E. Goenaga Lizaso
Gipuzkoa osoko zaborrak berriro ere Goierrira eramango dituztela-eta, minduta mintzatu da Aitor Aldasoro Beasaingo alkate eta Sasieta Mankomunitateko lehendakaria. “Lehen ere, 2009tik, ia Gipuzkoa osoko zaborrak hemen jaso ditugu, Sasietako zabortegian, eta orain, Sasieta itxi ostean, berriro ere zaborrak hemen jasotzea… Alukeria galanta da. Eta Sasieta bezala gure haserrea agertu dugu horregatik”.
Horren segidan, baina, Sasieta Mankomunitateak ezer egiterik ez duela gaineratu du. “Mankomunitateko hiru herriri, Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegiri kalte egiten die, batez ere Ormaiztegiri; eta neurri horretan gure babesa izango dute. Indarra egingo dugu zabortegiak herri horiei ahalik eta kalte gutxien egin diezaien. Baina esleipen pribatu bat da, eta Sasietak hor ez dauka ezer egiterik”.
Zabortegi bat inguruan izatea ez dela inoren gustuko azaldu du Aldasorok. Izan ere, Aldasororen hitzetan, Europak zehazten dituen irizpideen arabera hondakinen kudeaketan aukera txarrena da zabortegia, eta horren aurretik dago erraustegia. Baina, errauste planta eraiki bitartean, Gipuzkoak sortzen dituen hondakinentzako irtenbidea behar zela nabarmendu du, eta, gustuko izan ala ez, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lehiaketa publiko bat egin zuela eta enpresa pribatu bakarra aurkeztu zela. “Lurpe zabortegia kudeatzen duen Cespa enpresak baldintza guztiak betetzen ditu, ingurumen eta jarduera baimen guztiak ditu, eta lehiaketara aurkeztu den bakarra da. Goierrin dago, eta ez zaigu gustatzen, baina ezin da ezer egin”. Sasieta Mankomunitatearen iritziak auzi honetan duen balioa “Zarauzkoak edo Debagoienekoak izan dezaketenaren parekoa” dela dio.
Hala ere, Gipuzkoak bere zaborrak kudeatzeko arazo larria duela eta errefusa Kantabriara (Espainia) eramatea ez dela konponbide ona uste du Aldasorok. “Gainkostu izugarria du horrek, bai ekonomikoki eta bai ingurumenari begiratuta, eta, gainera, hondakinak hara eramateko ituna hurrengo urtean bukatuko da. Beraz, premia zegoen irtenbide bat emateko”.
Gipuzkoan zabortegi guztiak itxita, eta berriak irekitzeko aukera baztertuta, GHKri aukera gutxi gelditzen zitzaiola uste du Sasietako lehendakariak. “Izan ere, zaborra hor dago; guk sortutako zaborra da, eta horri guk eman behar diogu irtenbidea. Gipuzkoar bakoitzak egunean kilo bat zabor sortzen du, eta hori ezin dugu ahaztu”. Jendeak, askotan, planteamendua atzekoz aurrera egiten duela uste du Aldasorok. “Askori ahoa betetzen zaie esanez ‘hau ez dugu nahi’ eta ‘bestea ez dugu nahi’. Kontua da zaborra hor dagoela, eta galdera da: behin sortu ondoren, zer egin behar dugun zabor horrekin? Errauste planta da aukera txarren artean onena; zabortegiak are okerragoak dira”.
Leave a Reply