Erik Gartzia
Ile apaindegia, kiroldegia edo denda bat. Egunerokoan bisita daitezkeen tokiak dira. Norbere ingurunearen parte dira toki horiek. Atzegi elkartearen aurtengo sentsibilizazio kanpainaren xedea bakoitzaren ingurune hori osatzen duten pertsonak dira. Astelehenean aurkeztu zuten #kaleatzegizale izeneko kanpaina.
Izenak berak dioen bezala, kalean, modu anonimoan, “atzegizale” jarrera dutenei aitortza egin nahi diete, eta, bide batez, pertsona horien jarrera gainontzekoentzako eredugarri izatea. “Edozein pertsona izan daiteke kaleatzegizalea“, adierazi du Patricia Aiok, Atzegiko Elkartekintza eta Familia Laguntza zerbitzuko arduradunak. “Inguruneari buruz hitz egin nahi genuen guk. Badakigu adimen urritasuna duten pertsonentzat ingurunea oso garrantzitsua dela, positiboa izan ala ez”.
Aurtengo sentsibilizazio kanpainarako bi bideo egin dituzte, adimen urritasunen bat duten bi lagunekin. Lehenengoa kiroldegi batera joaten da, eta ile apaindegira bestea. Bideo bakoitzaren lehenengo zatian jarrera ez-atzegizale bat agertzen da; bigarrenean, berriz, positiboa. “Ile apaindegian, kiroldegian edo beste hainbat tokitan lan egiten dutenen esku dago zerbait egitea. Beste pertsonekin erlazionatzen diren bezala, adimen urritasuna dutenekin erlazionatzea zailagoa izaten da. Batzuetan, beldurragatik ez dugu ezer ere egiten. Keinu txiki baten bidez zerbait egiten baduzu, haiek asko eskertzen dute”, azaldu du Aiok. Gaineratu du keinu txiki horiek izan daitezkeela irribarre bat, haiekin hitz egitea edo zalantzaren bat argitzen laguntzea.
Kalean aurki daitezkeen boluntarioei ez ezik, Atzegiren boluntario sareari ere aitortza egingo diote kanpainaren bitartez. “300 bat boluntariok hartzen dute parte aisialdi zerbitzuan”, gogorarazi du Aiok. “Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu urte osoan. Ehun lagun baino gehiago joaten dira oporretan, eta beste hainbeste lagunek hartzen dute parte beste ekintza batzuetan”.
Eskualdeetan aurkezpen ekitaldiak egingo ditu Atzegik. Asteartean hasi ziren, Azpeitian; atzo Eibar eta Irunen izan ziren, eta hilaren 30era arte iraungo du sentsibilizazio kanpainaren aurkezpen faseak. Eskualde bakoitzean prentsaurreko edo ekitaldi txiki bat egingo dute, mezua zabaltzeko edo kanpainari buruz hitz egiteko. Datorren asteartean, kanpainako ekitaldi nagusia egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30etik aurrera. “Urtero egiten dugu, kanpainari bultzada bat emateko, eta familia guztiekin elkartzen gara”, esan du Aiok. “Bertan beste adibide batzuk ezagutarazten ditugu, ikasturte honetan zer egingo dugun azaltzen dugu eta abar. Finean, pertsonak dira protagonista nagusiak, eta kaleatzegizaleak ere bai. Horrez gain, antzerkia, musika eta argazkiekin osatutako bideo emanaldi bat ere izango dira bertan, bestek beste”. Ekitaldi irekia izango da, eta gonbidapena jaso nahi duenak elkartearen egoitzara deitu beharko du (943-42 39 42).
Argazki bila
Beren mezua eskualdez eskualde hedatzearekin batera, argazkiak ateratzeko markoa eramango dute gainean. Kanpainaren leloa du idatzia, eta aurkezpen egun horietan ez ezik, ikasturteko gainontzeko faseetan ere izango da markoarekin argazkiak ateratzeko aukera. “Ahalik eta argazki gehien bildu nahi dugu”, esan du Aiok. “Lau marko ditugu, baina horiek gabe ere argazkiak ateratzeko aukera egongo da”, iragarri du. Txartel handiak eta pinak prestatu dituzte, eta horiekin ateratzeko aukera ere egongo da. Guztiak Whatsapp bidez —609-70 37 06 telefonora bidalita—, edo Instagram, Facebook edo Twitter bidez jasoko dituzte www.atzegi.org/kaleatzegizale atarian. Kanpainari ikusgarritasun handiagoa emate aldera, Gipuzkoa osoan 8.000 kartel baino gehiago jarri dituzte, tartean 128 kartel handi markesinetarako.
Leave a Reply