Aitziber Arzallus
Artean, telebista zuri-beltzean ikusten zuten etxe gehienetan, ikusteko modurik zutenetan, behintzat. Orduantxe hasi ziren koloretarako jauzia egiten antenan ziren bizpahiru kateak. Interneten arrastorik ez zen, eta orduko norbaiti sare sozialez hitz egitea erotzat hartzeko motibo zatekeen. Asko aldatu baita gizartea azken lau hamarkadetan. Aldatu ez dena ikastolen diru premia da, orduan ere beharra zutelako, gaur bezala.
Testuinguru horretan jaio zen ikastolen aldeko Kilometroak jaia, 1977an. Josu Erguin izan zen ideia mahai gainean jartzen aurrena, ia hamarkada bat lehenago AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikusitako ekitaldi batean oinarrituta. 1969an, 18 urte zituela, AEBetara ikastera joateko aukera izan zuen beasaindarrak. Woodstock kontzertuaren eta Vietnamgo gerraren garaia zen, eta han ikusi zuen nola antolatu zuten ibilaldi bat dirua lortzeko egitasmo gisa. Parte hartzaileek egiten zuten kilometro bakoitzagatik ordainduko zuten babesleak aurkitu behar zituzten.
AEBetatik itzuli eta urte batzuetara, han ikusitakoa praktikan jartzeko aukera ezin hobea egokitu zitzaion Erguini. Bere alaba ikastolako ikaslea zen Beasainen, eta bera guraso elkartean zegoen. Goierrin lizeo berri baten beharra zegoela eta, dirua nondik atera zezaketen aztertzen hasi ziren, eta orduantxe proposatu zuen Erguinek AEBetan ikusitakoaren antzeko zerbait egitea. “Hasieran, denek barre egin zidaten. ‘Ibiltzeagatik ordaindu?’, esaten zidaten. Baina nik garbi neukan formula arrakastatsua izango zela; erabat konbentzituta nengoen”. Erguinek hasiera-hasieratik jo zuen zifra potoloetara. “Nik 100.000 pertsonako zifraz hitz egiten nuen, eta barre egiten zidaten. Gaur, berriz, barre egiten dugu 100.000 pertsona elkartzen garelako, baina plazerez”.
Lehen ekitaldi hura Beasain eta Lazkao artean egin zuten, 1977ko urriaren 16an. Zalantzaz hartu zuen jendeak, eta izan zen iseka egiten saiatu zenik ere. Ikastolek egoera ekonomiko zailari aurre egiteko asmatu behar izan zuten “irudimenezko itzulipurdi bat gehiago” besterik ez zela zioen, esaterako, Espainiako El Pais egunkariak garai hartan argitaratutako artikulu batek.
Nahi zuten guztiek parte har zezaketen jarduera horretan, baina, aurrez, parte hartzaile bakoitzak babesleren bat topatu behar zuen, ibilbidean egiten zuen kilometro bakoitzagatik pagatzeko. Adibidez, finantza erakunde batek 150.000 pezeta agindu zituen Joxe Migel Barandiaranek egiten zuen kilometro bakoitzeko. 12.000 lagunek parte hartu zuten lehen ekitaldi hartan.
Handik hiru urtera, Tolosako Kilometroak jaian, laugarren ekitaldian, 80.000 lagunek parte hartu zuten. Lehen hiru ekitaldietan 26 milioi pezeta inguruko (155.000 euro) etekinak atera zituztela zehazten du garaiko prentsak. Tolosako ekitaldian, berriz, 30 milioi pezeta inguru (180.00 euro) bildu ei zituzten, 1.200 ikasle hartuko zituen ikastola berri bat eraikitzeko.
Diru bilketaren sistemak antzerakoa izaten jarraitzen zuen artean. Parte hartzaile bakoitzak kontrol kartulinatxo bat eraman behar zuen aldean, egindako kilometro bakoitzeko ordaintzeko prest zegoen diru kopurua zehaztuz. Parte hartzaileek eurek jarriko zuten diruaz gain, babesle baten laguntza ere izan zezaketen, eta, zenbat eta kilometro gehiago, orduan eta gehiago ordaindu beharko zuten. Ordukoan, Toro abizeneko batek egin zituen kilometro gehien: 90, hain zuzen.
Aldarrikapena, ahultzen
“1977an martxan jarri zenetik, jaiak berak eredu eta xede nahiko berdintsuari jarraitu dio; gizartea, berriz, asko aldatu da”, Mikel Egibar Ikastolen Elkarteko Kilometroak jaiaren koordinatzailearen hitzetan. Kilometroak jaiaren inguruko diru bilketa sarea eta, neurri batean, profesionalizatuta daudela dio: kamisetak direla, zozketak direla… Eta horrek jarritako helburu ekonomikoak betetzea ahalbidetzen die. Jaiak berak, ordea, “doikuntza sakona” behar duela ohartu ei dira. “Jatorrian, Kilometroak jaian parte hartzeko nahi eta ilusio handiena proiektu bat eraiki eta irekitzea zen, aldarrikapen parte-hartzailea; gaur egun, ordea, aldarrikapenak askoz leku txikiagoa du, eta gehiago da jai baten kontsumoa”.
