Danel Agirre
Joan den kanpainako eslogan antagonikoek ez zaitzatela tronpatu: familiarteko intimitatean, Iñigo Urkullu eta Arnaldo Otegi alderdikide dira. Africa Baetari pasealdi banatan aitortu berri diotenez, Fairy korronte progresistako militante ditugu biak, espartzuaren eta xaboi-burbuilen apologetak. Intimitatera biltzen direnean, horixe omen dute erlaxamendu ariketa gogokoen: harrikoa egitea. Urkulluren kasuan bizioagatik gainera, etxean ontzi garbigailua badaukatelako.
Ez zait zailegia egiten liderrok sukaldeko baretasunean imajinatzea. Alkandora urdina ukondoraino jasota EAJkoa, mantala eta gomazko eskularruekin, Fairy alferrik ez xahutzeaz arduratuta, harraskatik at tantorik zipriztindu gabe. Trauskilago Bildukoa, bi metro Silestone blai, marka zuriko detergentea zurrustaka erabiliz, txistuka kantari. Bi argazkiak ditut gustuko. Urkulluk eta Otegik egia badiote (bere burua modu atseginean aurkeztu nahi duten bi politikari profesional zergatik ez nituzke sinetsi beharko!), gizonezko ordezkari gorentzat bi tipo gizalegezko ditugulako. Lepo behar duten agendek ahalbidetzen duten bakoitzean, batere glamourrik gabeko eginbeharrak bere gain hartzen dituztenak.
Ni ez naiz Urkullu eta Otegi bezain fina esker txarreko zeregin horiekin guztiekin. Afaria prestatzea gustatzen zait, baina besteen aurrean neure burua luzitzeko aukera eskaintzen didalako bakarrik. Erosketetara ere pozarren noa egunero, auzo oso gaztean bizi naizelako eta supermerkatuan bista alaitzeko moduko dozenaka neska-mutil lerden topatzen ditudalako. Nire etxe paretik pasatzen bazara, ordea, nekez topatuko nauzu leihoak garbitzen, adibidez. Gorroto dut ataza hori, nire bizitzan hiru bider bakarrik saiatu naiz. Eta hiru arratsalde osorik galdu nituen, trapua pasatzen nuen bakoitzean kristalak lehen baino zikinago geratzen zitzaizkidalako ernegatuta.
Malekoian nire alboan txokolatea txurroekin meriendatzen ari zen amona bati entzun nion behin, ni bezalakoengatik etxeak eta giza paisaia askoz narrasagoak ageri direla egun. Berdintasuna ezartzearekin estututa, gizonezkook emakumezkoak gu bezain gutxi egiteko konbentzitu ditugula zen haren teoria. Plantxa partekatu beharrean, inork plantxatu ez dezan erabaki dugula, eta arropak zimurrez beteta lotsarik gabe janztea. Alabaren etxera azkenekoz joandakoan topatu zuen kaosarekin asaldatu, eta, txukunketetan hasteagatik, suhiak errieta ere egin omen zion amonari.
Erakutsi berri dizkiguten Urkullu eta Otegiren adibideei esker, utzikeria olatuari kontra egiten hasteko moduan gaude, txurroak meriendatzen ari zen amonaren zorionerako. Africa Baeta elkarrizketa eske atarian agertuko ote zaidan beldur, Youtuben leihoak egoki garbitzen ikasteko ikastaro bat ikusten hasi naiz ni oraintxe, esaterako. Bi liderren lezio bikain honen irismena, gainera, askoz zabalagoa izango da, arlo guztietan antzeman arte. Izan ere, politikarien partetik sukalde lana falta dela deitoratzea klasiko bat da. Orain arte ez genekiena zen, ordea, Urkulluk eta Otegik zartagina baino gehiago harrikoa dutela gogoko. Sukalde lana eskatu beharrean, bi horiek Fairy potoarekin bakarrik utzi, eta gure etxea distiratsu utziko digute seguru.
Leave a Reply