“Herriko sorkuntzari bide eta plaza zabalagoa emango nioke”

Eider Goenaga Lizaso

Idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da Jasone Osoro (Elgoibar, 1971). Iaz argitaratu zuen bere azken nobela, 12etan bermuta.

Nola deskribatuko zenuke Elgoibar?

Baditu oinarrizko ezaugarriak bertan kalitatezko bizitza dagoela esateko: kokapen estrategikoa du —hiriburuetatik gertu, kostaldea 12 kilometrora, mendiz inguratua—; industria garapen handia eta, ondorioz, baita lan eskaintza ere; zerbitzuak —era guztietako dendak, anbulatorioa, Mendaroko ospitalea oso gertu, kirol instalazioak, musika eskola…—, baditu tabernak eta terrazak eta baita kultur eskaintza ere, zinema, antzerkia, kontzertuak… Herriari lotuta erabiltzen den leloak dioen bezala, Bizi bizixa da Elgoibar.

Gauza asko aldatu al dira txikia zinenetik?

Asko aldatu dira, bai. Futbol zelaia zegoen lekuan supermerkatua dago orain, sekula imajinatuko ez nuen igerileku irekia; nire haurtzaroan industria herrian bertan kokatzen zen, eta gaur egun industrialdeak daude herritik kanpo, ortuak zeuden lekuetan etxebizitzak daude orain, badugu astekari bat euskara hutsez argitaratzen dena…

Elgoibarren ez balitz, Euskal Herriko beste zein herritan bizitzea gustatuko litzaizuke?

Donostian, dudarik gabe. Beharbada, bertan bizi izan nintzelako; eta oso oroitzapen ona daukat.

Eta Euskal Herritik kanpo?

Cadizko herri txikiren batean. Ikaragarri gustatzen zait hura. Bertako hondartzak, han dagoen argia, klima, flamenkoa… Alaitasuna, poza ematen dit hango giroak.

Elgoibarko zure toki kuttuna edo gogokoenetako bat?

Azken urteotan Kalegoen plaza edo Plaza Haundia. Toki ederra da, autorik gabekoa, frontoia dauka umeek jolasteko eta terrazak; adin guztietako jendea bertan elkartzen da. Gauza polita da adin mestizaje hori.

Elgoibarren kokatutako eleberri bat idazten jarrita, zein generotakoa litzateke?

Idazlearen arabera da hori. Nik uste bai Elgoibarren eta baita beste edozein tokitan ere koka daitekeela edozein generotako eleberri bat. Azken finean, istorioa pertsonaiek osatzen dute, eta Elgoibarren badaude nobela erromantikoak, zientzia fikziozkoak, poliziakoak, historikoak garatzeko makina bat pasadizo.

Elgoibarko tokiren bat edo pertsonaren bat izan al da inoiz zure lanetarako inspirazio?

Bat baino gehiago, bai. Boteprontoan gogoan daukat Ezekiel-en agertzen dela taberna bat Malape izena duena. Elgoibarren dagoen taberna bat da; gazteak ginenean hantxe orduak ematen genituen, eta orain ere gustura joaten gara.

Zer egingo zenuke zuk herrian, alkate bazina?

Ufa! Sortzaile asko dago Elgoibarren, eta inpresioa daukat arlo ekonomikoa askoz gehiago baloratu eta zaindu izan dela beti kulturala baino. Agian, horixe sustatuko nuke, kultur eragileen arteko elkarlana, egoitza bat sortuz, plataforma ezberdinak eskainiz, herriko sorkuntzari bide eta plaza zabalagoa emanez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.