Erantzuleak topatzeko urrutira joan beharrik ez dagoela iritzi dio Egibarrek. “Konturatu gabe, geu izan gara egungo eredua elikatu dugunak. Ludikotasunaren fenomenoa da sakonean dagoena. Hau da, gaur egun euskal gizarteak nola kontsumitzen du jaia, eta jai horren barruan zer leku gelditzen da aldarrikapenarentzat?”. Galdera potoloak, inondik ere, baina egin beharrekoak, Ikastolen Elkarteko ordezkariaren ustetan. “Nik uste dut edozein herritako jai batzordean mahai gainean dagoen eztabaida dela, eta guk ere gure ekarpena egin nahi genioke horri”. Adibide gisa, hausnarketarako gai bat jarri du mahai gainean Egibarrek: “Kilometroak jaira jende gehiago erakartzen dugu musika talde ezagunagoak ekartzen diru gehiago gastatuta; baina, horrela, ez al gara gu geu ari parte hartzeari lekua kentzen eta kontsumoari aukera handiagoa ematen?”.
Hori horrela, Ikastolen Elkartearen ekimenez, Kilometroak bidea izenburupean hausnarketa prozesu bat jarri dute abian, Kilometroak jaia birpentsatzeko helburuarekin. “Nahiko genuke hemendik lau edo bost urtera, 2020an edo, Kilometroak jaiaren eredu berri bat mahai gainean jarri”, esan du Egibarrek.
Prozesua hiru zatitan banatu dutela azaldu du Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Lehendabizikoan —aurten egin dutena—, aspektu historikoari eman diote garrantzia. “Urte hauetan guztietan Kilometroak jaiaren inguruan ibili den jendearekin egon gara, eta haien iritziak bildu ditugu; artxibo historiko txiki bat ere antolatu dugu”. Hain zuzen ere, bildutako material horrekin erakusketa bat prestatu dute, eta urriaren 2ra arte ikusgai izango da, Bergarako Aroztegi aretoan. Erakusketa irekia eta ibiltaria izango da, gainera. Hala, hurrengo urtean Oñatira eramango dute, aurtengo ekitaldiko argazkiak eta biltzen duten gainerako materiala gehituta. Egibarrek zehaztu baitu aurrerantzean ere kapital historikoa berreskuratzen jarraituko dutela.
Erakusketaz gain, Kilometroak bidean prozesuaren bultzatzaileek webgune bat jarriko dute martxan aurki, “jendearen ekarpenak jasotzeko eta eztabaida foro izan dadin”. Kilometroak jaietako argazkiak, irudiak eta bestelako materiala jasoko ditu webgune horrek: www.kilometroakbidea.eus.
Bigarren zatian, datorren urtean, Kilometroak jaia ikuspuntu soziologikotik aztertuko dute. “Makrojaiak; Zer eragin daukate jendearengan?; Jendeak nola ikusten ditu horrelako jaiak?; Jendea zertara joaten da haietara?; ludikotasunaren erabilera; aisialdia eta astialdia; jai aske eta parekideak eraikitzearen beharra; iraunkortasuna; alkoholaren eta drogen kontsumoa…”. Kilometroak jaitik harago, Egibarrek uste du gizarte osoak aztertu beharreko kontuak direla, “baina guk ere badaukagu betebehar hori, eta egingo dugu”.
Hirugarren zatian, berriz, egitasmo parte hartzaile eta dinamizatzaileak aztertzeko asmoa dutela azaldu du, “Kilometroak jaiaren ezaugarri nagusietako bat horixe baita, boluntarioen parte hartzeari eta lanari esker aurrera eramaten den jarduera bat dela”.
Eztabaida prozesua Gipuzkoan abiatu duten arren, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute gainera. “Ikastolen aldeko gainontzeko jaien antolatzaileekin egongo gara, gauzak nola ikusten dituzten jakin nahi dugulako”. Jai nazional bat antolatzeko aukerarik ba ote legokeen aztertu nahiko lukete.
Irailaren 17an, Bergarako Aranzadi ikastolan egin zuten aurreneko hausnarketa saioa, eta antolatzaileak “oso pozik” daude egitasmoak izandako harrerarekin. Han izan zen Erguin bera ere. “Gogoeta egitea erabat beharrezkoa iruditzen zait, eta lehen saioa oso interesgarria iruditu zitzaidan”. Haren ustetan, hasierako ekitaldietan parte hartzaileek zuten konpromiso sentipen hura galdu egin delako denborarekin. “Lehen garbi geneukan horrelako ekintzetara ikastolei eta euskarari bultzada ematera eta laguntzera gindoazela; orain, ordea, festara goaz”. Erguinentzat, Kilometroak jaia “amets bat egia bihurtzea da”, jendearen konpromisoak eta ilusioak bizirik mantendu duen zerbait. “Baina iragana ez da ezer; etorkizunera begiratu behar da beti, horrek ematen duelako indarra”. Ziur dago hausnarketa prozesu hau izango dela datozen 40 urteetako Kilometroak jaiaren oinarriak jarriko dituena.
Han izan zen Ekaitz Aranberri ere, Aranzadi ikastolako Kilometroen koordinatzailea. Hark ere uste du ezinbestekoa dela gogoeta egitea, etorkizuneko Kilometroak jaia nolakoa izango den erabakitzeko. Baina azken urteetan gauzak hobetzeko egindako ahalegina nabarmendu nahi izan du. “Kilometroak jai betidanik izan da aitzindari, eta, bide horretan, azken urteetan, hainbat aldaketa egin dira: alkoholaren kontsumo arduratsua bultzatzeko plangintza sendoa sortu genuen duela urte dezente, eta edalontzi berrerabilgarriak Euskal Herriko jaietara ekartzen lehenengoetarikoak izan ginen, besteak beste”. Eraso sexisten eta jai parekideen alde ere lan handia egiten ari direla nabarmendu du.
Leave a Reply