Eider Goenaga Lizaso
Hemeretzi urte dira Maroko utzi zuela. Zaragozan (Espainia) bizi izan zen hainbat urtez, baina han baino denbora gehiago darama Euskal Herrian; Errenterian, hain zuzen. “Hona iristen zaren unetik beretik sentitzen duzu ez zarela onartua, ez zarela ongietorria. Zaragozan izugarria izan zen, jasanezina”. Ez du bere izenik eman nahi —Fatima deitzeko eskatu du—, eta ezta aurpegirik erakutsi nahi ere. “Ertzaintzarekin ez dut arazorik izango, ezta?”, galdetu dio Gerar Karrere SOS Arrazakeriako eta Berdin arrazakeriaren kontrako sareko kideari. “Ez, ez, ez, lasai”, erantzun dio hark. “Nahikoa arazo badut; ez dut gehiago nahi”.
Bizimodu gogorra izan du Fatimak. Bere bikotekidea espainiarra zen, eta harekin egoteko utzi zuen jaioterria. “Eta, kontrakoa dirudien arren, arrazakeria eta gutxiespena are okerragoa da horrelako kasuetan”. Iritsi berritan entzun zuen inoiz egin dioten komentariorik iraingarri eta mingarriena. “Gizonari esan zioten Marokora joan behar izan zuela emazte bila, bestela hemen inork nahi ez zuelako. Ni ondoan nengoen, baina existituko ez banintz bezala bota zioten hura. Ni erabili ninduten senarra mespretxatzeko. Gaztea nintzen orduan, neska ederra nintzen, neure buruarekin seguru nengoen, baina esaldi hark lur jota utzi ninduen”. Ordutik beste bikotekide bat izan du Fatimak, eta baita espainiar nazionalitatea duen seme bat ere. “Baina, ez naiz inoiz onartua sentitu, eta nire egoera okertzearekin batera, are gutxiago”. Bakarrik bizi da egun, hezurretako gaitz bat duen 15 urteko semearekin; 2013tik ez du lanik topatzen, eta urtebete baino gehiago darama etxea alokatuko dion norbaiten bila.
Aitortzen du muturreko egoeran dagoela, depresioaren kontrako botikak hartzen dituela. “Arrazakeria keinuak beti sufritu izan ditut. Askotan gertatu zait, adibidez, beste emakume batzuen atzetik denda batera sartzea eta dendaria zuzenean nigana etortzea, zer nahi dudan galdezka, besteak lasai-lasai arropa begiratzen ari diren bitartean. Baina halakoekin bizitzen ikasten duzu. Ondo zaudenean —lanean, bikotekidearekin eta egoera ekonomiko onean—, errazago eramaten dituzu horrelakoak. Baina, egungo egoeran, edozer gauzak min handia egiten dit. Ia ez naiz etxetik irteten”.
Atzerritarrik ez
Baina, orain, etxerik gabe gelditu da. Joan den ostiralean lagun baten etxera joan behar izan zuten semeak eta biek, urtebete bila aritu ondoren etxerik alokatzen ez diotelako. “Aurreko etxea alokatu zidan emakumeak saldu egin behar zuen etxea, baina beti oso ondo portatu da nirekin, eta urtebete lehenago jakinarazi zidan. Lasai nengoen ni orduan; ez nuen pentsatu ere egingo egun nagoen egoeran egongo nintzenik!”. Etxejabe partikularren bila ibili zen hasieran Fatima, etxe agentziek kobratzen duten dirua aurrezteko. “Baina inork ez zidan alokatu nahi. Arazoetako bat zen nominarik eta asegururik ez nuela, baina beste askok esaten zidaten ez dutela atzerritarrik nahi”.
Denbora agortzen ari zitzaion, eta etxe agentzietan hasi zen bila. “Nik gazteleraz ondo egiten dut, baina asko hitz egiten badut, nabari zait ez naizela hemengoa. Beraz, aitzakiak jartzen zizkidaten. Etxerik ez zutela, nomina behar zela… Eta bi agentziatan argi eta garbi esan zidaten etxejabeek ez zutela atzerritarrik nahi. Horietako batek modu onean, eta penatuta, esan zidan hori. Baina besteak, oso modu txarrean”.
Etxe agentzia horretara deitu zuenean, lagun baten nomina zuela eta alokairu kontratua bien izenean sinatuko zutela esan zien Fatimak. “Neska, antza denez, ez zen ohartu atzerritarra nintzenik”. Baietz, bi etxe zituztela esan zion hasieran. “Baina laguna pakistandarra zela esan nionean, tonua aldatu zitzaion. ‘Ez, ez, sentitzen dut, ez dugu atzerritarrik nahi. Gainera, jende asko daukagu zain, eta lehentasuna hemengoek dute. Atzerritarrek ez duzue alokairua ordaintzen, eta zuen herrialdera egiten duzue ihes…’. Ezin nuen sinistu! 1997tik hemen bizi naiz eta!”. Maroko duela ia hogei urte utzi zuela, 15 urteko seme bat duela, hura hemengoa dela, hemen eskolaratuta dagoela eta inora joateko asmorik ez duela azaldu zion etxe agentziako neskari. “‘Nola egingo dut ihes?’, esan nion. Baina, alferrik. Diskriminazioa zela esan nion gero. ‘Bueno, bueno, ez gauzak bere onetik atera’, esan zidan. ‘Jende asko daukat, agur’, eta eskegi egin zuen telefonoa”.
