Eider Goenaga Lizaso
Abuztuan heldu zen Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museora azkeneko pieza. “Motor elektrikoa duen automotor bat da, 1928an eraikia. 88 ditu, eta duela bi urte arte zerbitzuan izan dute. Lehenik, Bilboko Transportes Urbanos enpresan bidaiariak eramaten zituen, eta azken urteotan Bilboko metroan erabili dute, barne zerbitzuetarako. Euskotrenen tailerretan zaharberritu zuten, eta gurean daukagu orain”. Juanjo Olaizola zuzendariak (Donostia, 1965) dioenez, trenaren museoa museo bizia da. “Burdinbidea, trena, bizirik dagoen gauza bat denez, etengabeko bilakaeran dagoenez, beti iristen zaizkigu pieza berriak. Nik beti esaten du, erdi txantxetan eta erdi egiatan, orain izorratuta utziko gaituen abiadura handiko trena ere urte batzuk barru museo batean egongo dela”.
Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadaren amaieran jarri du Olaizolak burdinbidearen museoaren sorreraren abiapuntua, Eusko Jaurlaritza bide estuko trenbide sarea berritzen hasi zenean. “Trenbide sarea, garai hartan, ez zegoen batere ondo; urte askoan ez zen batere inbertsiorik egin, eta tren berriak sartuz, bideak eta katenariak berrituz, makina eta tresneria berria sartuz joan ziren —telefonoak, farolak…—. Zorionez, hor egon zen sentsibilitate bat, eta konturatu ziren une hartan erretiratzen ari zirena ez zela zaharra bakarrik, antigoalekoa baizik”.
1989an, inbentario bat egiteko eskatu zioten Olaizolari, eta hurrengo urtean erabaki zuten museo bat martxan jartzea. 1992an ireki zuten, Azpeitiko tren geltoki zaharberrituan; 1994an, berriz, kotxetegiak, tailer mekanikoa eta abar ireki zituzten bisitarientzat. Eta, 1998an, Azpeitia eta Lasao arteko trenbidea jarri zen martxan. “Nik uste dut hasieratik argi genuela hori zela inportanteena. Izan ere, gu ez gara museo normal bat, arte ederretako museo bat; arte ederretako museoak kontenplatzeko sortu dira, baina trenak ez, trenak ibiltzeko sortzen dira. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun jendeari trenean ibiltzeko aukera ematea, gure aitona-amonek bidaiatzen zuten bezala bidaiatzeko aukera ematea”.
Lurrun trena
Olaizolak garbi du lurrun trenean ibiltzea dela museora bisitari gehien erakartzen duena. Aste Santutik azaroaren 1era arte, asteburuero ibiltzen da lurrun trena; bi bidaia egiten ditu larunbatean, eta bat igandean. Abuztuan, berriz, egunero izaten da trenean ibiltzeko aukera. “Baina makina dieselarekin egiten dira bidaia horiek, gure tren diesel historikoak ere badu-eta eskubidea noizean behin ibiltzeko”. Horrez gain, bisitari taldeek ere badute aukera aurrez eskatuta trena alokatzeko.
Bisitariak bi taldetan banatzen ditu Olaizolak. “Asteburuetan eta udan familiak izaten dira, batez ere, oso museo erakargarria baita familientzat. Aste tartean, berriz, taldeak izaten dira: ikastetxeak, erretiratuak, denbora libreko taldeak, euskaltegiak…”. Udan, bestalde, turistak ere izaten dituzte: “Ipar Euskal Herritik etortzen zaizkigu asko, eta baita Espainiatik ere; gero eta gehiago dira, bestalde, frantsesak, alemaniarrak eta ingelesak”. Museoak inoizko bisitari gehien izan du aurtengo udan: 4.469 bisitari izan dituzte, iaz baino %19,85 gehiago. “Oso pozik gaude. Museo batek bi funtzio ditu: bat da ondarea babestea, eta, bestea, ondare hori ezagutaraztea. Jendea etortzen ez bada, herren gelditzen zara”. Urtean 30.000 bisitari inguru izaten dituztela nabarmendu du Olaizolak: “Eta hori asko da, batez ere kontuan hartzen badugu Azpeitian gaudela, eta ez Donostian. Eta Azpeitira etorri egin behar da”.
Harro hitz egiten du Olaizolak museoaz. “Europan, trenari buruzko museo asko daude; Britainia Handian, adibidez, 200 inguru dira, museoak eta tren historiko turistikoak kontuan hartuta. Espainiako Estatuan, berriz, maila honetako beste hiru museo bakarrik daude: Vilanova i la Geltrun [Herrialde Katalanak], Gijonen eta Madrilen”.
Leave a Reply