Maialen Igartua
Zintzarria gizakiak artaldea kontrolpean izateko teknologia bat baino ez da, itxiturak egiten hasi aurrekoa. Artalde bakoitzak soinu bat dauka, errepikaezina. Eta artalde horien zintzarri hotsek, noski, Euskal Herriko soinu paisaiaren zati bat osatzen dute. Hala uste du Nader Koochaki artistak (Donostia, 1983), eta ideia hori helarazi nahi du Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan ikusgai eta entzungai jarri duen Soineko paisaia erakusketan.
Ehun burutik gorako artaldeen soinu grabaketek osatzen dute erakusketa. Grabaketa bakoitzak fitxa bat du, artaldearen zintzarri hotsa non grabatu duen eta artaldea norena den zehazten duena. Ehun grabazio baino gehiago entzun daitezke erakusketan. Irailaren 24an inauguratu zuten, eta Igartubeitin izango da abenduaren 18ra arte.
Koochaki 2009an hasi zen artaldeen zintzarri hotsak grabatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso zuen bere proiektuak. Soziologian lizentziaduna da Koochaki, eta unibertsitatean arau akademikoetara egokitu behar izaten zuen. “Ikerketak beti idatziz eta modu zientifiko batean egin behar genituen; karrera bukatzean, lan egiteko beste modu bat jorratu nahi izan nuen, eta soziologian ikasitako teknikak nire lan metodo propiora aplikatu nituen”, adierazi du artista donostiarrak.
Koochakik argi zuen artaldea kudeatzeko tresnen errepresentazio bat egin nahi zuela eta horretarako idatzizko betiko txostenetik aldendu nahi zuela. Hala, Gipuzkoako artaldeen zintzarri hotsa grabatzea bururatu zitzaion. 2009an hasi, eta 2015ean amaitu zuen. Aralarren, Aizkorrin, Izarraitzen eta Ernion egin ditu grabaketak, besteak beste. “Batez ere herri lurretan erabiltzen dituzte zintzarriak, artaldea kontrolpean izateko”, azaldu du Koochakik. Zintzarria gero eta gutxiago erabiltzen dela adierazi du, gero eta itxitura eta pabiloi gehiago daudelako, eta horietan ez delako beharrezkoa artaldea kontrolatzeko zintzarriak erabiltzea.
Grabazioak egiteko hainbat oztopo aurkitu ditu Koochakik. Batetik, ez du beti lortu artaldea zein artzainena den identifikatzea, eta kasu horietan ez du grabaketarik egin. Izan ere, horixe zen bere buruari jarritako baldintzetako bat: artaldea zeinena zen jakitea. Bestetik, baldintzak ez ziren beti grabatzeko modukoak izaten. “Haize bolada handiak zeudenean, esaterako, ezin izaten nuen grabatu, nahiz eta dagoeneko mendian egon”.
Zintzarriarekin batera, txakurra da artzainak artaldea kontrolpean izateko erabiltzen duen beste bide garrantzitsu bat. Hori irudikatzeko, artzain txakurren lehiaketa bat filmatu zuen Koochakik, eta ikusgai dago hori ere erakusketan. “Artzain txakurren txapelketak ikuskizunak izaten dira: publikoa dago, eta artzaina plaza gizon bihurtzen da”.
Argazkilaritzan hasi zen
Koochakik beti jarri izan du begirada artearen munduan, eta Bilboko Artelekun eman zuen pausoa. Bertako argazki laborategia erabiltzen hasi zen. Testuinguru hartan, jende oso aktiboa ezagutzeko eta hainbat erakusketatan parte hartzeko aukera izan zuen. “Gutxika nire lanarengan konfiantza eta kontzientzia hartzen joan nintzen, eta bidea irekitzen hasi nintzen”.
Ikus-entzunezkoen munduan mugitzen da gehienbat: argazkiak, bideoak eta soinua. Dena den, ez du biderik ixten, eta bere burua artistatzat ikusten du gero eta gehiago. “Nire profila ez da argazkilariarena bakarrik, zerbait zabalagoa da”. Garai batean poesia ere idazten zuen, baina egun nahiko utzita dauka idazkuntzaren alorra. Beste proiektu batzuk ere baditu esku artean. Joan den astean Londresera joan zen, hiru hilabeterako. Delfina fundazioaren erresidentzian dago, erakusketa bat prestatzen. Banakako erakusketa izango da. Teheranen ateratako argazkiekin osatuko du erakusketa.
Zuri-beltzeko argazki analogikoak dira, hiriaren garapenaren ingurukoak. Iaz erakutsi zituen argazki batzuk Londresen, taldeko erakusketa batean. Oraingoan, material berria gehituko die iazko argazkiei, eta buelta bat emango dio erakusketari. Asfarroll du izena erakusketak; asfaltoa eta mugimendua adierazi nahi ditu izenak. Arte garaikideko Sophia museoan jarriko du ikusgai erakusketa, Londresen bertan.
Londresko erakusketa urruti samar geratzen zaie gipuzkoarrei. Igartubeitikoa, ordea, eskura dute. Zintzarri soinuz osatutako erakusketa bitxia, behintzat, bada. Museoa asteazkenetik igandera irekitzen dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Azaroaren 1etik aurrera, astegunetan goizez baino ez dute irekiko. Gainera, urriaren 14ra bitartean, Sagardo Astea ere ospatuko dute Igartubeitin. Eguna pasatzeko plan bikaina.
Leave a Reply