Salaketa Berdin sarean
Esandakoak baino, tonuak egin zion min gehiago Fatimari. “Horrela tratatua sentitzea mingarria da. Egia da halako asko onartu ditudala, baina horrekin gainezka egin dudala uste dut. Eta salatzea erabaki nuen”. Halaxe heldu zen Fatima Berdin sarearen bulegora. Gerar Karrere SOS Arrazakeria taldeko kidea da, eta Oiartzualdeko arrazakeriaren kontrako Berdin sarearen bulegoan aritzen da. “Fatimaren kasua nahiko ohikoa da. Atzerritarrek etxe agentzien aldetik pairatzen duten diskriminazioaren gaineko azterketa egin zuen duela pare bat urte SOS Arrazakeriak, eta argi ikusi genuen atzerritarrei zailtasun eta baldintza gehiago jartzen zaizkiela, informazio gutxiago eskaintzen zaiela eta, baliabide gutxiago dituzten arren, gehiago ordaindu behar izaten dutela gauza bera lortzeko”, dio Karrerek.
Etxejabe batek bere etxea alokatzeko nahi dituen baldintzak jar ditzakeela argitu du Karrerek, kasu horietan legeak onartzen dituela baita arrazoi diskriminatzaileak ere. “Baina etxe agentziek, enpresa pribatuak izan arren, zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eta ezin dute irizpide diskriminatzailerik onartu. Etxejabe batek esan dezake ‘ez dut nire etxean bikote homosexual bat edo atzerritar bat nahi’, baina etxe agentziak, legez, ezin du hori onartu. Normalki, ezkutuan egiten dute, baina, Fatimaren kasuan, diskriminazioa hain argia izan da…”. Oraindik aztertzen ari dira Fatimaren kasuarekin zer bide jarraitu, oso zaila baita halako kasu bat frogatzea, baina Karrerek salaketa egitera deitu ditu halako jokabideak pairatu dituzten atzerritarrak. “Etorkinak ohitu egiten dira diskriminazioa bizitzera, maiz barneratu egiten dituzte halako jokaerak, eta gu hor gaude horiek denak identifikatu eta jasotzeko”.
Izan ere, horretarako sortu zuten Berdin sarea orain dela urtebete, horrelako salaketak jasotzeko, bide emateko, baina, batez ere, arrazakeria ekintzak antzemateko. “Berdin sare bat da, gertatzen den tokietan arrazakeria eta diskriminazioa antzemateko eta ikusarazteko sare bat”. Eskualdean etorkinekin harremana izan dezaketen elkarte eta erakundeetara jo dute horretarako: Helduen Heziketa Iraunkorreko zentrora, etorkinen elkarteetara, bestelako gizarte taldeetara, udaletara, udaletako gizarte laguntzaileengana, udaltzainengana… “Ahal den toki gehienetara iritsi, haien inplikazioa bilatu eta horiek ere antena moduan funtzionatzea da helburua; eta antena horiek gai izatea, tokian-tokian, arrazakeria antzeman, identifikatu, arrazakeria horri erantzun, babesa eman, salaketak bideratu eta ezagutarazteko”, azaldu du Karrerek.
Horrez gain, Oiartzualdeko lau herrietarako —Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezo— bulego bat du jarria Berdinek, Errenteriako Oarso gizarte etxean. Bertan jasotzen dituzte atzerritarren salaketak, bertan egiten dituzte atzerritarrentzako ahalduntze saioak, bertan prestatzen dituzte eragileentzako prestakuntza saioak —esaterako, udaletxeetako gizarte laguntzaileentzako eta udaltzainentzako ikastaroak—. “Eta, urte amaieran, jasotako guztia bildu, txostena egin eta argitara ateratzen dugu, Gipuzkoako Foru Aldundira eramatearekin batera. Nolako kasuak gertatzen diren jaso ondoren, gertaera horiek guztiak ezagutaraztea ezinbestekoa da, gero sentsibilizazio lan bat egiteko, eta arrazakeria horren kontrako neurriak hartzeko”.
Iaz jarri zuten martxan Berdin sarea Oiartzualdean, eta iaztik dago irekita bulegoa ere. “2014an, hurrengo urterako aurrekontu parte hartzaileak egin zirenean aurkeztu zuen SOS Arrazakeriak Berdin sarea Oiartzualdean indarrean jartzeko proposamena. Aurreko foru aldundiak onartu egin zigun proposamena, eta egungoak hitzarmena berretsi zuen”. Azkenean, SOS Arrazakeriak kudeatu eta foru aldundiak babesten eta diruz laguntzen duen sarea da Berdin. “Berdinek egoera irauli nahi du. Jendea sentsibilizatu, gizartean aliatuak bilatu, herritarrak diskriminazioaren kontrako borrokan inplikatu —guztion ardura delako—, eta diskriminazioa modu publikoan egiten duten horiek gaizki sentiaraziko dituen gizarte giro bat sortu, horrelako jokabideak gutxitzen joan daitezen. Horretan gizarte osoa eta erakunde publikoak inplikatu behar ditugu, eta horixe egiten du Berdin sareak”.
Ondo joan da urtea, eta egindako lanaren balantzea ona dela dio Karrerek. Horren adierazle da Berdin sarea Debagoienera zabalduko dela aurten, eta beste bulego bat zabalduko dutela, Arrasaten.
Leave a Reply