, eta herrian lan egiten duten eragile ugari biltzen dira: Bilgune Feminista, Gizon Taldea, Plax gazteentzako aholkularitza zerbitzua, emakumeentzako jabetza eskolak… Gune hori, ordea, txiki geratu zaie, eta beharrei erreparatuta erabaki du udalak Emakumeen Etxea sortzea: “Egun herrian dagoen mugimendu askotarikoa handituz joan den heinean, emakumeen etxe baten beharra azaleratu da”.
Etorkizuneko Emakumeen Etxea definitzeko, parte-hartze prozesu bat martxan jarriko du udalak. Dagoeneko zehaztuta daukate zein izango den eraikina: Gabriel Zelaiako aurreko eraikina, Elizatxo ikastola izandakoa, Florida auzoan. Prozesuaren antolaketan Aztiker soziologia ikergunea ari zaio laguntzen udalari, eta, Maitane Basterretxea teknikariak azaldu duenez, irailaren 24an jarri dute prozesuaren abiapuntua. Egun horretarako Emakumeen etxea, espacio para la igualdad jardunaldia antolatu dute: “Gaia herrian sozializatzea da jardunaldiaren helburu nagusia. Gaia herrian plazaratzea eta agenda publikoan txertatzea. Beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango da jardunaldietan”. Adibidez, Arrasateko, Ermuko eta Basauriko (Bizkaia) esperientzien berri emango dute irailaren 24ko saioan.
Urritik urtarrilera arteko parte-hartze prozesua hiru fasetan gauzatuko dute; orotara, sei-zortzi saio izango dira. Lehenengo, urrian, espazio berriaren izaera eta ezaugarriak definituko dituzte, bi tailerren bitartez. Horietan, beharrak identifikatuko dituzte, eta beharrizanei erantzuteko zerbitzuak zerrendatu.
Lehen fase horren ondoren, azaroan eta abenduan, helburuei egokitutako espazioaren antolaketa zehaztuko dute, bai eraikin barruko antolaketa eta bai ingurukoa —auzolanerako aukerak ere aztertuko dituzte—. Eta, azkenik, funtzionamendua eta arauak finkatuko dituzte —etxea noiz egongo den irekita, zein elkartek izango duten presentzia…—. Otsailerako etxea definitua izatea espero dute, eta hortik aurrera hasiko dira espazioa egokitzen. Etxarrik azaldu duenez, haien asmoa da “ahalik eta gehiena” auzolanean egitea.
Udalarekin eta Aztikerrekin batera, 15-17 herritarreko talde bat ari da parte hartzen prozesuaren diseinuan. “Adin eta profil ezberdinekoak” dira, eta tartean dira mugimendu feministako kideak, beste hainbat elkartetako lagunak, baina baita “interesa azaldu duten norbanakoak” ere. Taldea nahi duten guztiei irekita dagoela gogorarazi du Basterretxeak.
Leave a Reply