Maite Alustiza
Urriaren 4an 80 urte beteko dira tropa frankistak, Bizkaia konkistatzeko ahaleginean, Elgetara heldu zirela. Frankistei aurre egiteko, Intxorta mendiaren inguruetan batu ziren hainbat gudari eta miliziano. “Erreferentzia gune bat izan zen Elgeta. Handik hiru egunera, Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen”. Memoria historikoaren gaian lanketa sakona egiten ari dira herrian, eta Iraitz Lazkano alkateak azaldu duenez, gertatutakoa gogoratzeko eta salatzeko lana egingo dute aurrerantzean ere. Besteak beste, Intxortako Erresistentzia Eguna egin zuten apirilean, emakume erresistente eta errepresaliatuak omenduz. Horrez gain, urte osoan Intxortako gunean bisita gidatuak antolatzen dituzte, hileko lehen eta azken igandeetan. Ibilbidea Espaloia kafe antzokitik abiatzen da, eta bost kilometroko bide tematikoa egiten dute oinez, frontearen xehetasunak ezagutzeko. Memoria historikoari lotuta ere, Argentinako kereilan “konprometitu” da udala. Udako oporrak hartu aurreko azken osoko bilkuran, frankismoaren krimenen aurkako kereila jartzea adostu zuten udalbatzako bi alderdiek —EH Bilduk eta Gu Geu plataformak—. “Erronka oso garrantzitsua izango da udalarentzat”, Lazkanoren arabera.
Kultur arloan, eskaintza “hobetu” nahi du udalak. Espaloia kafe antzokia “erreferente” izan da eskualdean. 2004an ireki zuten; azken urteetan, ordea, bide “gorabeheratsua” izan du. Aurreko kudeatzaileak apirilean utzi zuen aretoa, eta uneotan ekintza puntualak egiteko bakarrik irekitzen dute. Baina berriro martxan jartzeko bidean da. Kudeaketarako proposamenak aurkezteko epea ireki zuen udalak, bukatu da epe hori, eta proposamen bakarra jaso dute. “Hori aztertzen ari gara, eta espero dugu urri bukaerarako martxan hastea”. Lazkanorentzat “idealena” litzateke kultur eskaintza eta ostalaritza emango dituen zerbitzu bat osatzea. “Elgeta herri txikitxoa da, eta asko aportatzen dio Espaloiak”. Jaso duten proposamenak bi zerbitzuak biltzen ditu.
Euskararen alorrean, “Euskal Herriko arnasgune gehienetan bezala”, beherakada nabaritu du Lazkanok azken urteetan, bai jakintzan, eta baita erabileran ere. Euskara sustatzeko, hainbat ekintza egin dituzte herrian: Elgetan Berbetan mintzalagun egitasmoa legealdi honetan abiatu dute, adibidez. Herritik kanpo euskara ikasteko diru laguntzak ere badituzte. Bihar festa dute herrian: Euskaltzaleen Eguna egingo dute, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.
2009tik Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Elgeta. Uztail bukaeran lankidetza hitzarmena sinatu zuen Uemak finantza erakundeekin, eta, horri esker, Elgetako Kutxabankeko bulegoetan euskara lehenetsiko dute aurrerantzean. Langile elebidunak jarriko dituzte, eta euskara erabiltzea sustatzeko neurriak hartuko dituzte.
Udal mailakoak
Bi milioi eurotik gorako zorra dauka udalak ordaintzeko, hainbat kalte-ordainekin lotuta. Pasa den asteko osoko bilkuran, birfinantziazio plan bat onartu zuten, aho batez. Ordainketa horiei aurre egiteko, Kutxabankekin duen zorra epekatuko du udalak: ordainketa epea hamalau urtera zabaltzea proposatu du. Beste gastu batzuetarako, beraz, “aukera oso murritza” geldituko zaio udalari. Egitekoen artean ditu argiteri publikoa berritzeko LEDak jartzea eta futbito kantxa konpontzea. Segurtasun hobetzeko, eskolako jolasguneko hesien altuera handitzeko lanak egin berri dituzte —120 umek hasi dute ikasturtea dagoeneko—.
Hondakinei dagokienean, herritarrak zoriondu ditu Lazkanok. Txipa duten edukiontzi bidez biltzen dute, eta %80ko birziklatze tasara iritsi dira —apirilean %81,04 izan zen; maiatzean %83,21—. Dena den, maiatzean errefusaren edukiontzietatik hartutako lagin bat karakterizatu zuten, eta ondorioztatu dute errefusan biltzen denetik “%20 baino ez” dela errefusa, bestea birziklagarria dela. “Kontzientziazioa bultzatu behar dugu, jendeari egiteko erraztasunak eman, eta inportantea da ingurumenean ez ezik, ekonomikoki daukan pisua azaltzea. Errefusaren kudeaketa oso garestia da”.
Leave a Reply