Aitziber Arzallus
Aurki, kamioi astunek —3,5 tonatik gorakoek— bidesaria pagatu beharko dute N-1 errepideko Gipuzkoako zatia erabiltzeagatik. Eta horrek ez du atzera bueltarik. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak joan den astean aurkeztu zuen ordainketa sistema berria arautzen duen foru lege proiektua Batzar Nagusietan. Eta, EAJk eta PSE-EEk gehiengoa izanik, aurrera aterako dute, urtea bukatu aurretik. Hala, okerrik ezean, 2018ko urtarrilaren 1ean hasiko da martxan ordainketa sistema berria.
Bi helburu ditu Irun eta Etzegarate arteko zatia ordainpeko bihurtzeko egitasmoak: bata, kanpoko garraiolariak behartzea Gipuzkoako gaitasun handiko errepide horren mantentzean parte hartzera —3,5 milioi euroko gastua dauka urtean-; eta bestea, N-1 errepideko trafikoa arintzea, AP-1era eta AP-8ra desbideratuta. 12.000 kamioik baino gehiagok erabiltzen baitute N-1 errepidea egunero; %60 atzerrikoak dira.
Egitasmoaren helburuetan bat datoz alderdi guztietako ordezkariak; ez, ordea, hura aurrera ateratzeko moduan. “Zergatik orain bai eta guk proposatu genuenean ez?”, galdetu du Iban Asenjo EH Bilduko batzarkideak. Haren esanetan, orain EAJk aurkeztu duena aurreko legealdian EH Bilduk proposatu zuen Arkupe egitasmoan dago oinarrituta. Baina, ordukoan, bai EAJk eta bai PSE-EEk proposamen haren kontra egin zuten. “Orain ikusten duguna da bazegoela konponbidea duela hiru urte jartzea, eta nahita atzeratu zutela, EH Bilduren gobernua eta haren kudeaketa zigortzeko helburu bakarrarekin”.
Oiarbidek bestela pentsatzen du, bi proiektuek ez dutela zerikusirik batak bestearekin. Teknologia antzerakoa dela dio, baina sistema erabat desberdina dela. “Arkupe sistemak planteatzen zuen bidesaria Gipuzkoako gaitasun handiko errepide guztietan jartzea, guztira hamar puntutan, ibilgailu astunentzat eta arinentzat. Guk N-1 errepideko ardatza bakarrik hartu dugu, Irun eta Etzegarate artekoa, eta, gainera, bidesari sistemak ibilgailu astunei bakarrik eragingo die”.
N-1eko bidesarirako hautatutako sistemak AT du izena, eta free flow teknologian dago oinarrituta: ibilgailuek ez dute gelditu beharrik izango ordaintzeko. Bide seinaleei eusteko moduko arkuak jarriko dituzte, eta horien gainean egongo dira ibilgailuen identifikaziorako gailu elektronikoak. Hiru lekutan egongo dira arkuok, joan-etorriko norabideetan: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Gisa horretara, asmoa da kanpotik datozen garraiolariek ere errepide horren mantentzeari beren ekarpena egitea.
Europako zuzentarauen arabera, ordea, ezin da diskriminaziorik egin bertako eta kanpoko kamioilarien artean. Beraz, Oiarbideren hitzetan, ezin dute ipini ordainleku bat Irunen eta beste bat Etzegaraten: “Horrela pasoko trafikoa bakarrik harrapatuko genuke, eta batez ere kanpoko garraiolariak zigortuko genituzke”. Hori saihesteko, erdibidean beste ordainleku bat jartzera behartu ei ditu Europako legediak. “Horregatik planteatu dugu Andoainen beste ordainleku bat jartzea, bi kilometroko tarte bat hartuko lukeen minimo bat, bidesari sistemak bertako trafikoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan. Tarte horregatik ordaindu beharrekoa ez litzateke euro batera iritsiko”.
Egindako kalkuluen arabera, urtean 7,5 milioi euro bilduko dituzte AT sistemaren bidez. Gastuak kenduta 3 milioi euro inguruko etekinak izango dituztela kalkulatu dute. Aldundiak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du sistema martxan jartzeko, eta 7 eta 8 milioi euro jarri behar ditu sistemaren ohiko mantentzerako. Gaur egun, 3,5 milioi euro inbertitzen ditu errepidea mantentzeko: bidesaria martxan jartzean, diru hori beste zeregin batzuetara bideratu ahal izango du, Oiarbideren esanetan.
Oraindik ez dago zehatz-mehatz aurreratzerik garraiolariek zenbat ordaindu beharko duten zati bakoitzagatik, tarifak Batzar Nagusietan onartu beharko baitituzte. Baina, itxura guztien arabera, zati osoa —Irundik Etzegaratera— egiten duenak 10 euro inguru ordaindu beharko ditu; Irundik bakarrik edo Etzegaratetik bakarrik pasatzen denak, 3,5 euro inguru; eta Andoaindik bakarrik pasatzen denak, euro bat inguru.
Behin lege proiektua Batzar Nagusietan aurkeztuta, hari emendakinak egiteko aukera izango dute orain gainontzeko alderdiek. Asenjok EAJren jarrera kritikatu du: “Gu proposamen bat egin aurretik bildu ginen Batzar Nagusietako talde guztiekin; gurekin, berriz, inor ez da bildu oraindik. Dena dela, arduraz jokatuko dugu, eta proposamena ondo aztertu eta gure ekarpenak egingo dizkiogu. EAJk eta PSE-EEk gure ekarpenekiko zer jarrera duten ikusi ostean erabakiko dugu egitasmoaren alde edo kontra bozkatu”.
Garraiolariak, haserre
Hiru garraiolarien sindikatuak gaizki hartu du N-1 errepidean bidesari sistema jartzeko proposamena. Eta gezurretan aritzea egotzi dio Oiarbideri, uste baitu hark iragarritakoaren kontrakoa gertatuko dela: garraiolari gipuzkoarrak izango direla kaltetuenak. “Matematika kontua da”. Hori azaltzeko, adibide gisa, Beasain eta Altsasu (Nafarroa) arteko zerbitzua egiten duen garraiolari baten kasua jarri du. “Egunean zortzi joan-etorri egiten baditu, hamasei aldiz igaroko da Etzegarateko arkuaren azpitik. Ondorioz, egunean 60 eurotik gora ordaindu beharko ditu. Kanpoko garraiolari batek, aldiz, gehienera ere astean bitan igaroko du arku hori”.
Baina horretan bakarrik ez; Hiruren iritziz, Oiarbide oker dago sistema berriak N-1 errepideko trafikoa arinduko duela dioenean ere. “Garraiolariek eurentzako prestatutako zerbitzu sarea behar izaten dute inguruan, gasolindegi espezializatuak, tailer bereziak… horiek guztiak N-1 errepidean daude, eta ez AP-1ean”.
Leave a Reply