Eider Goenaga Lizaso
Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kidea da (Getxo, 1989), eta Mintzapraktika egitasmoaren ardura du. 2016-2017ko ikasturtean izena emateko kanpaina betean daude orain, eta euskara praktikatzeko beharra sentitzen duen orori, zein euskaraz bizi eta bere ekarpena egin nahi duen guztiari egin dio deia Illarok proba egin dezan.
Esadazu, laburrean, zer den Mintzalaguna egitasmoa.
Mintzalagun edo Mintzapraktika egitasmoa euskaraz aritzeko elkartzen diren lagunak dira; euskaraz aritzeko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen dira, eta astean ordubetez euskaraz hitz egiteko elkartzen dira. Oso gauza sinplea da.
Zer jende motak ematen du izena Mintzalagunerako?
Praktikatzeko beharra dutenen artean, jendeak hainbat helburu izaten ditu. Normalean, euskaraz gehiago hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko ematen dute izena. Gehienak izaten dira inguruan eremu euskaldunik ez dutenak; familian, lagunartean eta lanean euskaldunik ez dute, eta, ondorioz, euskaraz hitz egiteko aukerarik ere ez.
Nork prestatzen ditu ordubete horretarako hizketagaiak?
Elkarrizketa librea izaten da, eta euskaraz modu askean eta lasai aritzea da helburua. Ez dago araurik, ez dira akatsak nabarmendu behar… Praktikatu, egin, egin eta egin, eta jariotasuna lortzen joatea, besterik ez.
Gaiak taldeko kideek ateratzen dituzte, denen artean, eta edozein gai atera daiteke. Zu lagunekin kafe bat hartzera joaten zarenean egiten duzun bezala. Egia da hasieran gehiago kostatzen dela gaiak ateratzea, baina konfiantza hartzen duten neurrian, hori modu naturalean egiten dute. Bestalde, badaude urte pila bat daramatzaten mintzalagun taldeak, eta askotan planak egiten dituzte elkarrekin, edozein lagun taldek bezala. Mintzalagunei egiten dizkiegun galdetegietan, askok diote jarraitzeko arrazoietako bat taldeko laguntasun giroa dela.
1993an sortu zuen Mintzalagun egitasmoa Bagera elkarteak. Asko aldatu al da ordutik?
Oinarria oso sinplea da, eta funtzionamendua ere bai. Aldaketa da egonkortu eta finkatu egin dela, eta zabalpen handia lortu duela. Aldaera batzuk ere sortu dira —euskalkilaguna, hikalaguna, gurasolaguna, kirola egiteko biltzen diren mintzalagun taldeak…—, baina denek funtzionamendu bera dute.
Orotara, 6.000 mintzalagun aritzen dira; eta, Gipuzkoan, ia 2.000. Kopuru handia da. Zeri zor zaio arrakasta hori?
Formula sinplea da, eta nik uste dut sinpletasun horri zor zaiola, eta baita ere irakaskuntza araututik eta zurrunetik kanpo egiten den jarduera izateari; lasaitasunean, aisiarekin lotuta eta lagun artean egiten da. Konfiantza gune bat sortzen da, eta horrek ematen die aukera euskaraz lasai egin eta hobetzeko.
Mintzalaguna integrazio tresna ere bada, ez?
Bai, saretzeko ere balio du. Eta, lehen ez dizut esan, baina mintzalagunen taldeak toki publikoetan biltzen dira, eta horrek, era berean, balio du euskararen presentzia areagotzeko. Bestalde, inguru euskaldunik ez duten horiei, euskaldun eta euskaltzale giro batean murgiltzeko aukera irekitzen zaie, eta oso ohikoa da mintzalagun taldeek euskarazko jardueretarako planak egitea, horrek dakarren guztiarekin, eta ez bakarrik euskararen erabilera handitu eta hobetzeari dagokionez.
Leave a Reply